Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

2022ko Euskampus Bordeaux Eguna, Bordelen

2022-11-21
  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euroeskuladeko unibertsitate eredu nazioartekotu baten alde egin du, baita Euroeskualdeko mugikortasun handiago baten alde ere
  • 200 pertsona baino gehiago ari dira parte hartzen, gaur eta bihar, Euskampus Bordeaux mugaz gaindiko Campuseko komunitatearen urteroko topaketan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea lagun zuela, 2022ko Euskampus Bordeaux Egunari hasiera emateko saioan parte hartu du gaur eguerdian. Euskampus Bordeaux Eguna mugaz gaindiko campuseko komunitatearen urteroko topaketa da, eta Bordelen ari da egiten, gaur eta bihar. Euskampus Bordeaux komunitateko 200 pertsona baino gehiago ari dira parte hartzen aurtengo ekitaldian, eta mugaz gaindiko campusean garatzen diren proiektu eta elkarlanak partekatu eta ikusaraziko dira bertan.

Bildarratz sailburuarekin batera, honako hauek ere izan dira irekieran parte hartzaile: Gerard Blanchard, Akitania Berriko kontseilari eta Eskualde Kontseiluko Goi Irakaskuntzako eta Ikerketako lehendakariordea; Eva Ferreira EHUko errektorea; Dean Lewis, Bordeleko unibertsitateko presidentea; Ricardo Díez, DIPCko zuzendaria; eta Jesús Valero Tecnaliako zuzendaria.

Mugikortasun handiagoa Euroeskualdean

Irekiera ekitaldian, Bildarratz sailburuak hizpide hartu ditu EHUrekin batera unibertsitate-sistemaren hurrengo planari begira (2023-2026 aldirako) lantzen ari diren helburuak. Eta horietako bat nabarmendu du, gaur ospatzen ari den ekitaldiari estuki lotua: “helburua da gure unibertsitatearen bilakaeran aurrera egitea, Euroeskualdearekin lotuagoa, europarragoa eta nazioartekoagoa izango den unibertsitate eredu baterantz. Euroeskualdean mugikortasun handiagoa izatearen aldeko apustua egiten dugu, ENLIGHT unibertsitate europarra bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu, gizarte-erronkei ideiak eta irtenbideak emango dizkien lankidetzaren aldeko apustua egiten dugu, Smart Euroeskualdea deitu dezakeguna bultzatzearen ikuspegitik”.

Smart Euroeskualdearen ikuspegi horretan, sailburuaren hitzetan, “goi-mailako hezkuntzak eta ezagutza zientifikoak gizarte-erronkei eman beharreko erantzun kolektiboaren zutabe eta euskarri izan behar dute”. Ildo horretan, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiek (LTC) egiten duten lana eta LTC-Sarearen sorrera nabarmendu ditu. “LTC-Sarearen label hori funtsezkotzat jotzen dut, laborategien iraunkortasuna indartzen digu orainaldian eta etorkizunean. Ekimen bikaina eta beharrezkoa da. Euskadik eta Akitania Berriak gure bikaintasunerako gaitasun zientifikoa handitzea ahalbidetuko duten proiektuak garatzeko helburua partekatzen dugu”.

Azkenik, Hezkuntza sailburuak beste helburu bat proposatu dio mugaz gaindiko campusari, Eusko Jaurlaritza eta unibertsitateak garatzen ari diren unibertsitate eta zientzia-politikekin lerrokatua dagoena. “4Gune eta KSIgune prestakuntza-klusterretan lankidetza indartzea proposatzen dizuet, baita IKUR 2030 bikaintasuneko eta lankidetzako ikerketa-ikuspegian sakontzea ere. Hitz egiteko eta horiei heltzeko bideak proposatzeko denbora dugu. Gure lankidetza-zirkulua handitu dezakegu eta zabaldu egin behar dugu. Ziur nago Euskampus mugaz gaindiko nazioarteko bikaintasuneko campusa funtsezkoa izan dela, eta hala izaten jarraituko duela guztion artean eraikitzen jarraitu behar dugun etorkizun bateratu horretarako”.

Euskampus Bordeaux Eguna

Euskampus Bordeaux Eguna, mugaz gaindiko Euskampus Bordeaux Campusa osatzen duen komunitatearen urteroko topaketa da. Ekitaldiak aukera ematen du UPV/EHUren, Bordeleko Unibertsitatearen, DIPCren eta Tecnaliaren arteko aliantza estrategiko honen esparruan garatzen diren proiektuak eta lankidetzak partekatzeko, ezagutarazteko eta balioesteko, aldi beran Euskampuseko Patronatu osoari eta bere erakunde laguntzaileei ere aukera hori zabalduz.

Iaz Donostian burutu zen ekitaldian bezala, Euskampus Bordeaux Egunaren edizio berri honek ere elkarreragina eta parte-hartze aktiboa sustatuko ditu, bi egunetan antolatutako programaren bidez. Egitarauak osoko bilkurak, tailer parte-hartzaileak, bilera informaletarako tarteak eta topaketa sozial eta kulturaleko uneak tartekatzen ditu. Azken batean, elkarreragiteko aukera bat da ekitaldia, elkar hobeto ezagutzeko eta lankidetza-sareak ehuntzen jarraitzeko.

Mugaz Gaindiko Lankidetzarako 5 Laborategi (LTC) aktiboen lorpenak aurkeztuko dira aurten, eta hautatutako LTC berria iragarriko da. LTC deiturikoak, Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren ekimen inportanteenetako bat dira. LTC horietan Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa-taldeak elkarrekin ari dira lanean, eta, horri esker, benetako mugaz gaindiko ikerketa-komunitateak sortu dira. Arrakasta horri esker sortu da LTC Sarea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak LTCak garatzeko finantzatutako programa.

2030era begira

Euskampus Bordeux Egunak etorkizuneko mugaz gaindiko campusa bistaratzeko ariketa egingo du aurten, parte-hartzaile guztien eta haien ekarpenen laguntzarekin. “Nolakoa irudikatzen dugu Mugaz gaindiko Campusa 2030ean?” tailerrean ikertzaileak, ikasleak, administrazioko langileak edo ordezkari politikoak elkarlanean arituko dira, beren ekarpenak eginez, 2030erako Mugaz gaindiko Campusaren ikuspegi partekatua sortzen laguntzeko. Euskampus Bordeaux komunitatearen kultura, hizkuntza, erakunde eta diziplina-aniztasunetik abiatuta egingo da tailerra. Ikuspegi horrek gidatuko du 2023ko martxoan berritu beharreko Euskampus Bordeaux aliantzaren etorkizuneko esparru-akordioaren diseinua.

Bestalde, bihar, “Aboard Euskampus Bordeaux Campus” jardueraren baitan, hautatutako 15 pertsona inguruk 173 segundotan euren proiektua edo ekimena aurkezteko aukera izango dute (zifra horixe baita, itsas milatan, Bilbo eta Bordele arteko distantzia). Betiere Euskampus erakundeen arteko lankidetzaren esparruan garatzen ari diren edo garatu duten proiektuak edo ekimenak izan beharko dute. Euskampus Bordeaux Campusaren esparruan garatzen diren lankidetzekin lotutako proiektu, esperientzia, ekimen edo programa batean parte hartzen ari diren edo parte hartu duten ikertzaileei, proiektu eta programen arduradunei, ikasleei, teknikariei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei izekitako jarduera izango da.

Euskampus Bordeaux mugaz gaindiko Campusa

Euskampus Bordeaux mugaz gaindiko campusa duela hamaika urte sortu zen, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko bikaintasun programetan oinarrituta, eta DIPC (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren laguntzarekin. Nazioarteko lankidetzako eredu bat da, goi-mailako hezkuntzaren ingurune erakargarri eta berritzailea eskaintzen duena, Europan aitzindari den ikerketa kooperatiboko gune bat sortu duena eta berrikuntzarako balio erantsi handiko lurralde-ekosistemak sustatzen dituena, enpresekin, gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera. Campusak 100.000 ikasle baino gehiago ditu, 10.000 ikertzaile inguru eta administrazio eta zerbitzuetako 4.500 pertsona baino gehiago.

Hamaika urteko ibilbidean lortutako lorpenen artean, hauek nabarmentzen dira: punta-puntako arloetan baterako masterrak finkatzea; tutoretza-kidetza erregimenean dauden doktorego-tesiak defendatzea; eta ikerketa-lan bateratua, mugaz gaindiko lankidetza-laborategiak sortuz (LTC).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eva Ferreira