Berriak
Eu

The Climate Group sareko Estatu eta Eskualdeen Aliantzaren europar presidentekide izendatuko dute bihar lehendakaria

2011.eko azaroak 22

Bihar asteazkena, azaroak 23, izango den The Climate Group sarearen Batzar Orokorraren barruan, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak parte hartuko dute Patxi Lopez lehendakaria ordezkatuz, The Climate Group sareko Estatu eta Eskualdeen Nazioarteko Aliantzaren Europarako presidentekide ofizialki izendatuko duten lehendakaria ordezkatuz.

Bideokonferentzia bidez gauzatuko da Batzar Orokor hori, eta badirudi aurrerantzean aukera hori lehenetsi behar dela Batzar presentzialaren aurretik, gastu publikoa aurrezteko eta modu eraginkorragoan baliatzeko ageriko arrazoiak tarteko, bizi dugun zorroztasun fiskal orokorreko testuinguru honetan. Klima-aldaketaren aurkako borrokan egiten den ekarpena ere ahaztu gabe, jakina.

Europar Batasuneko Euskadiko Ordezkaritzaren babesa dutela, klima-aldaketaren eta energiaren alorrean Eusko Jaurlaritzak dituen ekimen berritzaile batzuk aurkeztuz parte hatuko dute bideokonferentzia horretan Eusko Jaurlaritzaren sailburuek.

Karbono gutxiko ekonomia bat eratzeko ekimen horien garrantzia zehaztuko dute, horixe baita ekonomia garatu baten helburua, hala nola Euskadirena.

Lehenik, Industria sailburu Bernabé Undak 'Iraultza Garbia' iristeko funtsezko hiru alderdi izango ditu hizpide, hala nola euskal esperientzia partenariotza publiko-pribatuak sortu eta sendotzeko, beste gobernu batzuentzat adibide izan litezkeen proiektu arrakastatsuak eman dituztenak, S&R Alliance erakundeko kideekin elkarraldi bat egiteko aukera 2012ko Europako Hiriburu Berdean, hau da, Gasteizen, Rio+20 bileran estrategia bateratu bat prestatzeko, eta, azkenik, S&R Alliance erakundearen barruan itsas energien garapena aztergai duen talde bat eratzea, Euskadi bereziki aurreratua baitago diziplina horretan.

Bestalde, Ingurumeneko sailburuak funtsezko hiru ekimen nabarmenduko ditu Euskadiren lidertza sendotzeko ekonomia iraunkor baten garapenean. Alde batetik, ekodiseinuko Basque Ecodesign Center aipatuko du, Europako Hegoaldean sortuko den horrelako lehenengo zentroa, alegia. Unzaluk zehaztuko duenez, zentro horren ekarpena erabakigarria izango da Euskadi ekodiseinuan eskualde aurreratu eta Europar Batasunean erreferentzia bihurtzeko, arlo horretan punta-puntako jakintza lortzea eta aplikatzea ahalbidetuko duen enpresen eta zentroen arteko lankidetzaren bidez.

Ondoren, sailburuak EcoEuskadi2020 estrategia aipatuko du, helburutzat garapen iraunkorra eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea duena, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-arloko ardatzetan oinarrituta CO2ko emisio gutxiko ekonomia bat lortzeko. Bere mintzaldiaren azken zatian laburki azalduko du Klima Aldaketaren Euskal Legea, Euskadi Garapen Iraunkorrean eskualde liderra izango baita lege horri esker, ekimen berritzaileak ekarriz, hala nola kontratazio publiko berdea, administrazio publiko guztien obligazioa klima-aldaketaren aurkako borroka-planak lantzeko eta Administrazio guztien erantzukidetasuna karbono-aurrekontuak deiturikoen bidez, besteak beste.

https://www.irekia.euskadi.net/eu/events/8163

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Patxi López
    Lehendakaria (IX legealdia)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)