
Artolazabalek EAE-ko hiriburuetan kalean dagoen pertsona kopurua areagotu dela jakinarazi du.
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak familia-sarerik ez duten gazteak kaletik ateratzeko programak azpimarratu ditu.
Vitoria-Gasteiz, 2022/10/28
Beatriz Artolazabal, Eusko Legebiltzarrean, kezkatuta agertu da, joan den asteazkenean kalean lo egiten duten pertsonen inguruan eginiko kontaketaren emaitzen aurrerapena ematean; kontaketa bi urtez behin egiten da. “Ia 661 pertsona dira. Gehiegi, zalantzarik gabe, baina Lehen Urratsa, Irauli edo Trapezistak programek jende asko atera dute kaletik. Ehunka gazte. Kezkatuta eta arduratuta nago; izan ere, kalean bizi den pertsona kopurua ez da jaitsi”, esan du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Artolazabalek esan duenez: “zoritxarrez, Covid-aren eta Ukrainako gerraren ondorioek areagotu egiten dute Europako hiri handi guztietan kalean dagoen pertsona kopurua. Atzoko kontaketaren arabera, 661 pertsona dira, eta gehienak EAEko hiru hiriburuetan daude”.
Eusko Jaurlaritzako sailburuak gogorarazi du egoitza-bazterketako egoeran dauden pertsonen % 80ri –Eustaten datuen arabera, 4.456– baliabide sozialetan ematen zaiela arreta. Profil nagusia gazte migratzaileena da, eta, horren harira, Artolazabalek nabarmendu du zenbait programa jarri direla abian: “Trapezistak”; erreskate sozialerako “Isuri” funtsa; aurrekontuetan % 60 areagotzea, EAEko harrera-eredua sendotzeko, eta % 10 areagotzea gizarte-larrialdiko laguntzetan.