Javier Hurtado sailburuak: “Gure hiriak humanizatuz bakarrik lortuko dugu kontsumitzaileak erdigunean mantentzea eta haiek gure tokiko merkataritzara bideratzea”
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Bilboko Merkataritzari sariak emateko galan parte hartu du gaur. Bilbao Dendak elkarteak antolatu du ekitaldia, “Bilboko Faboritoak” lemapean.
Sailburuak sarituak zoriondu ditu eta herritarrek bozkatzen duten sari baten garrantzia gogorarazi du, “saltokiaren bokazioa publikoarekiko arreta delako, eta aurre egin beharreko erronkak, hain zuzen ere, bezeroekiko harreman horretan oinarritzen direlako. Merkataritzarentzat historian izandako eraldaketa handienetako bat bizitzen ari gara, kontsumo-ohituren aldaketekin, beharrezko digitalizazioarekin eta kontsumitzailea erdigunean den agertoki berri batekin. Gainera, ingurumen-trantsizioarekin batera joan behar du, eta horrek kontzientziazio handiagoa eskatzen du kontsumitzaileengan, kontsumo arduratsuaren eta merkataritzako jasangarritasunaren alde. Izan ere, bezeroek jasangarria dena saritzeaz gain, jasangarria ez dena zigortzen dute”.
Funtsean, sailburuak azaldu duenez, “bezeroen, erosteko ohituren, ezaugarri sozialen eta hartu behar duen rol berriaren aldaketek bultzatzen dute merkataritzaren eraldaketa. Eta, ildo horretan, garrantzitsua da administraziook trantsizio hori babestea, gure merkataritza-sareari hiri-ingurune egokia eskainiz. Hiri atseginagoak, jendearen beharretara bideratuagoak, tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta negozioen mesederako dira. Adibidez, Bilbao 30 bezalako ekimenekin, oinezkoentzako bideak, bidegorriak eta mugikortasun jasangarria sustatzea, trafikoa arintzeko beste neurri batzuekin batera, hurbileko merkataritzarako aukerak dira”.
“Gure hiriak humanizatuz bakarrik lortuko dugu kontsumitzaileak erdigunean mantentzen jarraitzea eta haiek gure tokiko merkataritzara bideratzen jarraitzea” esanez amaitu du.