Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak dio giza eskubideak lorpen bat direla, konpromiso pertsonalak, instituzionalak eta sozialak eskatzen dituena

2022-11-04
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkullu Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da
  • Euskadik giza garapen iraunkorraren eredu propioa du, eta abangoardiako herrialde soziala izaten jarraitu nahi du, esan duenez 

Lehendakariak esan du giza eskubideak ez direla emandako ondasun iraunkor bat, baizik eta konkista bat, konpromiso pertsonalak, instituzionalak eta sozialak eskatzen dituena. Iñigo Urkulluk Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren 25. urteurreneko ekitaldian parte hartu du. Bertan, Felipe González Morales Nazio Batuen errelatore bereziak ere parte hartu du, eta migratzaileen giza eskubideak babesteko erronka berriak aipatu ditu.

Lehendakariak Deustuko Unibertsitateko institutu hori duela 25 urte sortu zeneko testuingurua gogorarazi nahi izan du. Izan ere, esker ona erakutsi nahi izan dio institutu horri, kausarik bidezkoenarekin, hots, giza eskubideekin, konpromiso ausarta eta irmoa izatearen eredua delako.

“Terrorismoaren zentzugabekeriaren amaierak aukera ematen digu berresteko indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan eta giza eskubideen babes eta berme eraginkorrean oinarritutako bizikidetza-eredu batean. Pertsona guztientzako eskubide guztiak” esan du.

Migratzaileen eskubideei dagokienez −NBEko errelatoreak hizpide izan ditu migratzaileak−, Migrazioaren aldeko Euskal Itun Sozialean, Harrerako Euskal Ereduan edo Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko 2025eko Planean jasotzen den konpromisoa aipatu du Lehendakariak; izan ere, hor aipatzen da Euskadik hemen bizi diren pertsona guztientzako eskubide, betebehar eta aukera berberak dituela, haien kultura edo jaioterria edo jatorria edozein izanik ere.

Puntu horretan, esan du Euskadik Giza Garapen Jasangarriaren eredu propioa duela eta abangoardiako herrialde soziala izaten jarraitu nahi duela. Hala, gogorarazi du Nazio Batuek berriki izendatu dutela Euskadi Local2030 Idazkaritzaren egoitza.

“Nazioarteko aitorpen hori lan partekatu baten emaitza da. Deustuko Unibertsitatea eta Pedro Arrupe Institutua erakunde aitzindariak izan zarete lan horretan. Oraindik ere behar zaituztegu giza eskubideekin eta giza garapen jasangarriarekin konprometitutako Euskadi batean aurrera egiteko” aipatu du amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak