Javier Hurtado sailburuak: “Kirol-turismoak lagundu egiten du gure bisitariak fidelizatzen eta haiek Euskadiko enbaxadore bihurtzen”

2022-11-11

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Behobia 2022 lasterketaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Urtero, Euskadiko, beste autonomia-erkidego eta beste herrialde batzuetako 30.000 korrikalari baino gehiago biltzen ditu Behobiak Donostian.

Behobiak hiria eta lurraldea dinamizatzeko duen gaitasuna nabarmendu du sailburuak, baita bisitariak erakartzeko ere. “Behobiak bizitzaz eta jardueraz beteko ditu gure kaleak, eta, zalantzarik gabe, eragin handia izango du tokiko ekonomian. Behobia bezalako herri-lasterketei ez ezik, naturako jarduerei, parte hartzera edo besterik gabe ikustera jendea erakartzen duten kirol-ekitaldiei lotutako kirol-turismoan goranzko joera antzematen da gure gizartean”.

Sailburuak azaldu duenez, kirol-turismoari esker, gure helmuga ezagutu, jarduera paraleloak egin eta berriro etortzea erabaki dezake bisitariak. “Gure azterlanen arabera, Euskadi bisitatzen dutenak lagunen eta senideen gomendioz etortzen dira batez ere. Gainera, fidelizazio-tasa altua da, % 50etik gorakoa, hau da, 2 turistatik 1ek errepikatu egiten du bisita. Eta gogobetetze-indizeaz ari bagara, % 90ekoa da. Eta gure bisitariak preskriptore bihurtzea da egiten dakigun gauzetako bat, Euskadi gizarte abegikor, plural, ireki eta anitza baita, eskaintza turistiko askotarikoa eta nazioartean ospea zabaldua duen gastronomia dituena.

Amaitzeko, sailburuak adierazi duenez, Behobia bezalako ekitaldiek lagundu egiten dute “gure turismo-estrategia indartzen, desestazionalizazioan eta gure eskaintzaren dibertsifikazioan oinarritua”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak