Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 353,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an aurten baino 30,5 milioi gehiago

2022-11-03

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean azaldu ditu gaur berak zuzentzen duen sailak datorren urterako aurreikusita duen aurrekontua. Guztira 353,2 milioi euroko aurrekontua izango du sailak, aurten baino 30,8 milioi gehiago. Kopuru horretatik 170,7 milioi euro izango dira sailera bideratutakoak eta gainontzeko 182,5 milioi euroak EITBra bideratuko dira.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kudeatuko dituen 170,7 milioi eurokoak honela banatuko dira:

  • Kultura Sailburuordetza: 71.055.492 euro.
  • Hizkuntza Politika Sailburuordetza: 73.545.542 euro.
  • Jarduera Fisikoa eta Kirol Zuzendaritza: 12.733.687 euro.
  • Etxepare Euskal Institutua: 3.478.000 euro.

Europako Next Generation Programako MRR funtsak ere gehitu behar dira kopuru horietara. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,8 milioi euro izango ditu arlo desberdinetan banatzeko. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, 2023. urtea, aurtengoa bezala, inbertsio ahalegin handiko urtea izango da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, gaur aurkeztutako aurrekontuak “tresna egokia dira kultura, euskara eta kirol arloko politikak garatzen jarraitzeko, eta bultzada ematen jarraitzeko, bizi dugun ezegonkortasun egoeraren aurrean, norabide argi bat baitugu marraztuta”.

Andoni Iturbe, Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaria eta Leire Corrales Zerbitzu zuzendaria izan ditu lagun Zupiriak Eusko Legebiltzarreko agerraldian.

Kultura sailburuordetza

Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, Kultura sailburuordetzak duen 71 milioi eurotako aurrekontua. Aurrekontua lau helburu estrategiko betetzera bideratuko da:

  1. Talentua garatzeko aukerak ugaltzea: 22,2 milioi euroko aurrekontua sorkuntza sustatzera bideratuko da. Musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta ikusizkoak edo Kultura eta Sormen Industrien arloko deialdiak eta egitasmoak bultzatuko dira.
  2. Kultur eskaintza aberastu eta gizarteratzea: 30,3 milioi euro erabiliko dira Zupiriak azaldu duenez “Euskadin kultur eskaintza zabala eta aberatsa elikatzen jarraitzeko”. Horrela Artearen Sistema osotzen duten kultur azpiegitura eta egitasmo handiak babesten jarraituko da (Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium Museoa, euskal artista garaikideen arte lanen erosketa.Museoez gain, Euskadiko Orkestra, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Gasteizko Jazzaldia, Irudika Nazioarteko jardunaldiak, …).

Liburutegian jarduera bultzatu eta Irakurzaletasuna sustatzeko Ekintza Plana ere indarrean jarriko dira.

  1. Kultura Ondarearen zaintza eta komunitateen garapena uztartzea: 17,4 milioi euro erabiliko dira besteak beste, ondarearen arloko hainbat inbertsio bideratzeko: Orconera, Barakaldoko mea-kargalekuen birgaitzea, Irungo Urdanibia jauregia, Getariko Zarautz jauregia edota Miramar Jauregia birgaitzeko edo eta Iruña Veleia eta Artziniegako monumentu multzoa balioan jartzeko, besteak beste. Gehienak 2022an hasitakoak dira eta 2023an jarraipena izango dute. Azkenik, Arabako Errioxaren paisaia Europako ondare izendatzeko lanei ekingo zaie. Ondarea eta digitalizazioa uztartzen duten proiektuak ere sustatzen jarraituko da, besteak beste, Euskariana Euskadiko Liburutegi Digital edota artxibo publiko eta pribatuen digitalizazioa.
  1. Jauzi digitala sustatu eta ahalbideratzera 1,1 milioi euro bideratuko dira. 

Hizkuntza Politikako Sailburuordetza

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak 73,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an. HPSren aurrekontuaz gain, baina, Administrazio Publikoaren Hizkuntza normalkuntzarako IVAPetik 10,8 milioi kudeatuko dira eta hezkuntza sistema euskalduntzeko beste 64,2 milioi bideratuko dira. Guztira, zenbateko horien baturak euskara sustatzeko politikari dagozkion 148,5 euroko aurrekontua osatzen du.

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, “euskararen normalizazioan aurrera egiteko helburu eta lehentasunak” finkatu dira. Gainera aurrekontua osotzerakoan “herritarrak erdigunean” jarri dituztela azaldu du: “baliabide ekonomiko berriak zuzen-zuzenean herritarren ongizatea indartzera doaz, herritarren eta gure sektorean esparruz esparru lanean dabiltzan kideen ongizatea, bere osotasunean”.

Aurrekontu eta diru partida zehatzez gain, sailburuak azaldu du Hizkuntza Politika Sailburuordetzan 2023rako urte oparoa izango dela araugintzan, bai arlo estrategikoan eta baita sustapenean ere. Besteak beste:

  • BIKAIN ziurtagiria kudeatzeko sistema berria finkatuko duen dekretua edota 86/97 Dekretua ordezkatzera datorren dekretu berria.
  • ESEP berria.
  • Administrazioaren VII. Plangintzaldia (2023-2027).
  • Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoa.
  • INGURA helduen euskalduntzerako plataforma digital berria (A1 eta A2 maila),
  • Eta GAITU hizkuntza teknologia planaren garapena eta aurretik abian ziren planen jarraipena. 

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzat HABEren aurrekontura bideratuko du aurrekontuaren erdia baino gehiago, guztira 49 milioi euro. Lau konpomiso nagusi beteko dira aurrekontu horrekin:

  • 2021eko apirilean euskaltegien sektorearekin aurkeztutako akordioa betetzea, hau da, euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea. Euskaltegi pribatuetako finantzazioaren 2023ko aurrekontua 27,6 milioikoa izango da, iaz baino 2,1 milioi handiagoa.
  • Euskara ikasketen doakotasuna B2 mailara arte, eta C1 mailaren kasuan, 16-30 urte dituztenen artean. Horretarako ikasleen diru-laguntzetarako 3.775.500 euro jarriko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.
  • Gazteen artean euskararen komunikagaitasun-maila indartzea, bereziki eskolako ikasle direnen artean (16-18 urte artekoak). Horretarako, C1eko ikastaroen doakotasuna sustatuko da 2023-2024 ikasturtean, eta horretarako 750.000 euro aurreikusi dira.
  • Euskararen ikaskuntza herritarrentzat eskuragarriagoa izateko euskara ikasteko plataforma teknologiko berria garatuko da, INGURA deiturikoa. Guzti honetarako 710.000 euro jarriko dira.

Hizkuntza Sailburuordetzatik datorren urtean Eremu Sozioekonomikoan Euskararen erabilera sustatzen jarraituko da 2,7 milioi euroko aurrekontuarekin baita GAITU Hizkuntza Teknologien Ekintza Plana ere 1,3 milioiko aurrekontuarekin. Gida baimena euskaraz atera ahal izateko ikasmaterial propio eta berritzailea martxan jartzeko beste 300.000 euro erabiliko dira.

2023an euskararen erabilera sustatzeko marka bateratu berria martxan jarriko da hala eskatzen duten establezimenduetan eta horretarako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak 128.000 euroko aurrekontua izango du. 

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutuak 3.478.000 euroko aurrekontua izango du 2023an. Besteak beste Quebec-Euskadi  aldebiko kultur ezagutza eta trukaketa proiektuari itxiera emango zaio eta  Flandria-Euskadi trukaketari ekingo zaio. Beste euskal leihoek ere segida izango dute. Japonia-Euskadi ere izango da 2023ko Etxapare Institutuaren egitasmoetako bat.  Gainera, aurrera jarraituko dute literatura itzulpengintza programak, sortzaileen mugikortasunerako laguntzak, katedrak, Zabal proiektuak eta Euskara Munduan programak. 2023. Urtean Irakurletza berriak ere martxan jarriko ditu Etxepare Institutuak, bata Santiago de Compostelan eta bestea Zurich-en.  

Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritza

  1. urtean miloi erdi igoko da Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren aurrekontua eta guztira 14,2 milioi euroko aurrekontua izango du. Horietatik 1,5 milioi euro, Europako MRR funtsetatik jasotakoak. Honako ekimen hauetara bideratuko da aurrekontua:
  • Mugiment programa indartuko da. Horrela jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatzeko orientazio zerbitzuak eta Kirol Txartela herri gehiagotara zabaldu nahi dira. Eusfit ikerketa programa, orain arte pilotu modura garatu dena, hurrengo urtetik aurrera finkatzea da helburua, izan ere gazte eta haurren jarduera fisikoa eta osasun ohiturak ezagutzea eta horren jarraipena egitea ezinbestekoa da.
  • Doping-aren kontrako jardun lerroari dagokionean, lehiaketetan kontrolak egiten jarraitzeaz gain, sentsibilizazio jarduerak egingo ditugu, gimnasio eta fitness eremuetan.
  • Basque Team zentroa birgaitzeko obrak eta ekipamendu eta materialen erosketarako 2,2 milioi euro bideratuko dira.
  • Irungo mahai tenisaren teknifikazio zentroaren birgaitze lanetara 158.000 euro bideratuko dira. 
  • Usurbilgo Maialen Chourraut kanalerako 2023an 600.000 euro aurreikusi dira. Inbertsioa urte anitzekoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpena ia 3 milioira iritsiko da guztira.
  • Kirolean berdintasuna sustatzeko 430.000 euro aurreikusi dira. Batetik Jarduera fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren berdintasun plana garatzeko eta bestetik Emakumeen Itzulia, Emakumeen Master-cup pilota txapelketa, Donostiako emakumeen futbol txapelketa, Federazioen Batasunak berdintasuna sustatzeko garatzen dituen programak edota Behabia-Donostia lasterketan emakumeen ikusgarritasuna areagotzeko ekintzak sustatzeko.
  • 2023an kirola eta nazioartekotzea uztartzen dituen ekintza nagusia Frantziako Tourraren Grand Départ Pays Basque izango da eta horretara, 2023an 600.000 euro bideratuko dira Eusko Jaurlaritzatik.

EITB

Datorren urtean EITBren aurrekontua 182,5 milioi eurokoa izango da. Langile eta energia gastuen igoeraz gain, 2023ko inbertsio nagusiak  honakoak izango dira: Primeran plataforma, Miramon egoitza, Gaztea unibertso berria, umeentzako eduki digitalak edo eta kiroletako zuzeneko emanaldietarako teknologia berriak, eta transformazio digitala.

Iruzkin bat
  • @HABE_erakundea
    2022-11-04

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Cultura y Política Lingüística tendrá un presupuesto de 353,2 millones en 2023, 30,5 millones ... https://t.co/2TDaLMAtvm

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak