Hauteskundeak 2024
qrcode

Ikuspegia barometroaren aurkezpena

2022-10-31
  • Ikuspegik UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin egindako 2022ko Barometroaren ondorio nagusia da hori
  • EAEko biztanleek pertsona horiekiko duten tolerantziaren indizeak marka berria ezarri du aurten, eta 69,28 puntura igo da

 

Bilbo, 2022/10/31 

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak Barometroaren beste edizio bat aurkeztu du gaur Bizkaia Aretoan; hots, euskal gizarteak atzerritar jatorriko biztanleekiko dituen pertzepzio eta jarrerak urtero biltzen dituen ikerketa soziologikoa. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendaria izan dira ekitaldian.

Edizio berri honetatik ondoriozta daitekeenez: “Euskal gizartea toleranteagoa da, eta atzerritar jatorriko pertsonekiko orain arte ez bezalako elkartasuna erakutsi du, krisiak markatu duen egoera polikritikoa gorabehera”.

2022ko Barometroaren arabera, EAEko biztanleek kolektibo horiekiko, atzerritar jatorriko pertsonekiko, duten jarrerak joera positiboa du, eta tolerantzia indizeak gora egin du berriro, 69,28 punturaino oraingoan.

Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak adierazi duenez: “Oraintsu arte uste genuen euskal herritarren tolerantzia une hartako testuinguru ekonomiko eta sozialak markatzen eta baldintzatzen zuela. Hala gertatu zen azken krisi ekonomikoan: adierazle makroekonomikoek behera egin zuten, eta, aldi berean, EAEko herritarren tolerantzia eta konfiantza mailak ere behera egin zuten. Hori aldatu egin zen pandemian; izan ere, pandemiak euskal gizartean eragin zuzena izan zuen arren, jarrera negatiboagoetara atzera egin beharrean, populazioa ulerkorragoa, toleranteagoa eta inklusiboagoa izan zen”.

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko taldeak egiaztatu duenez, halaber, euskal gizarteak ukrainar jatorriko pertsonen asilo eta babes eskaerekiko erakutsi duen enpatiak joera hori berresten du. Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak azaldu duenez: “Herritarrek elkartasunez erantzun diete ukrainarren beharrei, eta hori aurtengo datuetan islatzen da. Serie historiko osoko altuenak izan dira”. Gaineratu duenez: “2022an, herritarren % 49,7 asilo eta babes eskatzaileak inolako murrizketarik gabe hartzearen alde agertu dira, eta horri gehitu behar zaio % 36,3 pertsona horiek, jazarriak direla frogatu ondoren, hartzearen alde daudela”.

Ildo integratzaile horretan bertan, azterlanak zera islatzen du: “Euskal gizarteak baztertu egiten du bertakoentzako bakarrik den gizarte babeseko sistema bat, eta uste du osasuna eta, neurri txikiagoan, laguntza juridikoa pertsona guztien eskubide unibertsalak izan behar direla”.

Immigrazioa ez da arazotzat hartzen

Era berean, Barometro berriaren arabera, EAEko herritarrek sinpatia handiagoa diete jatorri guztietako pertsonei, baita kulturalki edo sinbolikoki bertako ohituretatik urrunen daudenei ere.

Ukrainaren inbasioak, inflazioak edo pandemiak markatutako egoera batean, “euskal gizarteren aburuz immigrazioa ez da landu behar den premiazko arazo bat”. Horrela, EAEko herritarren % 3,3k soilik uste dute immigrazioa arazo pertsonal bat dela, eta % 5,7k soilik uste dute Euskadirako azaro bat dela –azterlana egiten denetik izan den daturik txikiena da–.

Integrazio sozialeko ereduari dagokionez, euskal gizarteak eredu asimilazionistaren alde egiten jarraitzen du; hots, “asimilazionismo atsegina”. Hau da, integrazio prozesuek ahalegin partekatu bat eskatzen dutela onartuta ere, euskal gizarteak etorkinengan jartzen du bertakoen ohituretara eta tradizioetara egokitzeko ahalegin handiena.

Etorkinei eta etorkinek lan merkatuan duten parte hartzeari buruzko diskurtso funtzionala barneratuta du euskal gizarteak, eta antzeman da areagotu egin direla etorkinek enpleguan eta ekonomian sortzen dituzten efektu positiboak, aurreko edizioen aldean.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da etorkinei buruzko zurrumurru eta estereotipo faltsuek garrantzia galtzen jarraitzen dutela eta gero eta presentzia eta babes sozial txikiagoa dutela. Urtetik urtera, gizarte babeseko sistemaz baliatzen diren edo babes ofizialeko etxebizitza guztiak eramaten dituzten zurrumurruak indarra galtzen ari dira, eta gehiago dira horrelako baieztapenei uko egiten dietenak, defendatzen dituztenak baino.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek “tolerantziaz” hitz egin du, eta adierazi du “kultura batek hainbat iturritatik edan behar duela, horrek gizarte bidezkoago baterantz aurreratuko duelako”.

“Batez ere, pertsona migratzaileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ditugu; bizitza duina lantzea eta gizartean integratzea bezalako eskubideak, hala nola euskal gizartea, zeinaren parte izatea erabaki baitute, inposiziorik, murrizketarik eta bazterketarik gabe”, azaldu du. Artolazabalek esan duenez, Gobernuaren ibilbidea “gaur egungo eta etorkizuneko euskal gizartea eraikitzera bideratuta dago, berdintasunean oinarrituta herritarren eskubideak, eskubideen eta betebeharren berdintasuna lortzeko”. Azkenik, Urkullu lehendakariaren esaldi bat aipatu du: “Euskadin inor ez da soberan”.

Bestalde, Gorka Moreno UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak azpimarratu duenez: "Immigrazioarekiko jarreren inguruan ikertzea eta jarrera horien bilakaera denboran zehar monitorizatu ahal izatea garrantzitsua da. Ikuspegi erakundeen arteko lankidetzaren adibide argia da. Gizartearen beharrei eta erronkei erantzuten dien proiektua, UPV/EHUren lemarekin bat egiten duena: eman ta zabal zazu".

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2022-11-01

    Jatorria alde batera utzita, eskubide eta betebehar berdinak dituzten pertsonak dira, eta, horregatik, ez da beste modu batera begiratu behar; elkarrekin bizi behar da, eta harrera-komunitatearen barruan elkarrekin bizitzen irakatsi behar da. Askotan, balio kapitalistekin, zenbat eta betebehar gehiago izan orduan eta gutxiago pentsatu, orduan eta itxura txikiagoa du, eta denbora eta diru-sarrera gehiago sortu behar ditu mantentzeko.

  • Argazkia Xaver
    2022-11-01

    Son personas independientemente del origen con iguales derechos y obligaciones y no por ello hay que mirar de otra forma, hay que convivir y enseñar a convivir incluido entre la Comunidad de acogida, muchas veces con valores capitalistas tienden a minorizar por las apariencias a quien menos tiene sin pensar cuanto más se tiene más obligaciones se tienen, tener que generar más tiempo e ingresos para mantenimiento.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak