Berriak Lehendakaritza

Euskadik eta Txileko Santiagoko Metropoli-Eskualdeak harremanak sakontzea eta sendotzea adostu dute

2022-11-11
  • Lehendakariak eta eskualde horretako gobernadoreak lankidetza-esparrua zazpi arlotan zabaltzen duen Elkar Ulertzeko Memorandum bat sinatu dute

Lehendakaria Santiagoko Metropoli-Eskualdeko (Txile) gobernadore Claudio Orregorekin bildu da gaur goizean Ajuria Enea Jauregian, eta Euskadiren eta eskualde horretako gobernuaren arteko Elkar Ulertzerako Memoranduma sinatu du. 

Akordioa sinatu ondoren, bi arduradunek agerraldia egin dute bi gobernuek dituzten aldebiko harremanak sendotu eta sakondu nahi dituen akordio horren nondik norakoak azaltzeko. 

Hala, Lehendakariak ziurtatu du Santiagoko Metropoli-Eskualdea Txileko garrantzitsuena dela, eta Euskadi Basque Countryren nazioartekotzeko programak lurralde estrategikotzat hartzen duela. Gogora ekarri du, gainera, Claudio Orrego gobernadorearekiko harremana Peñalolengo alkate zela hasi zela – Metropoli Eskualdeko komunetako bat –, eta orain arte ingurumen eta iraunkortasun arloko lankidetza bateratuen bidez mantendu dela. 

Gaur sinatu duten memorandumari buruz, Iñigo Urkulluk esan du anbizio handikoa dela eta elkarrekin aurrera egiteko borondate sendoa duela. “Ziur gaude emaitzak bi aldeentzat onak izango direla”- amaitu du. 

Bestalde, Orreo gobernadoreak adierazi du Euskadi eta Txile "etengabe senidetutako" bi herri direla, eta Latinoamerikan Euskadi Europako lurralde aurreratuenetako bat dela hazkunde ekonomikoari, ingurumen-iraunkortasunari eta gizarte-kohesioari dagokienez.

Lankidetza-esparrua zabaltzea 

Elkar Ulertzeko Memorandumak bi gobernuen arteko lankidetza-esparrua zabaltzen du, eta lankidetza espezifikoko baterako jarduerak, proiektuak eta programak gauzatzeko oinarriak ezartzen ditu, alde biko harremanak sendotzeko eta sakontzeko. 

Zehazki, akordioak aukera emango du guztien arteko lana zazpi esparrutan zabaltzeko: gizarte-garapena; garapen ekonomiko iraunkorra, klusterren eta enpresen parte-hartzearekin; espezializazio adimenduna; berrikuntza eta garapen teknologikoa; ingurumena; lurralde-plangintza eta hiri-berroneratzea; eta turismoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak