Berriak Herrizaingoa
Eu

Mendiko segurtasunaren inguruko jardunaldiak, BBK Aretoan

2011.eko azaroak 16

Adituek kirol hau modu seguruan egitearekin lotutakoak aztertuko dituzte lau egunez. Eusko Jaurlaritzak eta BBK-k antolatutako jardunaldietan parte hartuko dituzten adituen artean, Aran hareneko Jordi Gavaldá elur-jausitan aditua nabarmendu daiteke.

BBK Aretoak mendiko kirola modu seguruan egitearekin lotutako hitzaldiak, aurkezpenak eta mahai-inguruak hartuko ditu azaroaren 21etik 24ra, gaia hainbat ikuspuntutatik aztertzeko. Jardunaldiak azaroaren 21ean abiatuko dira, 20:00etan, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordea, Raúl Fernández de Arroiabe, eta Juanjo San Sebastian mendizale eta BBKren mendi arduraduna arituko dira horiek abiatzeko inaugurazio ekitaldian. Lehen egunean Aran haraneko Jordi Gavaldá elurroldeak iragartzeko zentroko arduradunak ere parte hartuko du, eta mendian neguan elur-jausiek eragiten dituzten kalteak murrizteko gakoak azalduko ditu.

Azaroaren 22an, asteartean, Paz Sanda, Sendoa Ballestero eta Iñaki Ituarte osasun-laguntza eta larrialdietan adituek mendian istripuak eragiten dituzten faktore ohikoenak aztertuko dituzte, eta horiek saihesteko neurriak eta, istripurik izanez gero, horien aurrean egin beharrekoak azalduko dituzte.

Azaroaren 23an, asteazkenean, Kepa Lizarraga Euskal Mendizale Federazioko medikuak istripuei aurre egiteko heziketa eta formazioa zein inportanteak diren azpimarratuko du, eta Luis Masgrau Aragoiko Mendi Federazioko Presidente eta Espainiako Mendiko Medikuntza eta Sorospena Elkarteko kideak mendietan seguru ibiltzeko bere esperientzia azalduko du, Aragoin izandako istripuen inguruko galdeketa, estatistika eta azterketa ugari oinarri hartuta. 20:45ean, Herrizaingo Saileko Helikopteroen Unitateko agenteek eta Ertzaintzaren Erreskate Taldeko kideek horrelakoen aurrean jokatzeko dituzten prozedurak eta eskura dituzten baliabideak azalduko dituzte, eta mendiko istripuetan helikopteroak zein zeregin duen aztertuko dute.

Jardunaldiak azaroaren 24an, ostegunean, bukatuko dira, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordeak, Raúl Fernández de Arroiabek, eta Víctor Fernández de Erentxunek, Mendi Aseguruetan adituak, erreskate operazioen kostua aztertuta. Jardunaldiotan, Tasei buruzko Legea aldatzeko Eusko Jaurlaritzaren lege-egitasmoaren puntu nagusiak aurkeztuko dituzte, muturreko kirolak egiten dituzten edo arduragabekeriaz jokatzen duten pertsonei erreskateak kobratzea aurreikusten baitu. Mendi-ibiliak egiteko zaletasuna eta mendizaletasuna ez dituzte kirol arriskutsu gisa hartuko. Hala ere, zigortzeko moduko kasuak egon daitezke, erreskatea baldintza meteorologiko txarrak iragartzeko alerta-egoera deituta zegoela egin behar izatea, esaterako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)