Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2022/10/28)

2022-10-28

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, aurrekontuei buruz.

Lehendakariak baieztatu du joan den asteartean onartutako proiektuaren aurrekontuak direla “euskal herritarrek behar dituztenak, egungo egoera sozioekonomikoa kontutan hartuta”. “Aurrekontuen proiektua da erantzunik onena egoera horri aurre egiteko eta aurrea hartzeko. Horregatik prestatu, adostu eta onartu dugu proiektu hori. Halaber, prest agertu gara, jasoko ditugun ekarpenekin, aurrekontu proiektua osatzeko eta hobetzeko”, adierazi du. 

Horrela, Lehendakariak onartutako proiektuaren egokitasuna bermatzen duten bost arrazoi aipatu ditu: aurrekontu sozialak dira, ziklikoaren aurkako aurrekontuak dira, berrikuntza etorkizuneko apustu gisa indartu dugu, genero-berdintasuna politika publiko guztietara zabaldu da eta industria-lehiakortasuna, lehen sektorea, trantsizio energetikoa, enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak laguntzearen aldeko apustua egin dugu. “Aurrekontuaren proiektua orekatua eta arduratsua da”, gaineratu du.

Aurrekontuen proiektua talde parlamentarioekin akordioak lortzeko lan-oinarri bat dela adierazi du Urkullu eta arduraz negoziatzeko prest agertu da.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioari buruz.

Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, “eskola publikoaren funtsa” bermatuta dago, “ganbera honetan sinatu dugun akordioak bermatuta, legeak hala jasoko du, sindikatuekin lortutako akordioek, proposatzen ari garen aurrekontuek eta hartu ditugun 43 konpromisoek bermatuta”.

Hala, gogorarazi du Hezkuntza saila hiru hilean behin agertzen dela Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordean, 43 konpromiso horien betearazpen-mailaren berri emateko. Lehendakariaren arabera, Jaurlaritzak berariazko konpromisoa hartu du eskola publikoa indartzeko eta segregazioari aurre egiteko.

Urratsak ematen jarraituko dugu, hori bai, horretarako prest dagoenarekin, amaitu du”, amaitu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, herritarren segurtasun-gabeziari buruz.

Lehendakariak nabarmendu du Euskadiko delinkuentzia-tasak Europako herrialde askoren azpitik daudela delitu mota garrantzitsuenetan: pertsonen bizitzaren eta osotasun fisikoaren aurkakoak; ondarearen aurkakoak indarkeria; sexu-askatasunaren aurkakoak; eta osasun publikoaren aurkakoak.

Urkulluk baieztapen hori datu objektibo eta publikoei helduta egin du, baina azpimarratu du hori ez dela gogobetetzearen edo autokonplazentziaren seinale, baizik eta errealitatearen analisi objektibo baten adierazgarri, ez demagogikoa, ezta apokaliptikoa ere. “Segurtasuna ez da bermatzen demagogiekin eta alarmismoekin. Euskadiko segurtasuna lau zutabetan oinarritzen da: hurbiltasuna; prebentzioa; berrikuntza; eta erantzun integrala”, adierazi du. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)