Berriak Lehendakaritza

Euskadi liderra da I+G-eko inbertsioan Estatuan, eta bere posizioa sendotu du berrikuntza handiko Europako herrialdeen artean

2022-11-08
  • Lehendakariak inauguratu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXII. Astea
  • Eusko Jaurlaritzak % 10 gehitu ditu I+G+b sustatzeko partidak 2022an, eta % 12 gehitu nahi du datorren urtean
  • Euskadi trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari, sozialari eta sanitarioari lotutako erronken eta aukeren aurrean kokatzen da.
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak talentua nabarmentzen du aurrerapenerako elementu kritiko gisa, eta Euskadi ekintzailetza eta berrikuntza disruptiboan erreferente gisa kokatzeko apustua egiten du 

Iñigo Urkullu Lehendakariak Astearen XXII. edizioari – Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteari – hasiera eman dio gaur arratsaldean Arabako Miñaoko Parke Teknologikoan egindako ekitaldi batean. Bertan 80 pertsona inguruk parte hartu dute, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kideak barne.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Astea gizarte osoari irekitako erreferentziazko ekitaldi gisa finkatu da, eta horri esker, ikerketa eta berrikuntza balioetsi dira eta Euskadin garatutako azken aurrerapen zientifiko eta teknologikoak ezagutarazi dira. Asteak lan garrantzitsua eta beharrezkoa betetzen du, eta ikerketa-jarduera onuradun nagusienengana, herritarrengana, hurbiltzeko balio du. 

Horrela, zientzia giza garapenaren eta ezagutzaren etengabeko bilaketaren motorra dela adierazi du, eta pertsonen bizitza hobetzea zientziaren ekarpenik nobleena dela. Ikerketak aurrerapen ekonomikoan eta gizartearen erronka nagusiak konpontzen lagundu behar du, pandemiarekin berriki frogatu den bezala. 

Lehendakariak azpimarratu duenez, printzipio horrek indarrean jarraitzen du munduko egoera geopolitikoaren, Ukrainako gerraren, tentsio ekonomiko eta energetikoen edo klima-aldaketaren ondoriozko erronka eta zailtasun berriei aurre egin behar diegunean. 

Amaitzeko, Lehendakariak berriro eskatu du, eskakizun handiko une hauetan, erantzunkidetasuna eta konpromiso partekatua. Auzolanaren filosofiatik, guztiok egin behar dugu gure ekarpena Euskadirentzat etorkizun hobea eraikitzeko. Halabeharrez berrikuntza behar duen etorkizuna dela esan du.

Euskadi, liderra I+G-eko inbertsioan

Duela gutxi argitaratutako 2022 Euskadiko Zientziari buruzko Txostenak jasotzen duen bezala, Euskadi liderra da I+G-eko inbertsioan Estatuko autonomia erkidegoen artean, barne produktu gordinaren % 2,2rekin. Europako funtsen per capita itzuleraren buru ere bada, Espainiako batez bestekoa ia hirukoiztuz. 

Txosten horren arabera, EAEko ekoizpen zientifikoa % 16 hazi zen pandemia aurreko produkzioarekin alderatuta, eta bikoiztu egin zuen balioa azken hamarkadan. Era berean, bikoiztu egin da lehen kuartileko aldizkarietako argitalpenen ehunekoa (nazioartean ospe handiena dutenak), % 60ra iritsi arte.

Eustatek jakinarazi berri duenez, Euskadi berrikuntza handiko Europako herrialdeen artean dago EIS 2022an (European Innovation Scoreboard). 0,6ko balioarekin, Euskadi EB-27ko batez bestekoa baino % 10 gorago dago, eta nabarmen gainditzen du Estatuaren posizioa, berrikuntza moderatuko herrialdeen artean mantentzen baita. 

Azkenik, Eustatek 2021erako aurreratutako I+Gko barne-gastuaren zenbatespena oso positiboa da: aurreko urtearen aldean % 10,4ko hazkundea aurreikusten da. 2008tik izan den gorakadarik handiena izango litzateke, orduan hasi baitzen munduko finantza-krisi handia.

Gobernuak % 10 gehitu ditu I+G+b sustatzeko partidak 2022an, eta % 12an egin nahi du datorren urtean

Eusko Jaurlaritza inbertsio-ahalegin horri jarraipena emateko lanean ari da, Euskadirentzat etorkizuneko apustu estrategikoa dela uste baitu. Ildo horretan, 2022an % 10 gehitu ditu I+G+b sustatzeko partidak. 2023an % 12 egin nahi da, aurkeztu berri den aurrekontu-proiektuan agertzen den bezala. 

Inbertsio horiei esker, 2030erako ZTBP-aren hiru zutabeetan (Bikaintasun Zientifikoa, Lidergo Teknologiko Industriala eta Berrikuntza Irekia) jarduerak bultzatu ahal izango dira, bai eta haren garapena bermatzeko beharrezkoa den talentuan ere. 

Halaber, I+G+b-ko proiektu enblematiko handiak garatzen laguntzea, lankidetza publiko-pribatuko eredu batetik abiatuta. Besteak beste, hauek nabarmendu daitezke:

  • Basque Net Zero Industrial Super Cluster;
  • Hidrogenoaren Euskal Ekosistema eta Korridorea;
  • Basque CCAM Lab (mugikortasun konektatua, kooperatiboa eta autonomoa);
  • BasqueVolt, Bateria berrien sorrera;
  • Health Data Access Body Ikerkuntza;
  • Digital Gastronomy Lab;
  • Euskadi, UE Misioa klima egokitzapena;
  • Hiria Berroneratzeko Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa;
  • Basque District of Culture and Creativity;
  • Datu ekonomia eta Basque Quantum Ecosystem; edota
  • Euskadi Talent. 

Ziurgabetasun eta moteltze ekonomikoaren aurrean, Gobernuak ekonomia suspertzeko eta enplegu-aukerak sortzeko konpromisoari eusten dio. Kalitatezko enplegua ezagutzan intentsiboak diren sektoreetan, ikerketan eta berrikuntzan oinarrituta.

Euskadi trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari, sozialari eta sanitarioari lotutako erronken eta aukeren aurrean kokatzen da 

Lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXII. Astea inauguratu ondoren, Dani Alvarez kazetariak hiru mahai-inguru moderatu ditu hiru trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko, sozial eta sanitarioen inguruan. 

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko hainbat kidek parte hartu dute mahaietan: 

  1. mahaia: Trantsizio Teknologiko-Digitala.
  • Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia
  • Eva Ferreira. UPV/EHU-ko errektorea
  • Rikardo Bueno. BRTA-ko zuzendaria
  • Pello Rodriguez. Danobat Group-eko zuzendari orokorra
  1. mahaia: Trantsizio energetiko-klimatikoa.
  • Arantxa Tapia. Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua
  • Ramiro Gonzalez. Arabako Diputatu Nagusia
  • Bixente Atxa. Mondragon Unibertsitateko errektorea
  • Alexander Artetxe. Arteche Taldeko presidente eta zuzendari delegatua
  1. mahaia: Trantsizio Sozio-Sanitarioa.
  • Gotzone Sagardui. Osasuneko sailburua
  • Unai Rementeria. Bizkaiko Ahaldun Nagusia
  • Fernando Cossío. Ikerbasque-ko zuzendari zientifikoa
  • Juan Ignacio Pérez. Jakiunde-ko presidentea.

Eztabaidagai diren gaien artean, aipatu diren hiru trantsizioei lotutako erronka eta aukera berrien aurrean Euskadin nola kokatzen ari garen aztertu da.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak talentua nabarmendu du aurrerapenerako elementu kritiko gisa, eta Euskadi ekintzailetza eta berrikuntza disruptiboan erreferente gisa kokatzeko apustua egin du

Astea inauguratu aurretik, Lehendakaria Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren buru izan da; Euskadin I+G+b babesteko politikak orientatzeko, aholkatzeko eta sustatzeko organo gorena da. 

Bileran, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren aurrerapen nagusiak aurkeztu dira, baita RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko arloetakoak ere. Gidaritza-taldeetako lantaldeak dinamikoki berrantolatzen ari dira, premia eta aukera berrietara egokitzeko. Era berean, Zientzia, Teknologia eta Nazioartekotzeko Euskal Sistemaren nazioarteko posizionamenduan egindako aurrerapenak egiaztatu dira, iraunkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenarekiko noranzko handiagoarekin lotuta. 

Era berean, jakinarazi da 2022an 107 milioi euroko dirulaguntza onartu zaiela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresek eta eragileek gidatutako 120 I+G+b proiekturi, bai eta azpiegitura zientifiko-teknologikoei ere, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren programen bidez (Hazitek estrategikoa, Elkartek eta Azpitek). 

Azkenik, berrikuntzaren euskal ekosistema garatzeko garrantzitsutzat jotzen diren bi elementuri buruz eztabaidatu du Kontseiluak: talentua eta berrikuntza disruptiboko ereduen araberako startup-ak sortzea.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2022-11-08

    Más máquinas mas control, menos empleo, menos dinero del pueblo para el pueblo, ¿Cuanto por el I+D 5%?

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak