Eman odola!
Berriak Hezkuntza
qrcode

Eskola jazarpenaren bilakaera Euskadin; 2021-2022 ikasturtea

2022-10-28
  • Joan zen 2021-2022 ikasturtean 157 jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin; Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako 1.098 kasuen %14,2

Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak 2021-2022 ikasturtean eskola-jazarpen kasuek Euskadin izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez Bilbon, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz. Zeregin horretan, Xabier Balerdi Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusia izan du lagun.

Igoera aztertutako kasuetan

2021-2022 ikasturtean, eskola-jazarpen gisa identifikatutako 157 kasu egon dira Euskadiko ikastetxeetan; hau da, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 1.098 kasuen % 14,2. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera nabarmena izan dela ikus daiteke (966 tik 1.098ra egin du). Ondorioz, jazarpen gisa identifikatutako kasuetan ere gorakada ikusten da (129tik 157ra).

Dena den, ehunekoetan, jazarpen gisa identifikatutako kasuen portzentajea azken urteetan egonkortu egin dela ikus daiteke: aztertutako kasuen %12 eta %14 inguruan.

Horrela bada, nabarmentzekoa da azken hamarkada pasatxo honetan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamabi aldiz biderkatu dela (2009-2010 ikasturtean aztertutako 89 kasu izatetik, joan den ikasturtean aztertutako 1.098ra); hala ere, ez da bilakaera bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 32 kasutatik 157ra, epe berean.

Sentsibilizazio handiagoa

Datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia, hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullying-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa da, jazarpen kasuen gorakada baino gehiago. Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da. Halaber, datu hauek azaltzen dituzten arrazoien artean nabarmentzekoa da Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen jarrera aktiboagoa, bai eta jazarpena atzemateko tresnak hobetu izana ere.

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 157 kasu horietatik 98 etapa honi dagozkio (12-18 urte), kasu guztien %62,4.

Azpimarratzekoa da, bestalde, identifikatutako kasu guztien artean 51 kasutan (%32,4) jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberbullying kasuak esaten zaie hauei.

Dena den, sarrien gertatzen diren jazarpen motei begira jarriz gero, hitzezko erasoak aurki daitezke konfirmatutako kasuen %82,1ean. Horren atzetik gizarte bazterkeria eta marjinazioa dator, kasuen %54,7an presente dagoena; eta ondoren berriz, larderia, xantaia eta mehatxua, kasuen %35,6an.

Bizikasi ekimena

Azken ikasturteko datuak aurkeztearekin batera, Torrealdayk Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, duela bost urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullying-ari aurre egitea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin formazioa, orientazioa eta erremintak ematen dizkie ikastetxeei.

Horretarako, urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Ekimen honen baitan, elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan. Atal honen baitan, ziber-bizikidetza positiboak ere badu lekua.

Prestakuntza

2022-2023 ikasturte honetan ere, Hezkuntza Sailak hezkuntza-komunitate osoari prestakuntza eskaintzen jarraitzen du. Ikastaro honetan, hileroko mintegietan jorratuko diren gaien artean daude entzute aktiboa, jokabide suizida edo curriculum sozioemozionala, besteak beste. Halaber, ongizate emozionala lantzeko saioak ere badaude aurreikusita, irakasleei zein ikasleei zuzenduak, edo ikastaro trinkoek jokabide suizidaren prebentzioa, esku-hartzea eta posbentzioa jorratuko dute. Horiei guztiei sexu-abusuei buruzko beste prestakuntza bat gehituko zaie, EHUrekin eta Save the Children GKEarekin antolatua.

Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak nabarmendu du prestakuntza-saio hauek oso parte hartze eta onarpen handia izaten ari direla irakasleen aldetik.

Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu. Webgune bizia da, etengabe elikatzen dena, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Balerdi, ikuskari nagusia