Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Segurtasuna
qrcode

Arkautek Alzheimerra eta adimeneko dibertsitate funtzionala duten pertsonen arreta sartu du Euskal Poliziako agente izateko formakuntza-programan

2022-11-18
  • AFARABA eta FEVAS elkarteekin elkarlanean, Akademiak nahi du Euskadiko etorkizuneko polizia-agenteek pertsona horiei tratu egokia emateko behar dituzten trebeziak izatea.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Alzheimerra edo adimeneko dibertsitate funtzionala duten pertsonen arretari buruzko programa espezifikoa sartu du Euskal Poliziako etorkizuneko agenteei ematen dien formakuntzan. Arkauteko egoitza nagusian Alzheimerraren Arabako Elkartearekin (AFARABA) eta adimen urritasuna duten pertsonen alde lan egiten duten elkarteen Euskadiko Federazioarekin (FEVAS) elkarlanean egiten diren formakuntza-saioak dira. Helburua da Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako etorkizuneko agenteei prestakuntza ematea pertsona horiei gertuko tratua, tratu egoki eta pertsonalizatua, eman ahal izateko behar diren trebeziak eskuratu ditzaten, horien integrazioa eta berdintasuna ahalbidetzen den aldi berean.  

Formakuntza-saioetan, elkarte horien arduradunek eta hezitzaileek azaldu diete zer diren, besteak beste, alzheimerra, dementzia eta adimeneko dibertsitate funtzionala. Horrez gainera, azaldu diete nola detektatu pertsona batek laguntzen premia duen eta nola jardun sor daitezkeen egoera ezberdinetan. Azken helburua da Euskal Poliziako etorkizuneko agenteek komunikazio egokia ezarri eta ziurtatu ahal izatea pertsona guztiekin, edozein izanik ere horien gaitasunak.

Era horretako jarduerekin, Akademiak delitu baten biktima izan daitezkeen edo polizia-jarduera ezberdinetan inplikatuta egon daitezkeen pertsona kolektibo guztien arreta moldatu eta hobetu nahi du.

Integrazioa eta tratu egokia dibertsitate funtzionala duten pertsonei

Lan-ildo horretan, Ertzaintzak “Ertzaintza eta desgaitasuna duten pertsonak” gida argitaratu eta banatu du, agenteen artean jardunbide egokiak hedatzeko. Adimeneko dibertsitate funtzionala eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonen ezaugarriak ezagutzeko tresna bat da. Agiri praktiko horretan autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN), Down-en sindromea edo gaixotasun mentala duten pertsonak behar bezala artatzeko jarraibide egokiak azaltzen dira.

Era horretara, Ertzaintzak aurrera jarraitzen du egungo gizartean integratutako polizia gisa eman behar duen berdintasunezko tratuan, eta laneko jarraibideak gaitasun ezberdinak dituzten edo gaixotasun mental bat duten pertsonen kolektiboetara moldatzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak