Berriak Lehendakaritza

Herritarren gehiengoarentzat positiboa izan da EAE-n Tabakoaren aurkako Legea ezartzea

2011.eko azaroak 17

EAEn tabakoa erretzeko ohitura apur bat gutxiagotu da eta biztanleen gehiengoa ados dago jatetxeetan, tabernetan eta frontoietan erretzeko debekuarekin

2010. urtetik tabakoa erretzen duten pertsonen portzentajea bi puntu txikitu da: %28tik %26ra txikitu da 2011an, 18 urtetik gorako biztanleen artean, egunero edo noizean behin erretzen dutenen portzentajea. 18 urtetik aurrera, adinean gora goazen neurrian erretzaileen portzentajeak behera egiten du. Eta 15-17 urte bitarteko gazteen artean egunero edo noizean behin erretzen dutela diotenen portzentajea %20koa da.

Elkarrizketatutako pertsonen erdiak baino gehiagok, %54, “erretzea jendeak duen eskubidea dela eta ez dagoela zertan mugatu” uste badu ere, herritarren gehiengo zabalak, zehazki %93k, “toki publikoetan, erretzen ez duten pertsonen eskubideak errespetatu behar direla” uste dute. Bestalde, biztanleen %41ek uste dute “tabakoaren eragin kaltegarriak puztu egiten direla”, eta uste hori dutenen portzentajea %55era igotzen da eguneroko erretzaile direnen artean.

Prospekzio Soziologikoen kabineteak, Euskal gizartea aztertzeko duen egitasmoaren baitan, urte hasieratik toki publiko itxietan erretzeko debekua ezarri zuen “Droga-menpekotasunen Euskal Legearen” aldaketaren inguruko EAEko biztanleriaren iritzia jaso du. Lagina 15 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 820 lagunek osatua da. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%3,49 da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Datuak ondoren haztatu dira, lurraldeen araberako biztanleriaren banaketa errealaren arabera. Informazio bilketa 2011ko urriaren 13 eta 14 bitartean egin zen.

Elkarrizketatutako pertsonen %81 ados agertu dira lantokietan erretzeko debekuarekin; %77 jatetxeetan erretzeko debekua ezartzearen alde azaldu dira; %72 tabernetan, pubetan eta diskoteketan eta %67 frontoietan.

Toki publiko itxietan erretzeko debekua aldatzeak eragindako ondorioei dagokionez, elkarrizketatutako pertsonen %42k uste dute ostatuetan bezero kopurua asko edo nahikoa gutxitu dela, eta aldiz, %46k kontrakoa diote, ostatuetako bezeroak gutxi edo batere ez direla gutxitu. Bestalde, %46k uste dute, debeku horri esker, zenbait lagunek erretzeari utzi egin diotela, %35ek lagun gutxiago direla erretzen hasten direnak, eta %84 ados agertu dira orain erretzen ez dutenek eragozpen gutxiago sufritzen dituztenarekin.

Biztanleen %81ek EAEn tabakoaren aurkako Legea ezartzea positibotzat jo dute. Biztanleen %23k uste dute oso positiboa izan dela tabakoaren aurkako Legea EAEn ezartzea, %58k positiboa izan dela, %11k uste dute negatiboa izan dela eta %3k oso negatiboa; azkenik, %5ek ez dakitela esan dute edo ez dute erantzun. Erretzen duten pertsonen gehiengoa ere ados agertu da Legea ezartzearekin; zehazki, uste hori dute, egunero erretzen duten pertsonen %61ek eta noizean behin erretzen duten pertsonen %81ek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko