Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak 2022-23ko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

2022-11-09
  • Planaren bidez koordinatuko dira erakundeek mobilizatzen dituzten baliabideak
  • Aurtengo neguan elurra kentzeko 205 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko 7 garabi, koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailu eta Ertzaintzako lurralde-unitateko patruilak aktibatu ahal izango dira
  • Iazko neguan 6 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana

Eusko Jaurlaritzak koordinatuko duen 2022-23ko Neguko Bideozaintza Planean jaso denez, elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 205 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu izango dira. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2022-23ko negurako 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.

Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Aurreko neguetan bezala, Plana zati batean aktibatu ahal izango da, elur-mailaren eta prezipitazio-kopuruaren arabera. Zehazki, jarraipen-eta informazio-fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio-kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean”.

Eusko Jaurlaritzaren Neguko Bidezaintza Plana iragarpen meteorologikoen eta meteorologiak Euskadiko errepideetan duen eraginaren arabera baliabideak mobilizatzen dituzten erakundeak eta autobideen emakidadunak koordinatzeko plan bat da.

Neguko Bidezaintza Plana 6 aldiz aktibatu zen aurreko neguan

2021-22ko neguan planaren azken urteetako antzeko aktibazio-kopurua erregistratu zen. Jarraipen- eta informazio-fasea sei aldiz aktibatu behar izan zen, 2020-21eko neguan baino aktibazio bat gehiago izan zen, beraz. Fase operatiboa, berriz, hiru aldiz aktibatu behar izan zen 2021-22ko neguan, eta aurreko 3 neguetan baino aktibazio bat gehiago izan zen, beraz. Nabarmendu behar da 2017-18ko neguan guztira 17 aktibazio erregistratu zirela, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zela.

Aktibazioak NBP

2021-22

2020-21

2019-20

2018-19

2017-18

2016-17

2015-16

Jarraipen-fasea

6

5

6

8

17

8

11

Fase operatiboa

3

2

2

2

10

6

8

Elurrak/izotzak Euskadiko errepide-sareko trafikoan izan zuen eraginaren ikuspegitik, ondorioztatu behar da 2021-22ko negua aurreko biak baino, hau da 2020-21ekoa eta 2019-20koa baino, gogorragoa izan zela eta 2018-19koaren antzekoa. Adibide moduan, aipa daiteke 2017-18 kanpainan NBP Koordinatzeko Organoaren Krisi Mahaia 5 aldiz elkartu behar izan zela, eta 2018-19ko eta 2021-22ko neguan, aldiz, behin bakarrik elkartu zen; eta 2020-21eko eta 2019-20ko neguetan ez zen Koordinazio Organoa deitu beharrik izan.

Aholku praktikoak

Eguraldi txarrarekin kontu handiz eta zuhurrago ibili behar da errepidean. Abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Pneumatikoek egoera onean egon behar dute, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzeko diseinatuta baitaude. Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.

Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.

Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokeatu ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurretan autoa oso poliki abiarazi behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar gutxiago aplikatzeko.

Iruzkin bat
  • @TribunaLibreES
    2022-11-09

    Comentario de Twitter:
    ✳ El invierno pasado se activó el Plan de Vialidad Invernal en 6 ocasiones

    https://t.co/C8NmBvzi23

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak