Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, urria serie historikoetako beroena izan da, bai eta lehorrena ere Euskadiko lekurik gehienetan

2022-10-27
  • Tenperatura-anomalia ere historikoa izan da, 4 ºC-tik gorakoa
  • Datuak daudenetik izan den urririk lehorrena izan da, salbuespen batzuekin (bereziki, isurialde mediterranioan)

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urria, oraindik amaitu ez bada ere, serie historikoetako beroena izan da, eta Euskadiko batez besteko tenperatura batez besteko normala baino 4 ºC altuagoa izan da. Horren ondorioz, orain arte urteko edozein hilabetetan izandako anomaliarik altuena izan da.  Bestalde, jasotako euri-kopurua kontuan hartuta, serie historikoetako urririk lehorrena ere izan da Euskadiko leku gehienetan.

Euskalmeten datuen arabera, urriko batez besteko tenperaturak 20 ºC-tik gorakoak izan dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, esate baterako, 16 ºC ingurukoak. Balio horiek 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoak baino nabarmen izan dira altuagoak. Horrela bada, urririk beroena izan da, eta aurreko efemeridea, 2006koa, ere gainditu du.

Hiriburuei dagokienez, Bilbon eta Donostian, tenperatura-anomalia 4 ºC-ra hurbilduko da, eta Gasteizen, berriz, nabarmen gaindituko da. Orain arteko anomaliarik altuenak 1989ko abendukoak eta 1990eko otsailekoak ziren (3,8 ºC-ko anomalia), eta, ondoren, 2011ko apirilekoa (3,7 ºC-ko anomalia) eta 2003ko abuztukoa (3,6 ºC-ko anomalia).

Bereziki bero egin duen egun bat izan ez bada ere, urriko egun gehienetan izan dira tenperatura altuak, hilaren hasieran izandako egun hotz batzuk salbu. Azpimarratzekoa da 30 ºC-tik gorako tenperatura maximoak izan dituzten egunen kopurua (Zalla 32,1 °C; Espejo 31 °C), bai eta hilaren amaieran itsasertzeko tenperatura maximoak 30 ºC inguruan ibili izana ere (Oleta 30,4 °C).

Era berean, deigarria da izan ditugun gau tropikalen, hau da, 20 ºC-tik gorako tenperatura minimoak izan dituzten gauen, kopurua ere, eta hilaren 17tik aurrera izan dira. Nabarmendu behar dira, esate baterako, 18ko eta 27ko goizaldetan neurtutako balioak (Oiartzun 25,8 °C; Santa Clara 25,5 °C; Mutriku 24,3 °C), eta adierazi behar da gau horietan Euskadiko leku askotan urriko tenperatura minimo altuenen errekorrak hautsi zirela.

Prezipitazioari dagokionez, urria hilabete oso lehorra edo erabat lehorra izan da 1981-2010 aldi normalarekin alderatuta. Batez ere isurialde mediterranioko puntu jakin batzuk salbuetsita, urria serie historikoetako lehorrena izan da, eta batez besteko prezipitazioa 10 l/m²-koa izan da Euskadi osoari dagokionez. Euri-egunak oso gutxi izan dira: bakarra Bilbon, 4 Donostian eta 3 Gasteizen. Prezipitazio-baliorik altuena 30 l/m² inguruan geratu da (Aizarnazabal 31,2 l/m²), eta baxuena 2 l/m²-an (Zalla 2 l/m²).

Muturreko egoera meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak urrian, orain arte, 15 abisu hori aktibatu ditu, horietatik 11 basoko sute-arriskuagatik, 3 haizeagatik eta bat galernagatik. Horrez gainera, 4 alerta laranja ere aktibatu ditu basoko sute-arriskuagatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak