Eusko Jaurlaritzak ingurumen-hezkuntza bultzatuko du hezkuntza-komunitatearekin eta gizarte-eragileekin batera (Gobernu Bilera 2022-11-02)
- Gaur onartutako dekretuak aurreikusten du, besteak beste, iraunkortasunerako ingurumen-hezkuntzari buruzko berrikuntza- eta gaikuntza-plataforma bat abian jartzea, Ikastetxe jasangarria zigilua eguneratzea eta gai horri buruzko kanal digital bat sortzea
Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat onartu du gaur, Euskadin iraunkortasunerako ingurumen-hezkuntza sustatu eta sendotzeko, esparru horretan lan egiten duten eragile guztien eskutik, iraunkortasunaren kultura berri baterantz eta osasunaren sustapenerantz aurrera egiteko.
Dekretu honek antolamendu- eta hezkuntza-kalitateko eredu berrien garapenean jartzen du arreta, hezkuntza ez-formalaren eremuari lehentasuna emanez, herritarrek ingurumena babesteko eta kontserbatzeko duten erantzunkidetasunean lagunduko dutenak, eta hori guztia, larrialdi klimatikoaren garaian benetako ekintza eraldatzaile oihartzun soziala lortzeko.
Dekretua sei ildo estrategikoren inguruan egituratzen da: Hezkuntza Agenda 2030 bultzatzea eta «Ikastetxe iraunkorra» zigilua eguneratzea; iraunkortasunerako ingurumen-hezkuntzari buruzko berrikuntza-, prestakuntza- eta gaikuntza-plataforma bat sortzea; ingurumen-hezkuntzari buruzko kanal digital espezifiko bat sortzea; hezkuntza-komunitateak parte hartzeko tresnak garatzea; ikastetxe jasangarrien hedapena; eta Hezkuntza Sailak bultzatutako hezkuntza-planekin konektatzea eta lerrokatzea.
Dekretua bat dator Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin. Haren helburua da giza garapena bultzatzea garapen iraunkorraren hiru dimentsioetan: ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren eremuan.
Berrikuntza eta trebakuntza plataforma
2018an, Eusko Jaurlaritzak 2030erako Euskal Autonomia Erkidegoko Iraunkortasunerako Hezkuntza Estrategia onartu zuen, Euskadin elkarrekin bizi diren pertsona guztiak jasangarritasunaren kultura berri baterako trantsizioan inplikatzeko helburuarekin. Aurrera egin den arren, iraunkortasunerako ingurumen-hezkuntzaren txertatze-mailak badu oraindik hobekuntza tarterik, eta beharrezkoa da iraunkortasunerako ingurumen-hezkuntza curriculumean zeharka txertatzea, gaitasunen araberako ikaskuntza eta ikasgelatik kanpoko ikaskuntza sustatuz, natura-ingurunearekin harremanetan. Horrez gain, irakasleek berariazko prestakuntza behar dute ingurumen-hezkuntzaren arloan.
Horregatik, gaur onartutako dekretuak adituen eta jardunbide egokien elkartrukerako ekosistema bat sortzea aurreikusten du, gaitasunen garapena errazteko, ezagutza-komunitateak aktibatzeko eta herritarrak inplikatzeko.
Ekosistema hori berrikuntzaren, trebakuntzaren eta ezagutzaren kudeaketaren plataforma batean gauzatzen da, eta, besteak beste, iraunkortasunaren arloan lan egiten duten eragileen artean sinergiak sortzea eta esperientziak trukatzea ahalbidetuko du: administrazioa, unibertsitateak, hezkuntza-komunitatea, berrikuntza- eta ikerketa-zentroak, erakunde ekologistak edo beste erakunde eta gizarte-eragile batzuk.
Ikastetxe Iraunkorraren zigilua
Dekretu hau onartzearekin batera, orain arte Eskola Jasangarrien ziurtagiria izan denak beste zigilu baterantz egiten du. Zigilu horrek ikastetxe jasangarri gisa egiaztatuko du, ikastetxeek 2030erako Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzako Agendaren esparruan garatutako jarduera eta ekintza iraunkorraren ebidentziak ebaluatuz.
Iraupena 2030. urtera arte luzatuko da. Prozedura sinplifikatu bat ezarriko da Eskola Txiki gisa katalogatutako ikastetxeentzat, hau da, landa-guneetan edo biztanleria-dentsitate baxuko guneetan kokatutako ikastetxeentzat.
Herritarren sentsibilizazioa
Azkenik, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan erakunde laguntzaileen erregistro bat sortzea eta kanal digital bat abian jartzea ere aurreikusten du dekretuak. Kanal digital horretan, gaur egun Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den herritarrak sentsibilizatzeko hiru programak sartuko dira:
- AZTERKOSTA: kostaldeen ingurumen-babesean aktiboki parte hartzeko programa.
- IBAIALDE: ibai-ingurunearen ingurumen-babesean aktiboki parte hartzeko programa.
- NATURA: natura-ingurunearen ingurumen-babesean aktiboki parte hartzeko programa.
Urtero «Emanaldia» ekitaldia egingo da, eta bertan programaren jardueretan aurkeztutako lanak aintzatetsiko dira..