Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Adierazpen Instituzionala: “Emakumeen aurkako indarkeria matxista ezabatzeko Nazioarteko Eguna” (Gobernu Bilera 2022-11-22)

2022-11-22

Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi nahi ditu gaur, azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, ospatzeko hiru egun falta direla, eta bere konpromisoa adierazi nahi du beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko indarkeria desagerrarazteko helburuarekin.

Azaroaren 25ean, berdintasun eza eta indarkeria matxistaren arazoari herri bezala erantzuteko beharra nabarmendu nahi dugu, gizarte osoaren arazo baten aurrean, erantzunak bateratua izan behar baitu. Horrela, koordinazioa indartuko duten urratsak ematen jarraituko dugu: indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko Erakundeen arteko III. Akordioa sinatuz; emakume biktimen espedienteen kudeaketa integratuaren proiektua aurrera eramanez; eta, besteak beste, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herri ituna bultzatuz.

Koordinazio horren erakusgarri da, hain zuzen ere, Emakundek urtero egiten duen azaroaren 25eko kanpaina. Aurten, Euskadiko erakunde guztiek sinatu dugu: Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta EUDELek, gure herriko udalerrien ordezkari gisa. Kanpaina hau gizonei zuzenduta dago, eta gizonak dira indarkeria matxistaren aurrean altxatu eta ezetz esaten dutenak. Beharrezkoa ikusten dugu gizonei zuzentzea eta mezu hau bat dator, gainera, Europako Kontseiluaren Istanbulgo Hitzarmenaren jarraibideekin, Berdintasunerako Legearekin berarekin edo Berdintasunaren aldeko Herri Itunarekin. Horiek guztiek gizonen eta haurren sentsibilizazioa eta inplikazioa bultzatzea eskatzen dute.

Azkenik, indarkeria matxistaren ondorioz erailak izan diren emakumeak gogoratu nahi ditugu, emakume biktimei gure babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu, eta gogoratu nahi diegu Gobernu honek dituen baliabide eta zerbitzu guztiak eskura dituztela, eta 900 840 111 telefono zenbakia dela hauetara heltzeko sarbide nagusia.

Era berean, herritarrak animatu nahi ditugu azaroaren 25ean antolatuko diren deialdietan indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena publikoki adierazi dezaten, horrela emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela erakutsiz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko