Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskal ordezkaritza batek Aichi, Hiroshima eta Kyotoko prefekturak bisitatu ditu ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko eskualdeko politikak eta tresnak ezagutzeko

2022-11-23

Euskal ordezkaritza batek Japoniako hiru prefektura bisitatu ditu, EBren eta Japoniaren arteko eskualde arteko lankidetza-proiektu baten esparruan, Europako Batzordearen “Nazioarteko Hiri Lankidetza” (IUC) programak bultzatuta, Japoniako Lurralde, Azpiegitura, Garraio eta Turismo Ministerioarekin batera. Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza, Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak, Basque Research & Technology Allianceko eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreko ordezkariek osatu dute. 

Aichin, ordezkaritzak hidrogeno-estazio bat bisitatu du Chubu uharteko nazioarteko aireportuan. Bertan, hornidura-zentro bat eta hidrogenoa kargatzeko estazio bat daude ibilgailuentzat eta erregai-pilako orga jasotzaileentzat. Hidrogenoaren sozietatea lortzeko prefekturaren estrategiaren parte den proiektu erakusle bat da. Halaber, “Pre-Station Ai” izeneko start-up-en inkubagailua bisitatu da, bai eta haren jarraipena ere, “Station Ai” izeneko lankidetza publiko-pribatuko proiektuaren bidez, start-up-ak, berrikuntza irekia eta 5Ga sustatzea helburu duena. Halaber, “Aichi Jakintzaren Hub”a, “Aichi Center for Industry and Science Technology2a eta “Aichi Sinchroton Radiation Center”a ere bisitatu dira. Azkenik, Aichiko prefekturako gobernadorearekin bildu da.

Hiroshiman ordezkaritzak Fabrikazio Digitaleko Hezkuntza eta Ikerketa Zentroa eta Higashi campusa bisitatu ditu, biak Parke Zientifiko Zentralean kokatuak eta Hiroshimako Unibertsitatekoak. Higashi-Hiroshima campusa epe luzerako proiektu eragilea da, unibertsitateko campus zientifiko handi bat industriarekin, administrazioarekin eta gizartearekin lotzen duena, eta berrikuntza-polo garrantzitsu bihurtzen dena. Prefeturako Gobernuarekin ere bildu da berrikuntza-estrategia nagusiak partekatzeko, berrikuntzak bultzatutako eskualde bat lortzera bideratuta.

Hiroshimako Bakearen Oroimenezko Parkera bisitaldia

Hiroshima bakearen hiria eta berreraikuntzaren sinboloa da, Gernika den moduan. 1945eko abuztuaren 6an bonba atomikoak eztanda egin zuen zero zonan kokatutako Bakearen Oroimenezko Parke eta Museora egindako bisita hunkigarria izan da. Euskadik erabat partekatzen ditu balio horiek eta bakearen kultura hori, eta Hiroshimak ere konpromiso osoa du NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin.

Kioton ordezkaritzak “Keihannako Zientziaren Hiria” ezagutu du, 150 ikerketa-zentro, unibertsitate eta hezkuntza- eta kultura-instalazio baino gehiago hartzen dituena. Era berean, “Telekomunikazioetako Ikerketa Aurreratuko Nazioarteko Institutua” (ATR) bisitatu du, honako arlo hauetan espezializatua: neurozientzia konputazionala; robotika aurreratuko ikerketa, gizakien eta roboten arteko elkarreraginak sakonki ulertzeko; wireless eta komunikazioak, eta bizitzaren zientzietako ikerketa; eta “KICK Berrikuntza Zentro Irekia”, osasunaren eta medikuntzaren, energiaren eta IKTen, nekazaritzaren eta elikaduraren, hezkuntzaren eta kulturaren arloetan ikerketa eta garapen aurreratuak babesten espezializatua. Prefeturako gobernadorearekin ere bildu da.

Lankidetza-programa honetako interes nagusiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean ezarritako lehentasunekin estuki lotuta daude. Azterketa-bisita honetan, interes komuneko eremu garrantzitsuak identifikatu ditugu, gure lehentasun estrategikoetako birekin: industria adimenduna eta energia garbiagoak, eta bikaintasuneko ikerketa zientifikoko lankidetza.

Bi herrialdeetako ekonomiak eta gizarteak erronka komunak dituzte eraldaketa digitalean eta trantsizio berdean, biztanleriaren zahartzearekin batera. Prefektura guztietan ikusitako ekimenek lotura handia dute Euskadiren interesekin.

Bisita amaitzeko, EB-Japoi eskualdeen arteko lankidetza-proiektuaren bigarren truke-bilera egin da. Bertan, Europako Auvernia-Rodano-Alpes, Oiseko Harana, Emilia-Romaña, Liubliana, Katalunia eta Euskadiko 6 eskualdeek, Aichi, Kioto, Osaka, Hiroshima eta Oitako 5 prefektura japoniarrekin batera, astean zehar ikasitako esperientzia nagusiak partekatu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)