Gobernu digitalean aurrera egiteko EJIEren “eginkizun protagonista” nabarmendu du Lehendakariak

2022-11-29
  • Eusko Jaurlaritzaren informatika elkartearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Urkulluk EJIEren lana azpimarratu du digitalizazioaren bidean “beharrezko teknologia hornituz”
  • Lehendakariak azpimarratu du inor baztertu gabeko bidea izango dela, teknologia eta digitalizazioa “desberdintasunen aurkako borrokarako eta herritarren partaidetzarako motor” bihurtuko dituena
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik eskerrak eman dizkie EJIEri eta bere langileei “Eusko Jaurlaritzak funtziona dezan” egin duten lan diskretu baina funtsezkoagatik.
  • Garamendi: Inork imajina al dezake Eusko Jaurlaritza ordenagailurik gabe? Ziur ezetz. Nik ere ezin dut imajinatu EJIErik gabeko Eusko Jaurlaritzarik

Euskadin eraldaketa teknologiko eta digitalaren prozesua bultzatzeko EJIEk duen eginkizun garrantzitsua nabarmendu du Iñigo Urkullu Lehendakariak, beti ere Administrazio publikoaren eta herritarren arteko harremana hobetzeari begira, zerbitzu publiko hobea lortzeko eta pertsonei bizitza errazteko. Urkulluk Eusko Jaurlaritzaren informatika elkartearen lana eta kudeaketa aurreratuaren eredua aitortu ditu, zerbitzu publiko digitalei eta horiek ahalbidetzen duten komunikazioari kalitatea, jarraitutasuna eta segurtasuna eskainiz.

Urkullu Gasteizko Azukarera eraikinean izan da gaur EJIE sortu zela 40 urte bete direla ospatzeko ekitaldian eta ondoan izan ditu Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburua, Jokin Bildarratz eta Bingen Zupiria Hezkuntza eta Kultura Sailburuak, hurrenez hurren, Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko Presidentea, Polentzi Urkijo Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordea eta Asier Saez de Vicuña informatika elkarteko zuzendari nagusia. EJIEko langileek eta Administrazio Kontseiluko egungo eta iraganeko kideek ere parte hartu dute ekitaldian.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, EJIE eraldaketa teknologikoaren eta digitalizazioaren bidean beharrezkoak diren oinarriak ematen ari da. “Ezin gara konformistak izan, zerbitzu gehiago eta hobeak behar ditugu, bai herritarrentzat, bai Administrazioarekin ohiko gestioak egin behar dituzten enpresentzat”, azaldu du. Ildo horretan, gaineratu du digitalizazio osoa lortzeko apusturik egiten ez duen herrialde bat ezin dela lehiakorra izan, eta ohartarazi du Administrazioa ezin dela atzean geratu alor horretan. Halaber, gogorarazi du eraldaketa teknologikoarena, erronka demografikoarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian dituen erronka handienetako bat dela.

Eten digitala

Urkulluk ohartarazi du digitalizaziorako bidea “inor baztertu gabe egin behar dela, teknologiarekin harremanetan jartzeko duen gaitasunagatik atzean inor utzi gabe”. Halaber, azpimarratu du teknologia eta digitalizazioa gizarte desberdintasunen aurka borrokatzeko “motorra izan daitezkeela eta izan behar dutela, herritarren parte hartzea bultzatuz”.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie EJIEko langileei, -“teknologiaren esploratzaile” direla esan du- joan den mendeko 80ko hamarkadaren hasieran teknologiaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren aldeko apustua egin zutelako eta EJIEren oinarriak jarri zituztelako. Eskerrak eman dizkie 40 urte hauetan enpresa publikotik pasa diren langile guztiei (505 pertsona), “erakutsi duten ezagutzagatik eta egindako lan onagatik”.

EJIEren kanpoko proiekzioa

Lehendakariak adierazitakoaren ildo beretik, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak EJIE “anonimotasunetik” eta ikusezintasunetik ateratzearen aldeko apustua egin du, bere aburuz lana eta funtzioa kanpora proiektatu behar delako. “Gure lurraldean bizi diren pertsonen bizitza hobetzeko ezinbestekoa den heinean, bere markaren balioa indartu behar du orain”, esan du EJIEri erreferentzia eginez. Horregatik, sailei, erakunde autonomoei eta enpresa publikoei EJIEra “gerturatzeko” gonbita egin die.

Eusko Jaurlaritza osoak “funtziona” dezan EJIEk egin ohi duen lana goraipatu du Garamendik, eta azpimarratu du, hasieran, enpresa publiko horrek etorkizuneko ikuspegi zabala zuten pertsonak zituela. “Norbaitek imajina al dezake Eusko Jaurlaritzarik ordenagailurik, sistemarik, garapenik edo aplikaziorik gabe? Seguru ezetz. Nik ere ezin dut imajinatu EJIErik gabeko Eusko Jaurlaritzarik”, gaineratu du informatika elkartea atxikita dagoen Saileko Sailburuak.

5 iruzkin
  • @AsierAres
    2022-12-02

    Comentario de Twitter:
    RT @EJIE_eus: https://t.co/8z0HTWyFf0

  • @EJIE_eus
    2022-12-01
  • @InForenses
    2022-11-30

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari destaca el “rol protagonista” de la sociedad informática EJIE para avanzar ... - Irekia https://t.co/XWPrd4wQmu

  • @escudata
    2022-11-30

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari destaca el “rol protagonista” de la sociedad informática EJIE para avanzar ... - Irekia https://t.co/mPBDRKmYCC

  • @gananzia
    2022-11-30

    Comentario de Twitter:
    "Yo tampoco puedo imaginar un Gobierno Vasco sin Ejie", dice @garamendiol https://t.co/qNj1AHVcZ5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak