Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek istripua izan duten bi pertsona erreskatatu dituzte gaur goizean Balmasedan eta Abadiñon

2022-11-10

Balmasedan basoan lanean ari zen langile bat arbola bat erori eta harrapatuta geratu da, eta Abadiñon eskalatzaile bat erori egin da Atxarteko harrobian. Biktimak osasun-zentroetara eraman dituzte larrialdietako zerbitzuek erreskatatu ondoren.

Lehenengo istripua Balmasedako Arbiz auzoan gertatu da goizeko bederatziak eta laurdenean. Ordu horretan jaso den dei baten bidez jakitera eman dute basoan lanean ari zen langile bati arbola bat erori zaiola, eta harrapatuta eta konorterik gabe zegoela, eta arnasa hartzeko zailtasunak zituela. Berehala mobilizatu dute lekura Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko helikopteroa Mendiko Ataleko agenteekin, bai eta Balmasedako Ertzain-etxeko lur orotako ibilgailu bat, suhiltzaileak, bertako babes zibila eta anbulantzia medikalizatu bat ere. Biktima zegoen lekura iritsi direnean, lehenengo laguntza eman diote, eta aireontziak herriko futbol-zelairaino eraman du zauritua eta, ondoren, bertan zain zuen anbulantzia medikalizatuan eraman dute Gurutzetako ospitalera.

Handik ordubetera jasotako beste abisu baten ondorioz berriz mobilizatu dituzte larrialdietako zerbitzuak. Kasu honetan Atxarteko harrobian, Abadiñon, eskalatzen ari zen pertsona bat hamar bat metroan behera erori da. Berehala mobilizatu dituzte larrialdietako baliabide batzuk, horien artean suhiltzaileak, osasun-zerbitzuak eta Ertzaintzaren helikopteroa Mendiko Ataleko agenteekin. Zauritua istripua gertatu den lekuan bertan artatu eta immobilizatu dute, eta helikopteroak jaso eta Iurretako basera eraman du. Gero, bertan zain zuen anbulantzia medikalizatuan eraman dute ospitalera.

Erreskate-lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak