Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak 1993an ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea Asla sarjentu nagusia omendu du

2022-11-26
  • Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren omenaldi-ekitaldien barruan egin da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren urtero banaka egingo ziotela aitorpen, oroimen eta omenaldi ekitaldia ETAk hildako ertzain bakoitzari
  • Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak, Ertzaintzaren burutzako kideekin eta Joseba Goikoetxearen lankide, familiarteko eta senideekin batera, omenaldi hunkigarria egin diote gaur Erandion, hil zeneko 29 urteurrena betetzen denean. Omenaldian Ertzaintzaren buruak esku hartu du, eta, horrez gainera, hitz hunkigarriak esan ditu Inteligentzia Bulego Nagusiko burua den Jon Ziarsolok, ohorezko aurreskua dantzatu dute eta lore-eskaintza egin dute Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian bere oroimenez instalatuta dagoen harri zuri handi batean jarritako plakaren ondoan.

Joseba Goikoetxea sarjentu nagusia 1993an hil zuen ETAk, azaroaren 22an, semea eskolara eraman eta gero lantokira zihoanean. Bilbon autoa gidatzen ari zenean, gorrian zegoen semaforo batean gelditu zen, eta une horretan leihotik tiro egin zioten semearen aurrean, baina hau ez zuten zauritu.  Ospitalera bizirik iritsi zen arren, handik lau egunera hil zen.  

Konpromisoa Memoriarekin

Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura” arautzea.

ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin ziren agenteei Ertzaintzak proposatu die minutu bateko isilaldia egitea euren lanpostuetan. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.

Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).
Iruzkin bat
  • @TribunaLibreES
    2022-11-26

    Comentario de Twitter:
    el primer domingo del mes de junio, para recordarles de manera conjunta

    🎤 DECLARACIONES EN IREKIA: https://t.co/4h1Fm5p9V6

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak