Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Arabako Teknologi Parkeak jada baditu ibilgailu elektrikoak birkargatzeko IBILen bi puntu

2011.eko azaroak 17

 

Arabako Teknologi Parkeak jada baditu ibilgailu elektrikoak birkargatzeko IBILen bi puntu

 

  • - IBIL elkarteak eta Teknologi Parkeen Sareak hitzarmen bat sinatu dute birkarga puntuak instalatu eta ustiatzeko
  • - Ingeteam, Evolo, Parkeko bizikleta elektrikoak, Vehículos Mendizabala eta IBILek beren ibilgailu elektrikoen erakusketa bat egingo dute Miñaon.
  • - IBILek 100dik gora birkarga puntu instalatu ditu Euskadin urtebetean

 

 

Francisco Berjón, Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko presidenteak eta Enrique Monasterio, IBIL elkarteko zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte Arabako Teknologi Parkean ibilgailu elektrikoentzat instalatu diren birkarga puntu publikoak. Birkarga puntu horiek instalatu eta ustiatzeko hitzarmena sinatu ostean ospatu den ekitaldian parte hartu dute baita ere José Manuel Nogales, Arabako Teknologi Parkeko zuzendariak eta Miñaoko Parkean ikusgai dauden ibilgailu elektrikoen enpresetako ordezkariak (Ingeteam, Evolo, Parkeko bizikleta elektrikoak eta IBIL).

 

Hala, Arabako parkeak bat egin du duela hilabete eskas Bizkaikoak martxan jarri zuen ekimenarekin. Birkarga puntuak eraikin zentralaren ondoko aparkaleku batean daude, energia mota hori darabilten ibilgailu modeloen erakusketa-gunean.

 

Energiaren Euskal Erakundeak emandako diru-laguntzekin erositako 100 bat ibilgailu elektriko dabiltza Euskadiko errepideetan. Kopuru hori handitzen doa, batik bat floten jabe diren enpresek erakutsitako interesari esker. Zehazki, IBIL elkarteak 35 ibilgailuri zerbitzu ematen die eta datozen egunetan beste hogeita bosti ere emango die, horietako gehienak enpresetako bezeroek erosiak.

 

Bestalde, ibilgailuak kargatzeko 100 birkarga puntu publiko eta pribatu instalatzen ari da (batzuk martxan daude jada) eta, beraz, gainditu ditu 2011. urterako ezarritako helburuak, 85 instalatuko zituela esan baitzen. IBIL elkarteak eginiko plangintzaren arabera, 2020rako Euskadin operatibo egongo dira 13.000 birkarga puntu.

 

IBIL elkarteak aliantza garrantzitsuak lortu ditu auto fabrikatzaile garrantzitsuenekin, zehazki Renault, Nissan, Peugeot, BYD eta General Motors enpresekin. Lehen bost marka hauek IBILen lehentasunezko zerbitzuak eskainiko dizkiete bezeroei ibilgailu elektriko berriak birkargatu ditzaten. Auto fabrikatzaileak erosotasun, autonomia eta abiadura prestazio bikaineko modelo elektriko berriak sortzen ari dira eta, beraz, bezeroek errazago erosten dituzte beren premia indibidualei gero eta gehiago egokitzen zaizkien modelo horiek.

 

Azaroan, IBIL elkartea ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileari zerbitzu gehigarriak eskainiko dizkion lehen karga kudeatzaile bihurtuko da. Balio erantsiko zerbitzu horien artean aipatzekoa da besteak beste erabiltzaileei birkarga zutabeei buruzko informazioa emango zaiela mugikorraren bidez.

 

Eusko Jaurlaritzak helburu anbiziotsuak dauzka Euskadin ibilgailu elektrikoa hedatzeko, 2020rako errepideko euskal auto guztietatik 43.000 elektrikoak izan daitezela nahi baitu. Parke horri zerbitzua emateko eta Euskadin azpiegitura egokiak ezartzeko, IBILek hainbat akordio lortu ditu kokapen interesgarriekin, hala nola teknologi parkeekin.

 

 

IBIL elkarteari buruz

 

Repsol eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE-Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko energiaren erakundeak) 2010ean sortu zuten IBIL sozietatea. Bakoitzak %50eko partaidetza du eta beren helburua da mugikortasun elektrikoko zerbitzu integralak eskainiko dituen sare bat diseinatu, eraiki eta martxan jartzea eta horretarako behar den birkarga sarea konfiguratzea.

 

IBIL sozietateak erreferente teknologiko izan nahi du ibilgailu elektrikoak birkargatzeko teknologien Estatuko merkatuan. Repsol eta EVE erakundeek energia berriekin hartu duten konpromisoari esker, IBIL proiektu aitzindari bihurtu da eta bere xedea da ibilgailu elektrikoak goitik behera alda dezala garraioaren sektorea. IBIL eta bere zerbitzuei buruzko informazio gehiago aurki daiteke www.ibil.es webgunean.

 

Ibilgailu erakusketan parte hartu duten enpresak

 

Ingeteam ingeniaritza elektrikoan espezializatutako enpresa bat da eta ekipo elektrikoak, motorrak, sorgailuak eta frekuentzia bihurgailuak garatzen ditu gero bere produktuetan aplikatzeko, nagusiki 4 sektoretan: energian, industrian, itsas industrian eta burdinbideetako trakzioan. Ingeteam Power Plants enpresak sorkuntza elektrikoaren esparruko konponbide integralak eskaintzen ditu energia berriztagarriak erabiliz eta Arabako Teknologi Parkeko E8 eraikinean dago kokatuta.

 

Parkeko bizikleta elektrikoak Mugituz proiektuaren barneko ekimena eta Parkeak berak barne zein kanpo mugikortasuna hobetzeko eginiko apustua da, eraginkortasuna eta energi aurrezkia bezalako irizpideei erantzuten die eta ibilgailu elektrikoa ezarri eta garatzea du helburu. Birkarga puntuen ondoan postu bat dago erabiltzaileentzako bizikleta elektrikoekin.

 

Evolo Parkean kokatuta dagoen enpresa bat da, bidaiarientzako eta karga garraiatzeko hainbat ibilgailu elektriko garatu dituena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Francisco Berjón, Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko presidenteak eta Enrique Monasterio, IBIL enpresako zuzendariak ibilgailu elektrikoak