Berriak Herrizaingoa
Eu

"Zuri ere gerta dikuzuke'' kanpainak gazteak trafikoaren arriskuez kontzientziatu nahi ditu

2011.eko azaroak 17

Ikastaroa mediku aditu batek eta istripu baten ondorioz bizkarrezur-muineko lesioa duen pertsona batek ematen dute elkarrekin

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta Axa Aseguruak konpainiak elkarrekin sustatu eta Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkarteak (AESLEME) garatu duen ''Zuri ere gerta dakizuke'' kanpainak bizkarrezur-muineko eta garuneko lesioak saihestea du helburu, eta eskola-adineko gazteak errepideko arriskuez eta zirkulazio-istripuek eragin ditzaketen ondorio larriez kontzientziatu nahi ditu.

Zirkulazio-istripuek ez dituzte hildakoak bakarrik eragiten. Pertsona ugari zauritu egiten dira, eta, kasu askotan, bizkarrezur-muineko eta garuneko lesio larriak jasaten dituzte. Hori saihesteko, AESLEMEk, Trafiko Zuzendaritzak eta AXA aseguru-etxeak lankidetzarako hitzarmen bat dute 2001etik. Akordio horren parte da Euskadin egiten den "Zuri ere gerta dakizuke" kanpaina. Orain arte EAEko ikastetxeetako 150.000 gaztek hartu dute parte ekimen horretan.

Gaurko aurkezpenean, honakoak egon dira: Trafiko Zuzendaria, Amparo López; AXAren Estatu Iparraldeko Lurralde Zuzendaria, Gonzaga Alcorta; eta AESLEMEk EAErako duen koordinatzailea, Rafa Arranz. Gaurko aurkezpenarekin, aurreko ikasturtean hasitako lanarekin jarraitzen dute. Iaz, EAEko Bigarren Hezkuntzako 150 ikastetxetako 13.000 gaztek izan zuten horren berri.

Ikasturteak (EAE)

2001 - 2010
132.790 ikasleak

2010 - 2011
13.797 ikasleak

Guztira
146.586 ikasleak

Amparo Lopezen esanetan, Trafiko Zuzendaritzak, EAEn zirkulazioa kudeatzeko ardura duen heinean, gazteak kontzientziatzearen aldeko apustua egin du, EAEko errepideetan bideko segurtasuna hobetzeko.

Gonzaga Alcortak, bere aldetik, AXArentzat gazteen artean bideko segurtasunaren kultura bultzatzea zein garrantzitsua den azpimarratu du, eta baita horiek gidatzearen arriskuez eta zirkulazio istripuen ondorioez kontzientziatzea ere.

Mediku bat eta bizkarrezur-muineko lesioa duen pertsona bat

Ikastaroa mediku aditu batek eta istripu baten ondorioz bizkarrezur-muineko lesioa duen pertsona batek ematen dute elkarrekin, ordubete baino apur bat gehiago irauten duen hitzaldi bakarrean eta ikus-entzunezko materiala lagun dutela. Ikastaro horrek lau parte ditu, eta gai hauen gaineko azalpenak eta informazioa ematen dute:

• Istripuen zergatiak eta ezbeharrak saihesteko modua. Segurtasun-uhala eta kaskoa erabiltzea, zirkulazio-arauak betetzea, gidatu behar izatekotan alkohola ez hartzea, arreta galtzea (sakelakoa, musika).

• Zer egin istripu baten ostean? Lesioak ez areagotzeko, medikuak iritsi arte zauritua ez mugitzea oso garrantzitsua dela azpimarratzea.

• Istripuen ondorioak. Istripua izan duen pertsonak eta horren senideek, besteak beste, bizkarrezur-muineko lesioak (paraplegia eta tetraplegia) eta arazo fisikoak, psikologikoak eta sozialak jasan behar izaten dituzte.

• Solasaldi-eztabaida, bertan bildutako guztiekin.
Kanpaina honek mezu bikoitza dauka: batetik, istripuak eta horien ondorio larriak saihestea, eta, bestetik, petsona batek halako istripu bat jasan ostean nolako arazoak izaten dituen erakustea.

Honelako kanpaina baten emaitzak epe laburrera aztertu ezin badira ere, horren abantaila bat azpimarratu behar da; ordubete baino apur bat gehiagotan, mezua zuzen-zuzenean jasotzen dute haur eta nerabeek euren ikastetxeetan.

Bizkarrezur Muineko Lesioak Ikertzeko Elkartea (AESLEME) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Barne Ministerioak horren ?onura publikoa? aitortu zuen, eta 1990etik bizkarrezur-muineko eta garuneko lesioen prebentzioan ari da lanean, esparru guztietan.

AXA aseguruetan mundu mailan enpresa liderrak arriskuak prebenitzea du horren Erantzukizun Korporatiboaren jardunaren oinarrian. Horretarako, prebentzioaren kultura sustatzeko ekimen ugari laguntzen ditu eta ingurumenarekin, sozio-ekonomiarekin eta bizitzarekin lotutako arriskuak hobeto ezagutzeko eta prebenitzeko aurrerapen zientifikoak bultzatzen ditu.

Iruzkin bat
  • @jcmelero
    2011.eko azaroak 19

    Comentario de Twitter:
    ''Te puede pasar'', una campana para concienciar a los jovenes sobre los riesgos en la carretera http://t.co/RdoGct5o

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)