
Ertzaintzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du Euskadin
- Urriaren 31tik azaroaren 6ra bitartean kamioien eta autobusen baldintza teknikoak aztertuko dituzte
Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu urriaren 31tik azaroaren 6ra bitartean, eta arreta berezia eskainiko die ibilgailuen baldintza teknikoei, Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea. Batez ere ikuskatuko dituzte:
- Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.
- Argiak.
- Pneumatikoen egoera.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, “ibilgailuaren mantenimendua behar bezala egitea erabakigarria da horien bizitza baliagarrian segurtasun-baldintza jakin batzuk ziurtatzeko. Horregatik da funtsezkoa IATan baldintza horiek ziurtatzea, bai eta baimendutako mekanika-lantegietan aldian behin azterketak egitea ere, errepidean ezustekorik gerta ez dadin”.
Bestalde, baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren ere egiaztatuko dute, bai eta takografoak funtzionatzen duen edo manipulatu egin den ere erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko. Horrez gainera, salgaien garraioan zainduko dute ea baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama behar bezala lotuta dagoen.
Kanpaina hau trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.