Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Beatriz Artolazabal: “Kontua ez da soilik desgaitasunaz nola hitz egin zehaztea, baita eta batez ere, desgaitasuna duten pertsonei ahotsa ematea ere”

2022-10-27
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Desgaitasunaren berri ematea: komunikaziotik eraikitzeko erronkak jardunaldian parte hartu du; jardunaldia EDEKAk antolatu du
  • Sailburuak esan duenez, “pertsona oro ulertu behar gaituzte garenagatik: pertsonak. Onarpenetik eta aniztasunetik, enpatiatik eta erabateko errespetutik”.

 

Donostia, 27/10/2022

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Donostian, Desgaitasunaren berri ematea: Komunikaziotik eraikitzeko erronkak jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du. Jardunaldia EDEKAk antolatu du, Desgaitasuna duten pertsonen ordezkarien euskal koordinakundeak.

Topaketan, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak eta Aitor Bedialauneta EDEKAko presidenteak hitz egin dute. Lucía Soria FEVAS Plena Inclusión Euskadiko kideak eta Sebasten Goikoetxea FEVASPACEkoak, era berean, Nola hitz egin desgaitasuna duten pertsonen inguruan. Komunikaziotik eraikitzeko gomendioen gida laburra eskuliburua aurkeztu dute. Dokumentu hori, Artolazabalek berak azaldu duenez, funtsezko “ibilbide-orria” da “hedabideetatik ere, nahi eta merezi dugun gizarte inklusiboa, berdinzalea eta kohesionatua eraikitzen laguntzeko”.

Sailburuak honako ideia hau nabarmendu du: “gero eta gizarte berdinzaleagoa lortzea herritar guztiok, hirugarren sektore sozialak, sektore pribatuak eta, zalantzarik gabe, erakunde publikook elkarlanean egin beharreko etengabeko lana da”. Testuinguru horretan, hizkuntzaren ahalmenaz eta hitzak egoki hautatzeaz hitz egin du, “esanahiz beterik baitaude”. Batzuk ala besteak erabiltzeak, azaldu duenez, “pentsamendua baldintzatzen du. Eta, beraz, diskurtso publikoa eta imajinario kolektiboa sortzea, zabaltzea eta finkatzea baldintzatzen du. Eta horrek, aldi berean, mundua ulertzeko dugun moduan eragiten du. Horregatik jarri behar da arreta funtsezko gaien inguruan, hala nola gaur hizpide dugunaren inguruan, kontakizuna prestatzeko edo, hala badagokio, berriro prestatzeko prozesuan”. Horren inguruan sailburuak honako hau azpimarratu du: “kontua ez da soilik desgaitasunaz nola hitz egin zehaztea, baita eta batez ere, desgaitasuna duten pertsonei ahotsa ematea ere”, eta "pertsona oro ulertu behar gaituzte garenagatik: pertsonak. Onarpenetik eta aniztasunetik, enpatiatik eta erabateko errespetutik”.

Topaketan, mahai-inguru bat izan da: Nola hitz egin gaur egun desgaitasunaz eta erronkak komunikaziotik. Hartan, Begoña Beristain kazetaria eta BB Podcastingeko sortzailea, Ander Cornejo EKA/ACUVeko prensa-arduraduna, Amaia Goikoetxea Euskal Kazetarien Elkarteko dekanoa eta Amaia Iraola Berriako kazetaria izan dira.

Artolazabalek esan duenez, desgaitasunaren kasuan “askotan, aldez aurretik gauzez edo pertsonez ditugun ideiak, aurreiritziak, estereotipoak edo topikoak edo betikotu ohi ditugun sinesmenak ez elikatzeko hausnarketa bat egin beharra dago”, eta desgaitasunaren inguruan hausnarketa hori beharrezkoa den bezala, baztertzeko beste modu batzuetan ere egin beharra dago, hala nola adinkeriaren inguruan. Hura identifikatzea eta hari aurre egitea da, zehazki, 2022an partaidetzako eta gobernantza partekatuko Nagusi Agenda programaren helburua; programak, horretarako ere, hedabideen parte-hartzea izan du. Izan ere, “elkarrekin eginiko eta adostutako diagnostiko baten bidez baino ez gara gai izango errealitate horiei erantzun eraginkorra emateko behar diren ekintzak diseinatu eta abiarazteko”, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, amaitzeko.

Artolazabalek, bide batez, zorionak eman dizkio EDEKAri, haren hogeigarren urteurrenagatik, eta eskerrak eman dizkie koordinakunde horretan parte hartzen duten EAEko erakunde, federazio eta konfederazioei, “desgaitasuna duten pertsonen eskubideak defendatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta normalizazio soziala, autonomia, erabateko inklusioa eta berdintasunezko parte-hartzea sustatzeko egiten duen lan nekaezinagatik eta ordainezinagatik”, bai eta “haien etengabeko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lanagatik" eta "beti prest eta eskuragarri egon eta elkarlanean etengabe eta kritikoki jarduteagatik”.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @condesitadeirun
    2022-10-28

    Comentario de Twitter:
    Beatriz Artolazabal: “No se trata solo de determinar cómo hablar de la #discapacidad , sino, sobre ... https://t.co/U6H5eEa3ii

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitor Bedialauneta (EDEKAko presidentea); Maite Peña (, Gizarte Politiketako departamentuko diputatua . Gipuzkoako Foru Aldundia)