Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak BIKAIN Ziurtagiriak banatu ditu Guggenheim museoan

2011.eko abenduak 01

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Nuria Lopez de Guereñu Confebask-eko idazkari nagusiak BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu dituzte gaur, azaroak 30, Bilboko Guggenheim museoan.

Jende asko bildu da gaur arratsaldean Bilboko Guggenheim museoan egin den Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien banaketa-ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Bikain ziurtagiria eskuratu dute erakunde eta enpresak, Ebaluatzaile Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba elkarteen goi-ordezkariak, euskal kulturgintzako ordezkariak eta baita administrazioko eta beste alor batzuetako ordezkariak ere.

Bikain Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, eta euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duten enpresa nahiz erakundeei ematen die. 2009. urtean 25 erakundek jaso zuten ziurtagiria; 2010ean, berriz, 19k, aurten bezala. 2011n Ziurtagiria jaso duten erakunde eta enpresa horiek guztiek talde ebaluatzaile batek berariaz egindako ebaluazio-prozesu bat gainditu behar izan dute. Halaber, horietako bakoitzak beren indarguneak, hobetu beharreko alderdiak, gomendioak eta puntuazioa azaltzen dituen ebaluazio-txosten bana jaso du.

Bikain 2008. urtean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, enpresen kudeaketa linguistikoaren kalitatea egiaztatzeko, enpresek zenbateraino darabilten euskara neurtzeko. Orain arte 93 ziurtagiri eman dira, aurtengoak barne, hiru mailak kontuan hartzen baditugu: oinarrizkoa, tartekoa edo zilarrezko eta gorena edo urrezkoa. 2011n ziurtagiria erdietsi duten 19 erakunde eta enpresatatik 7k oinarrizkoa eskuratu dute, beste hainbestek zilarrezkoa eta 5 erakunde edo enpresak, berriz, urrezkoa.

Ziurtagiria ebaluatzaile talde batek eginiko kanpo-ebaluazioaren ondoren lor daiteke. Lan horretan, ebaluatzaileen lana ezinbestekoa da, taldean aritzen dira eta ebaluazio bakoitzeko lan talde bat osatzen da; talde bakoitzeko pertsona arduradun bat izendatzen da, koordinatzaile gisa, seniorrak deritzogunak. Gaur egun, Bikaineko Ebaluatzaile Klubak 225 pertsona ditu, aurtengo ebaluazioan 86 ebaluatzailek hartu dute parte eta horietatik 19k senior-lana egin dute.

Ildo horretatik, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak argi eta garbi esan du "ebaluatzaile boluntario horien laguntza eta ekarpenik gabe ezinezkoa litzatekeela Bikain ziurtagiri-sistema aurrera eramatea".

Bikain ziurtagiriaren atzean dagoen lanaren partaide eta beharrezko kide dugun Euskalit erakundearen ekarpena ere azpimarratu du sailburuak ekitaldian. "Kalitatearen esparruan esperientzia handia duen erakunde honen partaidetzarik gabe ez genituzkeen lortuko Bikainek une honetan dauzkan munta eta enpresa sektore ezberdinen aldeko jarrera".

Bere txikian, euskarak egin duen eta egin dezakeen bidea handia dela onartu du Urgell-ek, "eta bide horretan benetan esanguratsuak dira Euskal Autonomi Erkidegoko enpresa-gizon eta emakumeak ematen ari diren pausoak".

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, berriz, aipatu du, "ziurtagiri honen bidez, egiaztatze-sistemak ondo funtzionatu duela esan dezakegula, enpresek hizkuntzaren normalizazioaren alde egindako lana jendaurrean jartzen duelako, alegia, aitorpen publikoa delako, eta hori akuilu bat da euskararen presentzia areagotzeko".

Euskararen normalizazioa lortzeko ahalegin horretan, lan munduak ere funtzioa garrantzitsua betetzen du inondik ere. Auzmendiren aburuz, "lantokietan euskararen presentzia eta erabilera bultzatu behar dira politika eraginkorrak abian jarrita, eta enpresaburu, sindikatu nahiz langileen laguntza eta parte-hartzearekin. Euskarak balio erantsia ematen dio enpresari, eta enpresek beraiek ere ekarpen handia egiten diezaiokete eta oraindik gehiago egin diezaiokete euskarari".

Honako hauek izan dira 2011. urte honetan Bikain ziurtagiria jaso duten erakunde eta enpresak:

ERAKUNDEA

MAILA

LURRALDEA

Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, SA (CAF)

ZILARRA

GIPUZKOA

TSST Tranvía San Sebastián Tolosa SA

ZILARRA

GIPUZKOA

Gipuzkoako Emergentziak UTE

OINARRIZKOA

GIPUZKOA

Copreci Kooperatiba

ZILARRA

GIPUZKOA

Ortzadar SL

OINARRIZKOA

BIZKAIA

Ilarki Elkargoa

ZILARRA

GIPUZKOA

Elay SL

URREA

GIPUZKOA

Kursaal Elkargunea SA

ZILARRA

GIPUZKOA

P.M. Urruzuno S. Coop. (Elgoibarko ikastola)

URREA

GIPUZKOA

Zumarragako Ospitalea

OINARRIZKOA

GIPUZKOA

Cavsa

OINARRIZKOA

BIZKAIA

Encartaciones SA

OINARRIZKOA

BIZKAIA

Birzikla

URREA

GIPUZKOA

Osakidetza Gipuzkoa Mendebaldeko Eskualdea

OINARRIZKOA

GIPUZKOA

Galdakao-Usansolo Ospitalea

OINARRIZKOA

BIZKAIA

Mendaroko Ospitalea

ZILARRA

GIPUZKOA

Gipuzkoako Foru Aldundia

ZILARRA

GIPUZKOA

Bermeoko Udala

URREA

BIZKAIA

Arrasateko Udala

URREA

GIPUZKOA

 

Iruzkin bat
  • @Supergradha
    2011.eko abenduak 01

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco entrega los Certificados BIKAIN en el museo Guggenheim http://t.co/E8O8rQvU

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan