Berriak Lehendakaritza

Euskal ordezkaritza batek Japoniako hiru prefektura bisitatu ditu eskualdeko berrikuntza-politiketan jardunbide egokiak eta ezagutza trukatzeko

2022-11-11
  • Bidaia Europar Batasunaren eta Japoniaren arteko eskualdearteko lankidetza-proiektu baten parte da

Eusko Jaurlaritzak Japoniako Aichi, Hiroshima eta Kyotoko prefekturak bisitatuko ditu datorren astean. Bisita Europar Batasunaren eta Japoniaren arteko eskualdearteko lankidetza-proiektu baten parte da, eta Europako Batzordearen “Nazioarteko Hiri Lankidetza” (IUC) programak bultzatzen du, Japoniako Lurralde, Azpiegitura, Garraio eta Turismo Ministerioarekin lankidetzan. Helburu du eskualdeko berrikuntza-politiken arloko jardunbide egokiak eta ezagutza trukatzea, politika horiek hobetzeko, eta, aldi berean, nazioarteko balio-kateak sustatzea.

Lankidetza-proiektuan Europako sei eskualdek eta Japoniako bost prefekturek parte hartzen dute. Horiek ebaluazio-batzorde batek aukeratu zituen. Europan, honako eskualde hauek hartzen dute parte: Auvernia-Rodano-Alpeak eta Oise harana (Frantzian), Emilia-Romaña (Italian), Liubliana (Eslovenian) eta Euskadi eta Katalunia (Espainiako estatuan). Japonian Aichi, Kioto, Osaka, Hiroshima eta Oita prefekturek parte hartzen dute.

Japoniara doan euskal misioa Lehendakaritzako eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen, eta Hezkuntza sailetako ordezkariek osatzen dute, eta Basque Research & Technology Allianceko eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreko ordezkariak izango dituzte ondoan. Landu nahi diren lehentasunezko gaien artean, alde batetik, IKUR 2030 estrategian zehaztutako bikaintasuneko ikerketa zientifikoko lau arlo enblematiko daude: neurozientziak, teknologia kuantikoak, neutronika eta errendimendu handiko konputazioa, eta adimen artifiziala. Eta, bestetik, espezializazio adimenduneko RIS3 arloetan zehaztutako lehentasun hauek daude: industria adimenduna, energia garbiagoak eta osasun pertsonalizatua. Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana ezartzeko esparru kritikoak dira kasu guztietan.

 “Euskadi Basque Country 2025” Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren arabera, Japonia lehentasunezko herrialdea da. Munduko hirugarren ekonomia izateaz gain, gure balio asko partekatzen dituen milaka urteko kultura duen herrialdea da. 350 euskal enpresa baino gehiagok esportatzen dute aldizka Japoniara, eta indar eta aktibo teknologiko garrantzitsuak eskaintzen ditu automobilgintzan, robotikan, elektronikan, makina-erremintan, energia berriztagarrietan, osasunean, etab.

Euskadik bi “elkar ulertzeko memorandum” sinatu ditu prefektura hauekin: Mie (2018an) eta Fukushima (2019an). Eskualdearteko lankidetza-proiektu honen laguntzarekin, lankidetza hori Japoniako prefektura gehiagotara zabaldu nahi da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak