Agustin Markaide Soraluce, Iñaki Latxaga Bengoetxea eta Fernando Martinez Bujanda dira 2022ko Gonzalo Nardiz Sariak

2022-11-25
  • Sari horrek Eusko Jaurlaritzako lehenengo Nekazaritzako sailburuaren izena darama, eta 2003. urtean hasi zen ematen. Bi urtez behin egiten da, pandemiaren ondorioz 2020ko etenaldiarekin.

  • Euskadiko nekazaritzako elikakateko eta landa-inguruneko lanbide- eta enpresa-ibilbide eredugarriak saritzen dira.

Agustín Markaide Soraluce (elikaduraren sektorea), Iñaki Latxaga Bengoetxea (arrantzaren sektorea) eta Fernando Martínez Bujanda (nekazaritzaren sektorea) dira 2022ko Gonzalo Nardiz saria eskuratu dutenak. Iñigo Urkullu lehendakariak entregatuko die hurrengo abenduaren 13an Araba Parke Teknologikoan egingo den ekitaldi batean.

Sari hori 2003. urtean hasi zen, eta Eusko Jaurlaritzako lehenengo Nekazaritzako sailburuaren izena darama. Deialdia bi urtez behin egiten da, eta balioa ematen zaie, batik bat, Euskadiko lehen sektoreko, nekazaritzako elikakateko eta landa-inguruneko lanbide-ibilbide eredugarriei.

Hautagaitza bakoitzak, gutxienez, Euskadiko bi eragile sektorialen babesa du, eta memoriarekin batera doa, proposatutako pertsonaren edo taldearen lanbide‑ibilbidea zehatz-mehatz adierazteko. Bereziki aipatzen dira, eraginagatik eta garrantziarengatik, hautagaitzari berezitasuna ematen dioten alderdiak.

2022an SARITUTAKOAK

Agustín Markaide Soraluce

Eroski taldean elikagaien banaketa-sektorean egindako lan garrantzitsua dela eta eman zaio saria. Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduraren sektoreko balio‑katea berritzen eta garatzen eta bertako produktuak babesten inplikazio handia izan du.

Fernando Martínez - Bujanda

Nekazari gisa bere lanbide-ibilbide luzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan olibondo-labore historikoaren balioa berreskuratzeko lana saritu da. Gainera, elkartasunezko proiektuetan parte hartu du, eta zenbait GKErekin lankidetzan aritu da.

Iñaki Latxaga Bengoetxea

Sariak balioa ematen dio pertsona ekintzailearen ereduari. Bere bizitzan arrantza-enpresa txikia Albacora talde bihurtu du, eta gaur egun atunaren arloan munduko liderra da. Enplegua mantentzearen eta eremuan errotuta gelditzearen aldeko apustua egin du, eta, gainera, arrantza-teknikak eta itsasontzietan baldintzak hobetu nahi izan ditu.

NARDIZ SARIAK

Gonzalo Nardiz Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo Nekazaritzako sailburua izan zen, bai eta 1936ko urriaren 7an osatu zen José Antonio Agirreren gobernuko kiderik gazteena ere. Orduan, 31 urte zituen, eta dagoeneko izan zen Bermeo jaioterriko zinegotzi, Bizkaiko Aldundiko kudeatzaile eta Bizkaiko Defentsa Batzarreko Horniduraren komisario.

Sailburu gisa egon zen denboraldian, Nardizen ardurapean egon ziren abeltzaintza, basoak eta mendiak. Bere lanaren helburua izan zen Euskadin autohornikuntza-mailarik handienetara iristea, herrialdeko abere- eta baso-aberastasuna kontserbatzeaz gain. Horretarako, berak hartutako neurri bat izan zen aurretiaz baimendu gabe ez ehizatzea eta zuhaitzak ez moztea.
Sailean buru izan zen bitartean, albaitaritzako arauak aldarrikatu zituen, eta atzerapenak eman zizkien errentariei eta lurren laborariei errentak ordaintzeko orduan, lurrak gerra-eremuetan bazeuden.

1939an tropa frankistek irabazi ondoren, Gonzalo Nardiz, Gobernuko gainerako kideekin batera, erbesteratu behar izan zen. Erbestealdia 40 urtez luzatu zen. Egoitzak Parisen, Mexikon eta, 1946az geroztik, Donibane Lohizunen izan zituen. Erbestean Eusko Jaurlaritza desegin ostean, Gernikako Estatutua onetsi zenean, Gonzalo Nardizek jarduera politikoa urrunetik ikusi zuen. Bilbon hil zen 2003ko urriaren 25ean, 97 urte zituela.

Nardiz saria eskuratzen dutenek Jabier Herrero Arabako artistak beren-beregi sortutako artelana jasotzen dute. Argizari galduaren bidez brontzez galdatutako eskultura bat da. Haritz-oinazpikoaren gainean kokatzen da, eta aulki baten gainean oinaren irudia, egonkortasunaren ikurra, adierazi nahi da. Horrez gain, oinarrizko hiru elementu aipatzen ditu: Lurra, Itsasoa eta Airea.

AURREKO EDIZIOETAKO SARITUAK

  1. urtea

Arrantza: Paulino Lucio. AZTIko ikertzailea. Aipamen berezia: Simón Sesma.

Nekazaritza: Pedro Pérez de Villareal. Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Elkartearen (UAGA) eta Aguraingo Zereal Kooperatibaren bazkide fundatzailea. Aipamen berezia: Joxe Larrea.

  1. urtea

Arrantza: José María Azkue. Arrantzalea, ontzi-ustiatzailea, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien burua.

Nekazaritza: Sabino Irulegi. Nekazaritzako asoziazionismoaren eta kooperatibismoaren sustatzailea.

  1. urtea

Arrantza: José Ignacio Espel Fernández. Zenbait erakunde publikotik Euskadiko arrantza-ontzidiaren interesen defendatzailea.

Nekazaritza: José Etxebarria Urruria. Baratzezain eta frutazain berritzailea.

Aipamen berezia: Luis María Biteri Gonzalez de Mendibil. Esnetako ardi‑sektorean berritzailea.

  1. urtea

Arrantza: Benito Portuondo Astuy. Atunaren ontzi-sustatzaileen eta arrantzaleen munduan pertsona nabarmena.

Nekazaritza: Felisa Galdós Sáenz de Buruaga. Arabako nekazaria, ustiategiek emakumeen titulartasuna izateko orduan aitzindaria.

  1. urtea

Nekazaritza: Tomás Larrañaga, nekazaritza ekologikoan aitzindaria.

Arrantza: Victor Badiola, itsas zabaleko arrantzaren sektoreko ordezkaria.

Elikadura: Artzain Gazta, gazta ekoizten duten artzainen elkartea.

  1. urtea

Nekazaritza: KAIKU sozietate kooperatiboa.

Arrantza: ANABAC, Atun Itsasontzi Izozkailuen Ontzi-ustiatzaileen Elkarte Nazionala.

Elikadura: Bacalao Giraldo.

  1. urtea

Nekazaritza: Alfredo Montoya, Nekazaritzako Kooperatiben Federazioa.

Arrantza: Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioa.

Elikadura: Conservera Hijos de Serrats.

 

  1. urtean ez ziren egin, COVID-19aren pandemiak sortutako osasun‑egoeraren ondorioz.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak