Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbideren orientazio zerbitzuak 73.500 euskal herritar baino gehiago aholkatu ditu jada

2011.eko azaroak 17

 

  • "Arlo hori funtsezkoa da langabeek lana aurkitzeko beren aukerak gehitu ditzaten", adierazi du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak
  • Euskal Enplegu Zerbitzuak orientazioaren arloko 300 profesional baino gehiago dauzka

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 73.848 euskal herritarri eman die aholkularitza urtarrilaren 1az geroztik. Erreminta horren bidez, bere enplegagarritasun-profilaren diagnostikoa jasotzen du enplegu-eskatzaileak eta lan-merkatura itzultzen saiatzeko jarraitu beharreko urratsak ezartzen zaizkio. "Arlo hori funtsezkoa da langabeek lana aurkitzeko beren aukerak gehitu ditzaten, eta lana izan eta lan hori hobetu nahi dutenek aholkularitza profesionala lor dezaten", Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak azpimarratu duenez.

Lurraldeen arabera, 38.700 lagunek jaso dute aholkularitza pertsonalizatua Bizkaian, hau da, guztizkoaren % 52,40. Gipuzkoa du atzetik, artaturiko 25.078 erabiltzailerekin (% 33,95). Araban, aldiz, 10.070 herritarrek (% 13,65) jaso dute orientatzaile profesional baten aholkularitza Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego eta zentro laguntzaileen sarean.

Adinen arabera, 30 urtetik beherako 12.258 bizkaitarrek enplegagarritasun-ibilbide bat daukate jada. Gipuzkoan, aldiz, 7.319 gazte ditugu, eta Araban, berriz, 3.465 gazte. "Orientazioak izan behar du betiere Lanbideren bizkarrezurra. Hau da, bereziki langabeei laguntza eta aholku emateaz arduratu behar dugu, enplegua bilatzeko bidean", Zabaletak azpimarratu duenez.

Gaur egun, 300 orientatzaile profesional inguru ditu Lanbidek, eta arratsaldeko eta goizeko ordutegian artatzen dituzte enplegu-eskatzaileak.

Lanbidek, ildo horretan, banako enplegu ibilbide pertsonalizatuaren alde egingo du hori eskatuko dion eskatzaile bakoitzarentzat. Honako hauek bilduko ditu prozesuak: enplegurako eta autoenplegurako orientazio eta informazioko zerbitzuak, lanbide-prestakuntzaren eta enplegagarritasunaren hobekuntza, eta kontaktuak enpresekin, entitateekin eta erakunde publikoekin laneratzea errazteko.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azpimarratu duenez, "Lanbideren enplegurako orientazioaren bitartez, profesional batek arreta profesionala eskaintzen du, gaitasunak atzemanez eta gaitasun horiek aprobetxatzeko eta hobetzeko beharrezko tresna eskainiz. Orientatzaileak eskatzailearen gaitasunei buruzko diagnostikoa egiten du; jarraian, kontratatua izateko duen gaitasuna hobetzeko tresna egokia eskaintzen dio eskatzaileari, eta, azkenik, lagundu egiten dio laneratzeko ibilbide horretan".

Horrela, enplegurako orientazioa jasoko dutenak honako hauek izango dira: langabeak, langabezia-arriskuan dauden langileak, eta enplegu-hobekuntzako egoeran daudenak. "Argi dago bizitza osorako prestakuntzaren paradigma iraungi dela, eta, horren ordez, bizitza osoan prestatzen jarraitu behar dela. Eta hori berme bat da lan-merkatutik kanpo ez geratzeko", adierazi du Zabaletak.

Horrela, Lanbidek hedatutako ereduak iraganeko berezko orientazio itxia gainditu du, hain zuzen ere tresna malguagoen aldeko apustua egiten duelako lana bilatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko, enplegu-eskatzaile bakoitzaren profilari egokituz. "Zerbitzu pertsonalizatuak, era berean, orientatu beharreko lagunaren partaidetza eta konpromisoa behar du"; horixe gogoratu du Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidenteak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)