Berriak Osasuna

Osasun Sailak eta Osakidetzak Araba ESI-ra zabaldu dute osasun-txartela formatu digitalean probatzeko proiektu pilotuaren bigarren fasea

2022-11-23
  • Proiektu pilotuaren bigarren fase hori ARABA ESIko osasun-zentroei eta mediku-kontsultategiei atxikitako 16 urtetik gorako herritarrekin garatuko da

 

 

 

Osasun Sailak, Osakidetzarekin batera, herritarrei zuzendutako zerbitzu berria jarri du abian, modernizazioan aurrera egiteko eta teknologia berrietara egokitzeko duen konpromisoarekin jarraitzeko: osasun-txartel indibidualaren formatu digitala abian jartzea. Zerbitzu hori proiektu pilotuaren bigarren fasearen esparruan jarri da abian, Araba ESIari atxikitako arabarrentzat.

 

 PROIEKTU PILOTUAREN BIGARREN FASEA

Proiektu pilotuaren bigarren fase hau datza ARABAKO ESIari atxikita dauden 16 urtetik gorako herritarrek gaur egun duten plastikozko txartelen (OTI) bertsio digitala izatean, telefono mugikorrean. ESI horretan Arabako udalerriak sartzen dira, Arabako Errioxakoak (Arabako Errioxa ESIa), Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo (Barrualde ESIa) eta Aramaio (Debagoiena ESIa) izan ezik, eta Bizkaiko Ubide eta Otxandio udalerriak ere barne hartzen ditu. Hala, “OTI digitala” dutenek elkarreraginean jardun ahalko dute osasungintza-sistemarekin, bai Osakidetzan (oraingoz ARABA ESIko osasun-zentroetan eta mediku-kontsultategietan eta Txagorritxuko eta Santiagoko kanpo-koltsutetan baino ez) bai botiketan dagokien medikamentua emateko, keinu erraz baten bidez: telefono mugikorra erakutsi beharko dute.

Nolanahi ere, zerbitzu digital horrek (OTI digitala) ez du ohiko txartela ordezkatzen (plastikozko txartela); herritarrek osasungintza-sistemarekin duten elkarreragina hobetzeko zerbitzu osagarria baino ez da. Beraz, mesedez, OTI digitalaren erabiltzaileek plastikozko OTI txartela ere gorde behar dute. Oso garrantzitsua da; izan ere, oraingoz, EAEko gainerako herrietan eta beste autonomia batzuetan OTI digitala ez dago erabilgarri eta plastikozkoa erabiltzen jarraitu beharko da.

Araba ESIko herritarrek, laster, SMS bat (euskaraz eta gaztelaniaz) jasoko dute, proiektu honetan parte hartzera gonbidatzeko.

Non erabili ahalko da?

Proiektu pilotuaren esparruan, OTI digitala, hasiera batean, ARABA ESIko osasun-zentroetan eta anbulatorioetan eta Txagorritxuko eta Santiagoko kanpo-kontsultetan identifikatzeko erabili ahalko da, bai eta ARABA ESIaren eremu geografikoan dauden botiketan medikazioa emateko ere.

 

Nola eskuratu OTI digitala?

OTI digitala eduki ahal izateko, egiaztagiri digitala behar da (B@Kq edo antzekoa), besteak beste, Osasun Karpetara sarbidea ematen duena. Parte hartu nahi duten eta egiaztagiri digitala ez duten pertsonek hura Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrei Arreta emateko bulegoetan eskatu ahalko dute, nagusiki, edo zentro zibikoetan dagoen edozein KZgunetan.

 

Pertsona horrek egiaztagiri digitala duenean, Eusko Jaurlaritzaren “NIK” aplikazioa deskargatu beharko du, AppStoreren eta PlayStoreren bidez. Hala, telefono mugikorra erakutsiz soilik dagokion osasun-zentroan edo botikan identifikatu ahalko da.

 

NIK Patrika digitala/Cartera digital aplikazioa

Eusko Jaurlaritzak mugikorretarako aplikazio bat jarri du abian, herritarrek euskarri digitalean administrazio publikoetan egiaztatzeko agiriak biltzeko. NIK wallet aplikazioa zorro digitala da, normalean plastikozko txartel gisa eramaten diren dokumentuak eramateko eta aurkezteko; hala, erosoagoa, arinagoa eta seguruagoa izango da beharrezkoak diren zerbitzu eta izapideak jasotzeko orduan. Hura da Eusko Jaurlaritzaren programan eraldaketa digitalaren arloan jaso den proiektu estrategikoetako bat.

 

OTI digitalari buruzko informazio gehiago honako esteka honetan: osasun-txartel indibiduala formatu digitalean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak