Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak komunikazio-kanpaina bat jarri du abian larriak ez diren delituetarako salaketa % 100 elektronikoa sustatzeko

2022-11-01
  • Dokumentuak, ondasunak edo dirua lapurtzea, ondasunetan egindako kalteak, iruzurrezko zordunketak, eta abar jada sala daitezke Eusko Jaurlaritzaren web-atarian, ziurtagiri digitalarekin eta ertzain-etxe batera joan beharrik izan gabe
  • Ertzaintza da izapide elektroniko hori duen Estatuko lehenengo polizia
  • Herritarrei larriak ez diren kasuetan izapideak arintzeko eta errazteko eta baliabide publikoak eraginkorragoak izatea lortzeko neurria da

Ertzaintzak komunikazio-kanpaina bat jarri du abian gaur, herritarrak Euskadin gertatzen diren eta larriak ez diren delituak Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez salatzera bultzatzeko. Zerbitzu horren helburua da salaketak jartzeko prozesua arintzea eta sinplifikatzea eta, horrekin, baliabide publikoen eraginkortasuna lortzea.

Kanpaina grafikoaren mezua argia eta zuzena da: “Online salaketa… zure etxetik, bulegotik, nahi duzun lekutik, klick batekin”. Larriak ez diren kasuak, hau da, dokumentuak, ondasunak edo dirua lapurtzea, ondasunetan egindako kalteak, iruzurrezko zordunketak eta abar salatzeko da, baldin eta egilea ezezaguna bada edo identifikatu ezin bada, gertaera ikusi duen norbait ez badago edo norbaiti deklarazioa hartu beharrik ez badago, indarkeria fisikorik, sexu-indarkeriarik edo larderiarik egon ez bada eta egintzak Euskadin gertatu badira.

Garrantzi handiko aurrerapen teknologikoa da, eta Ertzaintza da izapide elektroniko hori duen Estatuko lehenengo polizia. Horri esker, era horretako delituen biktimek, edo horien izenean ordezkari batek, salaketa jarri ahal izango dute eta egitatea egiaztatzeko era guztietako agiriak aurkeztu ahal izango dituzte: argazkiak, agiriak, eta abar, formatu digitalean. Salaketa onartzen eta sinatzen denean, balio juridiko osoa izango du.

Oso prozedura segurua eta bermatzailea da, autentifikazio-sistema eta sinadura digital ofiziala izatea eskatzen baitu. Gainera, prozedura osoa pertsona bakoitzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan esleituta duen “Nire Karpeta” atalean erregistratuta geratuko da, eta beti egongo da eskuragarri aurretik identifikazio digital ofiziala baliatuta. Modu horretan, ez dago ertzain-etxe batera joan beharrik salaketa jartzera, salbu eta gero salaketa osatu nahi bada edo datu adierazgarriak erantsi nahi badira.

KANPAINAREN FORMATU DIGITALAK JAITSI: https://we.tl/t-6b4afJgCf4

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak