Berriak Osasuna

Osasun Sailak eta Osakidetzak epaitegiari aurkeztu dizkiote bihotzeko kirurgiaren fusioari buruzko alegazioak

2022-11-11

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak epaitegiari alegazioak aurkeztu dizkiote, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko bihotzeko kirurgia-zerbitzua Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin bateratzea eteteko kautela-neurria hartzen duen prozedurari buruzkoak. Aurkeztutako funtsezko argudioak, errekurtso-egileek alegatutakoaren aurka, honako hauek dira:

 

 

  1. Bizkaiko bihotzeko kirurgiako proiektuak ez dakar bihotzeko kirurgia-zerbitzuak ixtea eta desagertzea. Euskadin bihotzeko ebakuntza behar duen pertsona orok izango du Osakidetzaren asistentzia bermatuta. Fusio honek ez du hori zalantzan jartzen. Gainera, neurri hori hartzeko motibo nagusia herritarrentzako asistentzia hobetzea izan da.

 

  1. Ebidentzia zientifikoan Ebidentzia zientifikoak zehazten duenez, zenbat eta handiagoa izan konplexutasun handiko prozeduren bidez tratatzeko pazienteen bolumena, osasun-arloan emaitzak orduan eta hobeak izango dira eta konplikazioak eta bigarren mailako ondorioak gutxiago. Erresuma Batuko (NHS) eta Kanadako osasun-sistemak edo Estatu Batuetako Medicare bihotzetako kirurgiak zentralizatzeko neurriak hartzen joan dira. Toraxeko eta Bihotz-hodietako Kirurgiaren Espainiako Sozietateak (SECTCV) dakar, Bihotzeko Arloko Asistentzia Unitateen estandar eta gomendioen eskuliburuan, ekipo kirurgiko baten erreferentziazko populazio-eremua 1,5 milioi biztanle ingurukoa izan beharko litzatekeela, eta jardueraren atomizazioa faktore garrantzitsua dela kalitatearen murrizketan. Modu berean, kasu nagusien bolumena zentroko eta urteko 600ekoa izan beharko lukeela dio eta, inolaz ere, 250 baino gutxiagokoa. Argudio horiek fusioaren erabakia babesten dute, eta patologia hori duten pazienteak kasuak kontzentratzeko esperientzia gehien duen ospitalera aldatzea gomendatzen dute.

 

  1. Alde eskatzailea ez da kaltetuta irtengo. Esan beharra dago eskaera egiten dutenak ez direla Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko bihotzeko kirurgia-zerbitzuko profesionalak, baizik eta Kardiologia Zerbitzuko zenbait profesional. Kardiologia-zerbitzuko profesionalen taldearengan ez du eraginik izango aldaketa horrek; izan ere, ez diote utziko gaur egun pazienteei ematen ari zaizkien prozedura medikoak egiteari eta ez diote kardiologiaren eremuan prestakuntza jasotzen jarraitzeari utziko.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak zabalik izango du kardiologia-zerbitzua, eta hark jarraituko du kardiologiari lotutako prozedura guztiak egiten (hemodinamika, elektrofisiologia edo larruazalean zeharreko interbentzioak, hala nola stendak, TAVIak edo angioplastiak), Arabako, Galdakaoko edo Donostiako ospitaleetan bezala. Osakidetzaren sareko azken ospitale horiek ez daukate bihotzeko kirurgiako zerbitzurik.

 

 

  1. Antolamendu-neurri bat da, eta helburua da Euskadin osasun-arloko emaitzak hobetzea. Osasun Sailak 5 urte baino gehiago daramatza profesionalekin lanean. Neurri hori, bihotzeko kirurgia-zerbitzuari dagokionez eta langileei dagokienez, legez ezarritako prozedurei jarraikiz hartu da eta, inolaz ere, gertakarien bidetik. Azkenik, azken hilotan, urratsak eman dira planteamendu hori lortzeko, eta, horretarako, areagotu eta egokitu egin dira baliabide materialak Gurutzetako Ospialean (ZIU-Bihotzeko Kirurgia unitate berria, 26 oheren zuzkidurarekin, eta, asistentzia-premietan oinarrituta, egon daitezkeen egokitzapenak eta aldaketak kontuan hartuta), eta Basurtuko bihotzeko kirurgia-zerbitzuko langileak (74 pertsona) lekualdatu dira.

 

 

Hori guztia dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak espero dute justiziak kontuan izatea alegazio hauek, antolamendu- eta asistentzia-erabakiek pazienteentzako asistentzia izan dezaten ardatz, neurri honen helburu nagusia baita.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak