Berriak Lehendakaritza

EEEk 40. urteurrena ospatu du, energia berriztagarrien instalazioak bultzatzeko herritarren eta industriaren partaidetza etorkizuneko paradigmatzat hartuta

2022-11-14
  • Energiaren euskal bulegoaren ibilbide historikoak egoera pribilegiatu batean jarri du Euskadi, energia-krisiari aurre egiteko orduan
  • Funtsezko azpiegituren aldeko apustuak –teknologia berrien garapenaren eta energia-eredua deskarbonizatzeko berrikuntzaren emaitza– eragin du Euskadi efizienteago bihurtzen
  • Urteurren-ekitaldia gaur eguerdian egin da Guggenheim museoan, eta herrialdeko erakundeetako eta enpresetako ordezkari gorenak elkartu dira bertan

Iñigo Urkullu Lehendakaria Energiaren Euskal Erakundearen 40. urteurreneko ekitaldiaren buru izan da gaur eguerdian; 180 pertsonatik gora egon dira ekitaldian, besteak beste, Euskadiko agintari nagusiak eta energiaren alorreko erakunde eta enpresetako ordezkariak. Ekitaldiak balio izan du energia-erakundearen ibilbidean historikoak izan diren mugarriak gogora ekartzeko, bai eta efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien garapenaren aldeko apustua berresteko ere, euskal trantsizio energetikorako.

Ekitaldiari hasiera emateko ardura EEEren presidente eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak izan du. Tapiak aitortza egin die gaur egun energiaren euskal bulegoan lanean ari diren pertsonei nahiz bertatik igaro direnei. Horrez gainera, erreferentzia egin dio Euskadik gaur egungo energia-krisiari aurre egiteko duen posizioari; azaldu du Energiaren Euskal Erakundearen ekimenari eta gizartearen konpromisoari esker, efizienteago garela; izan ere, azken lau hamarkadetan egin diren ekintzak egin ezean, gaur egun kontsumitzen duguna baino % 50 energia gehiago kontsumitzen egongo ginateke. Era berean, aurten aktibatu den Kontingentzia Planari buruz hitz egin du, hala administrazioan, industrian eta enpresetan, nola herritarrek etxeetan energia aurrezteko.

Hain zuzen, herritarrak energia-kudeaketaren erdigunean jarriz, Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu nahi izan du etorkizuneko energia-proiektuetan herritarren partaidetza zuzena izatearen ideia. Eredu berrien aktibazioa iragarri du, hartara, energia berriztagarrien instalazio berriak jartzeak ondorio positibo zuzena izan dezan herritarrengan. Gogorarazi du EEEk 40 urte daramatzala berme izaten energiaren esparruko proiektuek aurrera egin dezaten, eta, era berean, aurrera egin duela herritarrei protagonismoa emateari dagokionez. Orain eredu berriak aktibatzea dagokigula iragarri du, EEE presente dagoen proiektuetan, ekoizten den energia berriztagarria herritarrentzat izan dadin zuzenean. Halaber, garraioaren deskarbonizazioak eta industriak energia berriztagarria kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu du –industria energia sortzean inplikatu beharreko eragile gisa nabarmendu du–, etorkizuneko erronkak lortzeko gako gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak