Berriak Lehendakaritza

Euskadi etorkizuneko Espainiako Espazio Agentziaren egoitza izateko hautagai izango da

2022-11-02
  • Gobernuak 1,3 milioi euro bideratuko ditu logistikako eta garraioko prestakuntzara 
  • Eusko Jaurlaritzak 712.000 euro bideratuko ditu arte eszenikoen eta musikalen azpiegitura pribatuak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko 
  • Gobernu Kontseiluak 883.000 euroko laguntza onartu du Sestaoko industria ondarearen eta itsasadarraren balorizazioa proiekturako

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera. 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur aurkeztu du, Gobernu Kontseiluaren ostean, Espainiako etorkizuneko Espazio Agentzia ezartzeko Euskadiren hautagaitzaren egokitasuna. Eusko Jaurlaritzak babestu du hautagaitza, eta babes hori hautagai-zerrendaren aurkezpen ofizialean sartuko da, hilaren 7an amaituko baita epea.

Tapia sailburuak adierazi duenez, hautagaitza hau Eusko Jaurlaritzak sektore aeroespazialaren alde egiten duen apustu sendoaren erakusgarri bat da. Sektore honi emandako bultzadaren beste adibide batzuk ere aipatu ditu sailburuak, ITPren kapitalaren % 6 erosi berri izana, Finkatuz Funtsaren bidez, edo Airbusekin hitzarmena sinatu izana iraunkortasuna eta digitalizazioa bezalako arloetan elkarrekin lan egiteko.

Euskadik, gainera, lehen mailako gaitasun eta azpiegitura zientifiko-teknologiko garrantzitsuak dituela esan du Tapiak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen bidez, batez ere Basque Research Technology Alliance (BRTA) osatzen duten zentroak nabarmenduz.

Halaber, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gogorarazi du 70 satelitek eta espazio-ibilgailuk baino gehiagok daramate euskal teknologia, eta kopuru hori handitu egiten dela urtero; beraz, euskal espazio-sektoreak garrantzi handia du. “Duela hamar urteko zifrekin alderatuz gero, euskal espazio-sektoreak hirukoiztu egin du bere balioa, eta bikoiztu egin du bere jarduera osoa edo zati bat espazio-sektorera bideratzen duten enpresen kopurua”, esan du. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gaurko Gobernu Kontseiluak logistikaren eta garraioaren arloko prestakuntzara 1,3 milioi euro bideratzea erabaki du. Euskal Autonomia Erkidegorako estrategikoa den sektore bati buruz ari gara eta jabetuta gaude trantsizio berriek eragindako aldaketetara egokitutako langile kualifikatuak behar dituela, beraz, logistikaren eta garraioaren eremuan prestakuntza-planak gauzatzeko Gasteizko Udalera eta Arabako Foru Aldundira bideratuko diren laguntzak onartu dira gaurko bileran. Diru-laguntza hauek Gipuzkoara eta Bizkaira zabalduko dira laister.

Halaber, beste diru-laguntza batzuk onartu ditu Gobernu Kontseiluak. Alde batetik, Berriker 2022 deialdiaren oinarriak onartu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura‑produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzak. 3,5 milioi euroko zuzkidura dute, eta elikaduraren eta zuraren balio‑kateko enpresetan praktika jasangarriei buruzko ezagutza sustatzea eta sortzea dute helburu, sektore horien epe labur eta ertaineko erronkei aurre egiteko. Eta, bestetik, onartu da 2.413.071,00 eurotan handitzea ELKARTEK programa, arlo estrategikoetan lankidetza-ikerketarako laguntzak emateko dena. Horrela,  aurten, laguntza horiek 44.413.071 eurokoak dira. 

Ingurumenaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat onartu du gaur, Euskadin iraunkortasunerako ingurumen-hezkuntza sustatu eta sendotzeko, esparru horretan lan egiten duten eragile guztien eskutik, iraunkortasunaren kultura berri baterantz eta osasunaren sustapenerantz aurrera egiteko.

Hezkuntzari lotuta, alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du ikasleak eskolara garraiatzeko banan banako dirulaguntzak arautzen dituen Agindua. Laguntza hauek, 2022-2023 ikasturtean honako hezkuntza-maila hauetan matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduak dira:  Haur Hezkuntzan (lehen zikloko hirugarren mailan eta bigarren zikloan), Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan. Deialdi honek milioi bat euroko diru kopurua du. 

Bestetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du indarrean dagoen hezkuntza-ituna duten ikastetxeetako federazio eta elkarteei zuzeneko dirulaguntzak ematea. Ikastetxe horiek Euskal Hezkuntza Sistemaren mentoria digitaleko #CompDigEdu programan parte har dezaten erabili beharko dira. 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako zuzeneko dirulaguntza horien kopuura 4.739.416 eurokoa da. 

Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak 712.000 euro bideratuko dituela arte eszenikoen eta musikalen azpiegitura pribatuak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko. Arlo hauetara daude zuzenduak: zuzeneko arteen erakusketa; saiakera eta ekoizpen eszenikoa; eta saiakera eta/edo musika-ekoizpena. Bozeramaileak adierazi duenez, gaur onartutako deialdia Next Generation EU Planaren barruan dago. Bigarren aldia da, Next funts europarren barruan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntza hauek deitzen dituela eta iaz zortzi proiektu lagundu ziren diruz.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Sestaoko udalerriari 883.000 euroko urte anitzeko dirulaguntza ematea onartu du behin betiko, aldez aurreko baldintzak aldatu ondoren. Lehentasunezko Jarduera Eremuen Planaren (ZAP) jardueren barruan dago, eta Industria Turismoa sustatzea du helburu. SESTAO BERRI, S.A. sozietateak gauzatuko ditu jarduketak, udalaren bitarteko propio gisa. 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • @mirenepalacios
    2022-11-02

    Comentario de Twitter:
    Euskadi optará a albergar la sede de la futura Agencia Espacial Española #euskadi https://t.co/5KUBmuJXzi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak