Berriak
Eu

Mendia: «Lehendakariak herri hau gidatzen jarraituko du»

2011.eko azaroak 22

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak lehendakariak buruan «Euskadi aurrera ateratzea bakarrik» duela nabarmendu du

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldia amaituko du hasieran jarritako erronkak betetzeko; izan ere, horietako batzuk, terrorismoaren amaiera kasu, «betetzeko bidean dira jada» gobernu bozeramailearen ustez. Mendiak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak lanean jarraituko du «herritar guztiak bakean elkarrekin bizi daitezen, krisi ekonomikotik indartuta irteteko eta langabeziarekin amaitzeko». «Baten batzuk hauteskunde aurrerapenari buruz hitz egitearekin itsututa daude, baina Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran zituen sostengu berdinak ditu oraindik ere, eta lehendakariak berak ere hasierako helburu berdinak mantentzen ditu», nabarmendu du gobernu bozeramaileak. Hortaz, argi eta garbi utzi du Patxi López lehendakariak «herri hau gidatzen» jarraituko duela.

Igandeko hauteskundeetan izandako emaitzak ere izan ditu hizpide gaur goizean Idoia Mendiak. Nabarmendu duenez, Mariano Rajoy Espainiako hurrengo presidenteak, «ordezkari instituzionala den aldetik, herritarrek aukeratutako ordezkari guztiekin izan beharko lituzke harreman instituzional formalak». Espainian bizi den «kontraesana» ere salatu du Mendiak, «Konstituzioaren aurkakoak diren ideiak dituzten beste alderdi politiko batzuk izan badirelako eta horiekin harremanak izan badituztelako ordezkari instituzionalek».

Idoia Mendiak Gobernu Kontseiluaren ostean Lehendakaritzan (Gasteiz) egin ohi den prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok. Aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritza aurki Espainiako presidente berriarekin bilduko da «herrialdearen erronkei aurre egiteko moduei buruz ditugun irizpideak elkartrukatzeko».

Kultura Bonua

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurtengoan Gabonetan ere Kultura Bonua indarrean jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako 660.000 euroko diru saila gordeko du; hau da, 44.000 bonu saltzeko beste.

Kultura Bonu bakoitzak 25 euroko prezioa izango du, eta jabeari 40 euro balio duten liburuak, euskarri musikalak edota museo zein ikuskizunetarako sarrerak erosteko aukera emango dio, betiere ekimenarekin bat egiten duten establezimenduetan. 15 euroko alde hori Eusko Jaurlaritzak berak jarriko du.

Merkataritza arloko establezimenduek 2011ko azaroaren 24tik abenduaren 7ra bitarte (biak barne) izango dute Kultura Bonuarekin bat egiteko aukera. Bonuak erosteko interesa duten norbanakoek, berriz, hautatzen duten finantza erakundeek gaitutako kutxazainetan erosi ahal izango dituzte, 2011ko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 5era arte. Bonuak programarekin bat egiten duten establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira, betiere 2011ko abenduaren 12tik 2012ko urtarrilaren 20ra bitartean.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.11.22)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-11-22n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • @Iker_Hernandez
    2011.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Lehendakari "continuará al frente de este país". http://t.co/C6dsVbi0

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)