Berriak Segurtasuna

Ertzaintza eta I+G+b-ren arloko Europako organismo batzuk gertaera kritiko baten beste proba pilotu batean ari dira lanean aste honetan Iurretan Adimen Artifizialean oinarritutako erremintak erabiliz

2022-11-12

Ertzaintzak tresna teknologikoen proba pilotu bat eta bateratze-lan bat hartu ditu aste honetan Iurretako egoitzan, I+G+b-ren arloko Europako proiektuen esparruan. Ertzaintza beste polizia-kidego batzuekin eta teknologiaren eta ikerketa zientifikoaren esparruko beste enpresa eta segurtasun-agentzia batzuekin batera ari da proiektu horietan parte hartzen. INGENIOUS izeneko proiektuaren barruan egin den erakustaldian gertaera kritiko baten simulakroa egin dute.

Europako hainbat herrialdetako erakundeen 100 bat ordezkari izan dira azaroaren 7tik 10era bitartean Iurretan erreminta teknologikoak probatzeko, simulatzeko eta, ondoren, ebaluatzeko egin diren saioetan; oraingoan biktimadun eraso edo gertaera kritiko bat simulatu dute.

Europako Batzordearen Horizon 2020 programak finantzatzen duen INGENIOUS proiektuak aplikazio adimendunekin lan egiten du, horien artean, aurpegia ezagutzeko aplikazioarekin, gertaera baten biktimen arreta eta triajerako aplikazioarekin eta sare sozialetan informazioa arakatzekoarekin, eta, horrez gainera, drone bidezko kartografia, Txakur Unitatearentzako kameradun txalekoak eta azken berrikuntza teknikoak dituzten botak, kaskoak, eskumuturrekoak edo gas-sentsoreak ditu.

Ertzaintzak eta bazkide laguntzaileek Iurretako basean probatu eta monitorizatu dute erreminta bakoitza pantaila eta aplikazio espezifikoen bidez. Eraso terrorista baten simulakroa izan da, eta analisiko eta esku hartzeko dispositibo osoa jarri dute abian.

Goi-teknologia segurtasunaren zerbitzura

Lehenik eta behin, agertokia airetik kartografiatzeko eta ebaluatzeko drone bat erabili dute.

Aurretik, sare sozialak arakatzeko aplikazio batek detektatu du erabiltzaileek eraikin batzuen barrena ihes egiten ikusi dutela erasoaren egilea. Jarraian, Ertzaintza lekura iritsi da kameradun txalekoz hornitutako K9 Txakur Unitatearekin, ihes egin duen susmagarria aurkitzeko. Arrastatu dutenean, aurpegia ezagutzeko aplikazio batekin eskaneatu dute identifikatu ahal izateko.

Lehentasuna izan da eremua segurtatzea biktimak aurkitzeko eta biktimak erreskatatu eta ateratzeko talde bat hedatzeko, erreminta espezifikoak erabiliz: botak, kaskoa, uniformea eta gas toxikoen sentsorea.

Ondoren, SAMUk biktimen triajea eta ebaluazioa egiteko aplikazio bat probatu dute.  Aurpegia ezagutzeko erreminta simulakroaren biktima bat identifikatzeko ere erabili dute, zauri handia baitzuen aurpegian.  

Gertaera segurtatu eta krimenaren agertokitzat jo ondoren, Polizia Zientifikoa agertokia dokumentatzen eta ebidentziak bilatzen hasi da, eta, horretarako, eremua filmatzeko kasko bat eta AR (errealitate areagotuko) betaurrekoak jarri dituzte praktikan.

Simulakro/ariketaren estalduran parte hartu dute, halaber, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako esku-hartze zerbitzuko bi teknikarik, Gurutze Gorriak, DYAk, Bizkaiko eta Arabako suhiltzaileek eta Osakidetzako larrialdiek.

Etengabeko hobekuntza segurtasunean

Ertzaintzak parte hartzen duen Europako proiektu hauen helburua da herritarrei segurtasunaren arloan, krimen antolatuaren eta terrorismoaren aurkako borrokan, eta abarrean eman beharreko erantzuna hobetzea, teknologia berriak erabiliz, oinarrizko eskubideak errespetatzen diren aldi berean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak