Javier Hurtado sailburua: “Eraldaketa digitala gure bezeroei zerbitzu eta esperientzia hobeak ematen lagunduko digun aliatu gisa ikusi behar dugu”

2022-11-28

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburuak, gaur, Digitalteken hirugarren edizioa inauguratu du; foro horrek enpresen eraldaketa digitalari heldu eta sariak ematen dizkie, zenbait kategoriatan, enpresa berritzaileenei.

Sailburuak gogorarazi du iraultza digitala oso bizkorra eta geldiezina izan dela eta, hala, prozesuak hobetzen lagundu duela eta negozioen bilakaera bizkortu duela, eta hark eremu guztietan duela eragina, baita turismoan eta merkataritzan ere. Esate baterako, turistek helmuga bat aukeratzen dutenean, hala nola EAE, Internet, dagoeneko, informazio-iturri nagusia da, sare sozialak barne. “Gainera, turisten % 86k zerbitzu motaren bat erreserbatzen dute bidaia egin aurretik, erreserben zentral baten bidez, dela web bitartez dela aplikazio espezifikoen bitartez”.

Eraldaketa digitala beharrezko aliatu gisa ikusi behar dugu, eta ez etsai gisa. Digitalizazioak ez gaitu zerbitzuak murriztera eraman behar, baizik eta erabiltzailearentzako arreta sendotzera, esperientzia hobea eskaintzeko; izan ere, hura da gure establezimenduaren arrakastaren ardatz”.

Eta hura oso argi ikusten da, era berean, merkataritzan, Sailburuak azaldu duenez, pandemiaren aurretik ere eredu-aldaketa bati egin behar izan baitzion aurre. “EAEko merkataritzan, orain, 2 joera argik egiten dute bat: digitalizaziorako joera eta kanalitate orotako testuingurua, kontsumitzaileen ohitura berrien eta berrikuntza teknologikoaren emaitza. Eta berriro tokiko merkataritzara erakartzen gaituen beste joera bat, biztanleen zahartzearen eta auzoko merkataritzak duen garrantzia ulertzearen (pandemiak areagotua) ondorio. Hurbileko merkataritzaren rol sozial berrirako bidea zabaldu da, eta ereduaren ezinbesteko eraldaketa horrekin konbinatzen jakin behar dugu”.

Sailburuak nabarmendu du errealistak izaten jakin behar dugula; izan ere, merkataritzan eraldaketa digitalaren bidea luzea da eta ahalegin handia eskatzen du. Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren datuen arabera, EAEren errealitatea da saltokien % 31 ez daudela oso digitalizatuta; mistoen taldean daude gehienak, % 64,5, eta eraldaketa digital handienari ekin diotenak % 2,5 dira, baina gero eta gehiago dira. EAEko txikizkako saltokien % 11,6k dio online salmentak egiten dituztela.

“Oraindik lan, laguntza eta sustapen handia dugu egiteko eraldaketa digitalerako. Eta lan hori partekatu egin behar dugu, banako eta taldeko erantzukizuna eta administrazio publikoena baita; eta, jakina, gure toki-merkataritza bultzatzeko neurriak zabaltzen jarraitu behar dugu, haien garapena eta eraldaketa sustatzeko. Digitalizazioa aipatu dudan aliatu gisa eta haien zerbitzuak eta bezeroentzako arreta hobetu dezakeen bitarteko gisa ikusi behar duten merkatari eta enpresen beren garapena eta eraldaketa sustatzeko. Eta gu guztion erantzukizuna ere behar da, kontsumitzaile garen aldetik. Ezin gara kexatu gure auzoko saltokiek ixten dutelako, zergak hemen ordaintzen ez dituzten plataforma digitalaletan klik baten bidez erosketak egiten ditugun bitartean. Kontziente izan behar dugu gaur hartzen ditugun erabakiek eraiki nahi dugun gizartea zehaztuko dutela”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak