Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Ostiralean estreinatuko da Intxaurra antzezlana, “Arnasguneak” antzerki-bekaren irabazlea, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan

2022-11-15
  • Lesakako Mairu antzerki tailerraren lana ikusteko lehen aukera ostiral honetan izango da, 19:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian. Arnasa Gara ekimenaren barnean Arnasguneak sormen beka irabazi zuen ‘Intxaurrak’ lanak, eta laster emanaldien bira hasiko dute herriz herri.

Ostiral honetan, azaroaren 18an, estreinatuko du Mairu antzerki tailerrak Intxaurra antzezlana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Antzezlanak harreman estua du euskararen arnasguneekin. Izan ere, Mairu konpainiak Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen iazko abenduan eta, horri esker, obra sortzeko aukeraz gain, egonaldia egin ahal izan dute Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean, antzerkia lantaldean prestatzeko. Beka hau UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko helburuarekin sustatutako Arnasa Gara kanpainaren barnean kokatzen da. 

Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du Intxaurra antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena. Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch izan dute lagun zuzendaritza lanetan. 

Mairuko Gaizka Sarasolak azaldu duenez, Dinamoko egonaldiak albaindua zuten lana biribiltzen lagundu die: “aukera paregabea izan da hainbertze egunez espazioa eta baliabide teknikoak eskura izatea. Lana egin eta ongi pasatzea gauza ederra da. Intxaurrak forma hartu eta taldea indartzeko balio izan digu”. Intxaurra sortzeko arnasguneen gaiak antzerki taldean zer eragiten duen izan dute abiapuntu; zein kezka, zalantza, oroitzapen, irudi, hitz, ideia, metafora... eta osagai horiekin guztiekin ondu dute istorioa. Sarasolaren ustez, Intxaurra ikusten dutenek “aukera izanen dute hunkitzeko, irri egiteko, hausnartzeko...”. 

Estreinaldirako azken prestakuntzak egin bitartean, Mairu konpainia aurrera begira ere jarri da, Azpeitiko emanaldiaren ostean plazaz plaza ibiliko delako Intxaurra antzezlana aurkezten. Jadanik, badituzte zenbait emanaldi programatuta; horietako zenbait Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek babestu dituzte, obra euskararen arnasgune diren udalerrietara ere hurbiltzeko.    

Sarasolak adierazi du irrikaz daudela antzezlana aurkezteko herriz herri: “Normalean gure komunitatetik edaten dugu gure antzezlanak sortzeko, gure inguru hurbilenetik, bere ezaugarri eta iruditegietatik”. Hala, aitortu du badutela nahia udalerri euskaldunetako ikus-entzuleen aurrean obra aurkezteko. “Badugu gogo berezi bat nola hartuko ote duten ikusteko. Identifikatuak sentituko ote diren; interpelatuak nolabait ere. Ea horrela den!”. 

Lesakako Mairu taldeak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta, hain zuzen ere, euskarari lotutako ekimen batetik abiatuta sortu zuten. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako ikastaro baten inguruan izan zen sorrera, eta euskarak eta kulturak beti izan dute eragina taldean. Euren antzezlanetan komunitateari eragiten dioten gaiak lantzen dituzte, tradiziotik elikatuz.  

Arnasa Gara ekimenaren beka

Arnasguneak antzerki-beka Arnasa Gara egitasmoaren baitan sortu da. Arnasa Gara kanpaina 2019an jarri zuten martxan Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzeko helburuarekin, eta euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta ikusarazteko. Arnasguneak bekaren deialdira bederatzi lan aurkeztu zituzten, eta iazko abenduan jakinarazi zuten Mairuk irabazi zuela Intxaurra obra prestatzeko 23.000 euroko dirulaguntza. 

Sinopsia 

Sinopsia: “Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza du. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan”. 

Lantaldea:

              Zuzendaritza: MAIRU (Manex Fuchsen laguntzarekin).

              Testua: Gaizka Sarasola.

              Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta      Gaizka Sarasola.

              Argi diseinua: Andoni Mendizabal.

              Soinu diseinua: Ibai Gogortza.

              Musika: Ibai Gogorza eta Gaizka Sarasola.

              Eszenografia eta atrezzoa: Adrian Labadie eta Eduardo Conde.

              Jantziak: Marodi Sorkuntzak.

              Kartela: Garazi Conde.

              Argazkiak: Gotzone Rekondo.

 

Datozen emanaldiak:

 

  • Azaroak 18, Azpeitian (Soreasu Antzokian)
  • Abenduak 3, Iruritan (Gizarte Bilgunea)
  • Abenduak 4, Markina-Xemeinen (Frontoian)
  • Abenduak 8, Abaltzizketan (Kzgunean)
  • Abenduak 10, Lesakan (Harriondoan)
  • Abenduak 30, Aramaion (Kultur etxean)
  • Otsailak 12, Oñatin (Santa Anan)
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)