Garraio Sailak jendaurrean jarri du tranbia Zabalganara luzatzeko informazio-azterlana
- Jendaurrean jarri den trazadura da ETSk egindako irizpide anitzeko azterlanean ondoen baloratu dena, 11 geraleku eta 5,8 kilometroko luzera proposatzen ditu, 117,8 milioi euroko aurrekontuarekin, material errodagarria eta kotxetegi berriak barne.
- Alegazioak aurkezteko epea azaroaren 14an hasiko da, astelehenean, eta 30 egun baliodunez luzatuko da.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak “Gasteizko Tranbia Zabalganara luzatzeko Informazio-azterlana. Erdialdeko konexioa” izeneko informazio-azterlana argitaratu du gaur goizean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratutako ebazpenaren arabera, astelehenean, hilak 14, hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira, edukiari, interes orokorreko adierazpena justifikatzen duten inguruabarrei eta trazaduraren kontzepzio orokorrari dagokienez egoki iritzitako alegazioak.
Horretarako, epe horretan, informazio-azterlana guztien eskura egongo da interneteko www.euskadi.eus webgunean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura Proiektuen Informazio Publikoaren atalean (https://www.euskadi.eus/tranvia-zabalgana-centro/web01-a2garrai/es/) eta Gasteizko Udalean.
Zabalgana hirigunearekin eta tranbiaren gainerako lineekin lotzeko luzapenak 5,8 kilometroko trazadura planteatzen du, 11 geralekurekin. Bi adar izango ditu, Jundiz eta Mariturri, eta tarte komun bat Lovainaraino. Aurreikusitako kalkulu ekonomikoa 117,8 milioikoa da, material errodagarria eta kotxetegi berriak barne.
Jendaurrean jarri den proposamena alternatiben azterlanean aztertutako aukera anitzen azterlan sakonaren emaitza da, baita fase honetan puntuaziorik handiena lortu duena ere, teknika, zerbitzu eta hiri-integrazio arloetako prestazio onenak eskaintzen dituelako.
Azaroaren 14tik aurrera aurkeztuko diren alegazioak aztertu ondoren, Zabalganako azpiegituraren eraikuntza-proiektua idazteko erakunde arteko akordioa beharko da bertan inplikatuta dauden administrazioen artean: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Ondorioz, hautatutako alternatibak erakundeen arteko adostasuna izan beharko du.
Trazadura
Informazio-azterlanean proposatutako trazadura Lovainako geltokian hasiko da. Bertan, Zabalganako linearen erabiltzaileek Gasteizko tranbia-sistemako gainerako lineekin konektatu ahal izango dute, eta alderantziz.
Ibilbideak Lovainako biribilgunea zeharkatuko du eta Adriano VI kalearekin bat egingo du. Hara iritsitakoan, izen bereko geltokia dagoen Abendañotik desbideratuko da. Abendañotik, trazadura Díaz de Olano Pintorea kalera joango da. Abendaño eta Bustinzuri artean geltoki bat egongo, Gasteizko udaletxearen ondoan.
Behin geltoki hori gaindituta, eta Bustinzuritik hegoaldera egin ondoren, tranbiak Teodoro Dublang Pintorea kalea zeharkatuko du, Pedro Asuara iritsi ahal izateko. Pedro Asuatik igaro ondoren, BEArekin gurutzatzen den lekuan, Kalkutako Ama Teresa kalean geltokia egongo da. Ondoren, tranbiak mendebalderantz jarraituko du Kalkutako Ama Teresa kaletik. Hara iritsitakoan, Ozeano Barea kalea hasten den biribilguneraino iritsiko da ibilbidea, eta Zabalgana hiribiderantz biratuko du, Borinbizkarra geltokia dagoen tokiraino. Zabalgana Etorbidetik jarraituko du, Nazio Batuen Etorbideko biribilguneraino. Bertan, linea bi adarretan banatuko da: Mariturri eta Jundiz.
Alde batetik, Mariturriko adarrak zuzen jarraituko du hegoalderantz, Zabalgana etorbidearen erdibitzailetik, Zabalganako geltokia dagoen tokitik. Ondoren, trazadurak ekialderantz egingo du Giza Eskubideen Etorbiderantz, eta bertan geltoki bat egongo da. Trazadurak hegoalderantz biratuko du Iruña Veleia Etorbidean. Biraketa egin bezain laster, Iruña Veleiako geltokia egongo da, eta, ondoren, trazadurak Sofia Erregina Etorbidearekin bidegurutzeraino jarraituko du. Azkenik, ibilbideak Iruña Veleiatik ekialderantz biratuko du, eta bertan egongo da adarreko azken geltokia, Mariturri.
Bestalde, Jundizko adarrak mendebalderantz egingo du Nazio Batuen Etorbidetik, Zabalgana Etorbidearen eta Nazio Batuen Etorbidearen artean dagoen biribilgunetik. Zabalgana HLHIren aurrean geltoki bat egongo da, eta kalearen amaieran beste bat, Jundiz.
Jendaurrean jarri den trazadura-proposamen hori alternatiben azterlan sakonaren ondoren puntuaziorik onena lortu duena izan da, eta azterlan hori dokumentazio publikoari erantsi zaio eranskin gisa. Alternatiben azterlan horrek trazaduraren beste aukera batzuk ere baloratu eta puntuatu ditu, irizpide anitzeko azterketa baten bidez, eta hainbat alderdi hartu ditu kontuan, hala nola bidaiari eskaria, tranbia-eragiketa, hiri-integrazioa, eraginak trafikoan, ingurumen-inpaktua edo inbertsioaren kostua.
Kotxetegi berriak
Gasteizko tranbiaren ondoz ondoko luzatzeek, etorkizunean sareari zerbitzua emango dioten tranbia-unitateen logela nagusi bihurtuko diren kotxetegi berriak eraikitzea eskatzen dute. Informazio-azterlanak ekipamendu berri hori Arabako hiriburuaren hegoaldean kokatzea proposatzen du, Aretxabaletako Kontzejuaren ondoan.
Lurzati “ia” angeluzuzena da, bi eraikin independente ditu, tranbietarako 2 sarbide, aparkatzeko bi posizio dituzten 11 trenbide, horietako batean beheko eta goiko sarbidea duen trenbide bat eta kanpoko aparkaleku eta biltegiratze eremuak.
Hori ez da aztertutako aukera bakarra. Alternatiben azterlanak, puntuazio txikiagoarekin bada ere, Salburuako adarretik abiatuko litzatekeen Betoñuko lursail batean kokatzea ere baloratu du.