Kontroleko osoko bilkura (2022/11/11)

2022-11-11

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, burujabetza beharrari buruz.

Lehendakariak baieztatu du urratsak emateko asmoa duela, Lehendakari den aldetik. “Lehendakariak izan du eta badu eginkizunik urrats zehatz gehiago egiten jarraitzeko”, esan du. Zentzu honetan, Gernikako Estatutua urrats bat dela gogorarazi du, “Autogobernu ahalmen bat eman digu eta urte hauetan hamaika eskumen berriekin indartu dugu”. “Lehendakariak aitortutako Autogobernua betetzea aldarrikatzen ari da eta Espainiako Gobernuak horretan hitza eman zuen”, gaineratu du. Halaber, Jaurlaritzak eta Lehendakariak Autogobernuaren “higadura isila” dokumentatu egin dutela aipatu du. “Europan den testuingurua kontutan hartuz, gure apustua urratsez urrats Autogobernua indartzen eta areagotzen jarraitzea da”, adierazi du.

Horrela, azken hilabetean emandako urrats zehatzei egin die errefentzia Lehendakariak: Frantzian izango den Ordezkaritza berria eta Nazio Batuek “Local 2030” idazkaritzaren egoitza Euskadin ireki izana, besteak beste.  

Hemendik aurrera, Urkulluk nabarmendu du Legebiltzarrak erabaki behar duela nola eman urrats berriak etorkizuneko Autogobernuan aurrera egiten jarraitzeko.

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2023ko aurrekontuei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du onartu den aurrekontu-proiektua legebiltzar taldeekin negoziatzeko eta adostasuna lortzeko abiapuntua dela, eta, azkeneko urteetan erakutsi moduan, “arduraz negoziatzeko prest gaude eta ados jartzeko borondatea dugu”.

Irailaren 22an luzatutako bost herri akordioetarako proposamenetako bat aurrekontuak direla gogoratuz, Iñigo Urkulluk baieztatu du, gehiengo oso izan arren, bizi dugun egoera ezagututa onuragarria litzatekela orain dugun baino indar gehiagorekin babestea datorren urteko aurrekontuak.

“Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa da bidea. Legebiltzar taldeak aurkeztutako proposamenak aztertzen ari dira Sailak eta zentzuzko eta arrazoizko akordio errealista bat lortu arte negoziatzen jarraitzeko prest gaude. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak asteazkenean ekin zion bide horri eta datorren astean jarraipena emango dio, aldez aurreko baldintzarik gabe”, adierazi du. 

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak emandako eta Auzitegi Nazionalak errebokatutako hirugarren espetxe-graduei buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eskatutako gradu-progresio bakoitza espetxe- eta lanbide-ikuspegitik bermatuta dago; izan ere, eskaera orok Tratamendu Batzordearen bermea du, eta batzorde horrek txosten indibidualizatuak, zorrotzak eta profesionalak egin ditu aurretik. “Gure erabakiak indibidualizatuak dira, irizpide teknikoekin eta beti juridikoki ondo oinarrituak; baina Auzitegi Nazionalak du azken hitza, ordenamendu juridikoak ezartzen duen bezala. Espetxe-zaintzako epailearen edo Auzitegi Nazionalaren autoa jakinarazten zaigunean, errespetutik, zehazten dutena beteko dugu, instantzia judizial eskudunak baitira”, adierazi du.

Era berean, Urkulluk argitu du hirugarren gradua kondena bat betetzeko modu bat dela, eta ez duela zigorra betetzeari utzi behar. “Espetxe-erregelamenduaren 102.3 artikuluak aurreikusten duen betetzeko modua da, beren inguruabar pertsonalak eta espetxeratuak direla eta, erdi-askatasuneko bizi-erregimena gauzatzeko gaitasuna dutenentzat”, esan du.

“Lehen urte honi buruzko gure balorazioa da espetxe-eredua zorroztasun juridiko eta profesional berarekin kudeatzen jarraitu behar dugula. Baita presoak gizarteratzen lagunduko duen orientazio berarekin ere. Hala egiten jarraituko dugu, preso guztiei beti irizpide berberak aplikatuz”, amaitu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoan botere judizial propioa sortzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du proposamen hori ez datorrela bat eskumen-apeta batekin, baizik eta eredu hurbilago eta eraginkorrago bat emateko beharrarekin, herritarren eskubideak behar bezala artatu direla eta gatazkak azkar eta egoki konpontzen direla bermatzeko.

Hala, azaldu duenez, botere judizial propio batek gure lurraldean aplikatzekoak diren legeak interpretatzeko, integratzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren organo judizialak eman beharko lizkiguke, baita sor litezkeen eskumen-arazoak ebazteko ere. “Beste behin ere, erakundeak pertsonei hurbiltzeaz ari naiz. Hurbileko kudeaketa batetik eta berehalako errealitatea ezagutzeak hobeto erantzuten die herritarren eskaerei. Hurbiltasun horrek, norberaren errealitatea hobeto ezagutzearekin batera, pertsona guztiei berdintasunezko tratua emateko bermea da”, adierazi du.

Lehendakariak aipatu duenez, planteamendu horren alde hiru irizpide daude: Konstituzioa, Gernikako Estatutua, 13. eta 14. artikuluetan; eta Konstituzio Auzitegiak berak ere onartu izana Estatu Federal baten eta Estatu Autonomiko baten arteko desberdintasun nagusia bigarren horretan botere legegilea eta betearazlea banatuta daudela, baina EZ judiziala. “Horiek dira Konstituzioaren barruan eta Gernikako Estatutuaren espiritua errespetatuz Foru Erregimena eguneratzeko egin dudan proposamenaren oinarrian dauden irizpideak”, esan du.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Espainiak 2023ko bigarren seihilekoan Europar Batasuneko presidentetza edukitzeari buruz.

Lehendakariak gogorarazi du Euskadik, eta autonomia-erkidego guztiek, Europar Batasuneko Kontseiluaren Lehendakaritzan parte hartzeko ildo nagusiak uztailaren 29an Leioako Artaza Jauregian egin zen Europar Batasunarekin Lotutako Gaietarako Konferentzian (CARUE) planteatu eta aztertu zirela.

Lehen bilera horren ondoren, eta orain arte, Urkulluk adierazi duenez, Euskadin goi mailako bi bilera antolatuko direla baiezta daiteke: alde batetik, uztailean Lehiakortasunaren Kontseilu Informala bilduko da Euskadin, eta, bestetik, irailean Ordezkari Iraunkorren Kontseiluaren bilera egingo da. Lehendakariak adierazi du dagoeneko hasi direla prestatzen Euskadin goi mailako nazioarteko bi topaketa horiek hartzeko.

Gainera, Lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak ekimen berriak planteatuko dituela, eta horien artean, honako hauek aurreratu ditu: Makroeskualde Atlantikoa bultzatzea; Eskualde Konstituzionalak Europar Batasunaren arkitekturan sartzeari buruzko eztabaida bultzatzea; eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zaio lehendakaritzak denbora-epe egokia eskaintzen duela Euskadik Europar Batasunaren ziklo politikoan duen parte-hartzea zabaltzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak