Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Segurantza sailburuak Haitirekiko elkartasunari eusteko eskatu die euskal herritarrei

2010.eko urtarrilak 19

Haitiko egoera beti gogoan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua bildu da gaur goizean Gasteizen, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta buru zela.

Kontsulta-organo horren bilera aurreikusita zegoen aspalditik, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren jarduera-egutegiaren barruan; baina Karibeko herrialde hartan berriki izandako gertakarien ondorioz, deialdiko gai nagusi bilakatu da. Laguntza-premiari erantzuteko lehen unetik bertatik Eusko Jaurlaritzak abian jarritako baliabideen berri eman du Marta Ares Garapen Lankidetzarako zuzendariak.

Testuinguru horretan Gemma Zabaletak berriro adierazi du estrategia koordinatu bat ezarri beharra dagoela epe ertain eta luzean, Haitirekiko lankidetzan diharduten eragile guztien artean. Horrez gain, egoera larriagotzeko arrisku handia dagoenez, sailburuak deialdi bat egin die euskal herritarrei "denbora igaro arren erne egin daitezen" eta "Haitiko herriarekiko elkartasuna adierazten jarraitu dezaten".

Gaur goizeko bilera baliagarria izan da, baita ere, iazko jarduerei buruko Memoria (txosten horretan sartzen dira Garapen Lankidetzarako Funtsaren proiektuei diruz laguntzeko dauden 29,5 milioi euroak) eta 2010eko Lankidetzako Jardueren Plana aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak koordinatuta Haitira helarazitako baliabideei buruzko azken berriei dagokienez, Uraren Euskal Agentziak edateko 2 tona ur bidali ditu gaur goizean bertan. Bestalde, Osakidetzako 25 boluntario daude erreserban, noiz deituko zain, haien esku hartzea beharrezkoa balitz.

Azkenik, gaur arratsaldean bertan bilera izango da euskal lankidetzak Haitin etorkizunean zein estrategia izango duen zehazteko. Bilera horretan Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako zuzendaritzako arduradunak eta Euskadiko GGKEak izango dira. Herri horrekiko lankidetza-proiektuak Bilera horretan prestatzea aurreikusten da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urtarrilaren 18a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera