Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak I+G+Bko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute zahartzaroari buruz

2011.eko azaroak 17

Bizi-itxaropen handiena duten munduko herrialdeetatik bigarrena da Espainia

  • Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendiak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko sailburu Rafael Bengoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, zahartzaroari buruzko ikerketa eta berrikuntzarako programa integral bat martxan jartzeko.
  • Programa integral horretako kapitulu nagusietako bat, "Oinarrizko Ikerketen Programa" izenekoa, etorkizuneko Zahartzeari buruzko Ikerketarako Zentro Nazionalean (ZIZN) egingo dute.
  • Hurrengo hilabeteetan, plan estrategiko bat egingo dute ZIZN martxan jartzeko; Donostian egongo da zentroa.

Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendiak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko sailburu Rafael Bengoak hitzarmen bat izenpetu dute gaur, zahartzaroari buruzko ikerketa eta berrikuntzarako programa integral bat koordinatu eta gauzatzeko. Hitzarmen hori sinatuta, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak funtsezko urrats bat egin dute Zahartzaroari buruzko Ikerketarako Zentro Nazionala (ZIZN) proiektu handia zehazteko; zirriborroa egina dago, lankidetza-protokolo bat izenpetu baitzuten bi administrazioek uztailaren 28an.
Programa Integralak ezagutza sortzeko balio-kate guztia barne hartuko du: oinarrizko ikerketatik hasi, eta berrikuntzaraino. Horretarako, berariazko lau programa izango ditu ardatz:

Oinarrizko Ikerketaren Programa

Zahartzeari buruzko Oinarrizko Ikerketaren Programa ZIZN etorkizuneko azpiegitura berrian garatuko da. Donostian egongo da zentroa, eta haren helburua da nazioarteko bikaintasuneko ikerketa-taldeen jarduera biltzea, aitzindaria izatea Espainiako zahartzeari buruzko ikerketan eta nazioarteko erreferentzia bihurtzea. Etorkizuneko berariazko hitzarmen batean osatuko dute ZIZN.

Ikerketa Klinikoen Programa

Karlos III.a Osasun Institutuko (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko ikerketa publikoko erakundea) Zahartzeari buruzko Ikerketa Kooperatiboaren Gaikako Sarea (ZLIGS) du ardatz Zahartzeari buruzko Ikerketa Klinikoaren Programak, eta beste talde, zentro eta erakunde interesgarri batzuk ere bilduko ditu. Zahartzeari buruzko Ikerketaren Programak ongi zehaztuak ditu erronkak: ikertzaileen kalitateko ikerketa- eta trebakuntza-proiektuak bultzatzea eta Programaren lerro eta interes berak dituzten eta sortutako ezagutza jarduera klinikoan aplikatzera eta zaharrei laguntza ematera bideratutako taldeen eta zentroen harremanak eta lankidetzak bultzatzea.

Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Ikerketa Programa

Zahartzeari buruzko Ikerketa Kooperatiboaren Gaikako Sarea (ZLIGS) -Karlos III.a Osasun Institutukoak jarriko du martxan- izango du oinarri Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Ikerketa Programak, eta beste talde, zentro eta erakunde interesgarri batzuk ere bilduko ditu.

Programa horrek aukera emango du eragileen sare baten bidez nazioarteko jarduera berritzaileak identifikatzeko eta gaixotasun kronikoak tratatzeko modu berrien ebidentzia zientifikoa modu egituratuan sortzeko. Eragileen sarea nazioartekoa izanik, errazago hedatu ahal izango da ikerketa hori, hainbat testuinguru baitago.

Zahartzaroari buruzko Garapen eta Berrikuntza Programa

Zahartzeari buruzko Garapen eta Berrikuntza Programak izaera horizontala du, eta haren xedea da ikerketak merkatu soziosanitarioan eta adindunen merkatuan ezartzeko moduko teknologiak, produktuak eta zerbitzuak emateko moduan gauzatzea, mundu mailan.

Programaren antolakuntza

Zahartzeari buruzko Ikerketa eta Berrikuntzarako Programa Integralaren antolakuntza segimendu-batzorde paritario batek -bi gobernuen artean osatua- bideratuko du.

Aholku-kontseilu zientifiko baten eta enpresa-batzorde aholkulari baten laguntza izango du programak. Enpresekin eta beste erakunde sozial batzuekin alderatzeko esparrua izango da azken hori, ikerketaren eta garapen teknologikoaren merkatu-aukerak -berariazko programetan garatuak- identifikatzeko.

ZIZNren Plan Estrategikoa

Hurrengo hilabeteetan, plan estrategiko bat egingo dute Zahartzeari buruzko Ikerketarako Zentro Nazionala martxan jartzeko. Plan horretan sartuko dira azpiegitura-beharrak, programa zientifikoa, proiektuaren epeak eta aurrekontua eta behar diren giza baliabideak.

Etorkizuneko zentroa I+G+Bko sistema publikoaren gaitasunez baliatuko da; bereziki, Karlos III.a Osasun Institutuak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiarenez (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko erakunde publikoak baitira biak ere).

Zahartzearen fenomenoa

Nazio Batuek munduko biztanleriaren egoerari buruz egindako azken txostenaren arabera, bizi-itxaropen handiena duten herrialdeetatik bigarrena da Espainia (Japonia da lehena), eta, OMEren txosten baten arabera, berriz, espainiar biztanleria munduko zaharrena izango da 2050ean. Urte horretarako, Espainian haurrak baino gehiago izango dira 60 urtetik gorakoak.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Euskal Estatistika Erakundeak dioenez, bizi-itxaropena lau urte luzatuko da hurrengo hamarkadan. 2020an, EAEko emakumeak 87 urte baino luzeago biziko dira, eta EAEko gizonezkoak, ostera, 81 baino luzeago. Ordurako, EAEko 65 urtetik gorako biztanleak % 18,7 izatetik % 22 izatera pasatuko dira.

Iruzkin bat
  • @alfrealday
    2011.eko azaroak 17

    Comentario de Twitter:
    El Ministerio de Ciencia e Innovacion y el GV firman un convenio de colaboracion en I+D+i sobre #envejecimiento http://t.co/ebZCmsrB

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)