Berriak Osasuna

Osasun Sailak iragarri du segurtasun-protokoloak indartuko dituela ospitaleetako amategietan (Gobernu Bilera 2022-11-15)

2022-11-15

Joan den urrian Basurtuko Ospitaleko amategian jaioberri bat lapurtu izanaren inguruko inguruabarrak analizatu ondoren, pazientearen segurtasunean adituak diren pertsonen taldeak gomendio batzuk eman ditu “EZ UTZI NI BAKARRIK” protokoloaren hedapen eraginkorrarekin lotuta, amategietako langileen identifikazioari eta zaintzaileen eta bisitarien sarbideari dagokienez. 

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak azaldu duenez, orain beharrezkoa da gomendio horiek amategi bakoitzari helaraztea, horietan guztietan erraz ezar daitezkeen neurri komun batzuk daudelako. Beste neurri batzuek, ordea, jarduketak eskatzen dituzte zentro bakoitzean oso desberdinak diren sarbide, espazio eta beste elementu arkitektoniko batzuen gainean. 

Laburbilduz, aditu taldearen dokumentua ikusita, Osakidetza proposamen hau ari da lantzen:   

  • Jaioberriaren identifikazioari eta zaintzari buruz erditzeen arloan emandako informazioa dokumentatzea.
  • Ohiko informazioa ematen denean, amategiko solairuan sartzeko segurtasun-protokoloari buruzko hezkuntza-materiala paper-euskarrian entregatzea.
  • Gurasoei jaioberria zaintzeko segurtasun-protokoloari buruzko informazioa eman izanaren egiaztapena indartzea, bai haurdunaldiaren jarraipenean, bai ospitaleko egonaldian.
  • Jarduera horiek erregistratzea: segurtasun-protokoloaren informazioa jasotzea, diptikoa entregatzea eta historia klinikoan egiaztatzea.
  • Geletan informazioa bermatzea, “Ez utzi ni bakarrik” kanpainaren infografiaren bidez.
  • Binilo grafikoak ere jartzea jaioberrien sehasketan.
  • Ama-haurrentzako arretaren arloan, segurtasun-protokoloari buruzko profesionalei zuzendutako kanpainak egiten jarraitzea eta indartzea. 

Langileen identifikazioari eta jantziei dagokienez, honako hau proposatzen da:

  • Plantillak sentsibilizatzea profesionalak ageriko txartel pertsonal baten bidez identifikatzeko derrigortasunari buruz.
  • Instalazioetan dagoen eta identifikazio-txartelik ez duen edonor identifikatzearen garrantziaz sentsibilizatzea.
  • Profesionalen uniformeen zaintza berrikusi eta hobetzea, eta horretarako espazio itxiak ezartzea. 

Eta amategietarako irisgarritasunari dagokionez: 

  • Amategiaren eremurako sarbideen trazabilitatea kudeatzeko hobekuntzak ezartzea, bisitak eta profesionalak identifikatuta.
  • Basurturen kasuan, pabiloiaren alboko sarbideetako ateak ixtea eta larrialdietarako atea alarma batez hornitzea.
  • Ateen itxiera eta alarma-sistemaren funtzionamendua errutinaz egiaztatzea.
  • Amategi-unitateetarako ateak irekitzeko sistema ezartzea, bai profesionalentzako, bai senideentzako, identifikazio-txartel elektronikoaren bidez, atezain automatikoko sistema batekin konbinatuta.
  • Eraikinen kanpoaldean kamera bidezko zaintza-sistemak indartzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau