Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko aurrekontuen gaineko babesa areagotzeko legebiltzarreko taldeekin egindako lehen bileraren balorazioa

2022-11-09

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak aurrekontuen inguruko lehen negoziazio-bilera egin du EH BILDU, ELKARREKIN PODEMOS-EB eta PP-CS legebiltzarreko taldeekin, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontuen gaineko babesa areagotze aldera.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-EB taldeek proposamen zabala eta kuantifikatua aurkeztu dute, eta proposamen horretan askotariko konpromiso politikoak ere barne hartu dituzte. PP-Cs taldeak, berriz, kuantifikatzen jarraitu behar diren gaiak helarazi ditu.

EH BILDU

2023rako proposamen berriez gain, EH Bildu Legebiltzarreko taldea “ez dago ados” 2022rako lortutako akordio politikoen betetze-mailarekin.

Puntu horren ildotik, sailburuak nabarmendu du % 100ean Eusko Jaurlaritzaren mende dauden aurrekontu-konpromisoak beteta daudela.

Konpromiso politiko horien arloan, adostutakoaren hitzez hitzeko testua gogorarazi da, eta hori Eusko Legebiltzarraren bidez bete da (eskumen-esparrua):

  • Etxebizitza Legea oraindik ere tramitatzen ari da Kongresuan, eta arlo horretan honako konpromiso hau hartu zen: “Alokairu pribatuaren prezioak erregulatzearen arloko Estatuko etorkizuneko araudiak horretarako aukera ematen duenean eta Eusko Legebiltzarrak horri buruz hartutako erabakien arabera, alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abiaraztea, euskal errealitatearen berezitasunetara egokituta”.
  • Lana eta enplegua. Arlo horretan hau adostu zen: “Hitzarmen kolektiboetan, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala den lanbide arteko gutxieneko soldata babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartzea, enpleguaren eta gizarte-elkarrizketaren esparru guztietan”. Joan den urrian, Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeek Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten negoziazioan eta akordioan aldeen borondate askea errespetatzen eta babesten jarraitzeko —sektore-hitzarmenen sinaduran eta enpresa-hitzarmenen sinaduran islatzen ari da hori—, baita gizarte-elkarrizketan sakontzen jarraitzeko ere, Euskadiko Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren bidez. Ekintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenen barruan sartzen dira.

Azpiazuk EH Bilduren proposamena jaso, eta hitz eman du aztertuko duela eta alternatiba bat planteatuko duela, aurrekontuen eta eskumenen ahalmenen barruan. EH Bilduren hasierako zenbatespen ekonomikoa 450 M€ ingurukoa da.

ELKARREKIN PODEMOS-EB

EH Bilduk bezalaxe, Elkarrekin Podemos-EB taldeak bere proposamena helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, eta proposamen hori hasiera batean 511 M€-tan baloratu dute. Era berean, proposamen horretan askotariko konpromiso politikoak barne hartu dituzte.

Talde horrek iaz sartutako kontuetako batzuk sartu ditu aurten ere, garrantzi handikoak iruditzen baitzaizkio oraindik. Era berean, jakitun da haien proposamenean jasotako kopuruak gainditzen duela Eusko Jaurlaritzarentzat ekonomikoki bideragarria dena.

Lanean jarraitu ahal izateko abiapuntu bat da.

Azpiazuk Elkarrekin Podemos-EB taldearen proposamena jaso, eta hitz eman du aztertuko duela eta alternatiba bat planteatuko duela, aurrekontuen eta eskumenen ahalmenen barruan.

PP-Cs

Azpiazu sailburuarekin bildu den hirugarren taldea da.

Proposamen fiskal zehatzak helarazi dituzte —Eusko Jaurlaritzaren eskumen-esparrutik haratago doazenak—, baita Eusko Jaurlaritzak kuantifikatu eta aztertu beharreko beste neurri batzuk ere.

 

AZKEN OHARRAK:

  1. Legebiltzarreko hiru talde horietako batek ere ez du “lerro gorririk” jarri akordio baten alde lanean jarraitzeko.
  2. Bilera horietan guztietan, Azpiazu sailburuak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu- eta eskumen-esparruaren barruan kokatu du negoziazioa.
  3. Gaur jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Azpiazu sailburuak beste bilera batera deituko ditu hiru taldeak, babes handiagoa lortzeko bidean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)