Eusko Jaurlaritzak eta Bastidako Udalak Bastidan 1936an fusilatutako biktimak gogoratu dituzte

2022-11-06
  • 12 pertsona, guztiak errioxarrak, II. Errepublikarekin politikoki konprometituak, judizioz kanpo hil zituzten eta hobi batean lurperatu, Bastidan, 1936ko azaroan. Haien familiek 1980an atera zituzten gorpuzkiak hobitik, eta San Vicente de la Sonsierra hilerrian lurperatu zituzten

  • Bi erakundeek, Eusko Legebiltzarrak hobia duintzeko emandako agindua betez, totem bat jarri dute biktimen izenekin, haien oroimenez

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Laura Pérez Bastidako alkateak ‘Bastidan fusilatutakoen oroimenez -1936’ ekitaldian parte hartu dute, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta herriko Udalak elkarrekin antolatuta. Haiekin batera izan dira José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta udalbatzako kideak. Gaurko ekitaldian gogoratzen diren biktimak errioxarrak izanik, bertan izan da baita ere, Errioxako Gobernuaren ordezkaria Pablo Rubio, Gizarte Zerbitzuetako eta Gobernantza Publikoko kontseilaria.
Ekitaldi honek 12 pertsona gogorarazten ditu, guztiak errioxarrak, II. Errepublikarekin politikoki konprometituak, judizioz kanpo erail eta Bastidako errepide ondoko hobi batean lurperatuak izan zirenak, 1936ko azaroan. Behin diktadura franquista amaituta, 1980an, senideek haien gorpuzkiak berreskuratu zituzten eta San Vicente de la Sonsierra hilerriko panteoi batean lurperatu zituzten. Gizarte zibilak berak eta biktimen senideek bultzatuta, Trantsizioan zehar egindako ‘desobiratze goiztiarrak’ deitutakoen adibide bat da. Izan ere, etxekoen gorpuzkiak berreskuratu nahi zituzten 40 urteko diktaduraren ondoren.
Beatriz Artolazabal sailburuak gogorarazi du beharrezkoa dela eraildako 12 pertsona horien memoria ohoratzea, diktadura frankistak ezabatu nahi izan zuen memoria da; hildako batzuk erregimenak ohoratzen eta goresten zituen bitartean, Bastidako 12en gorpuak areka batean zeuden, hobi batean lurperatuta, eta haien memoria lurperatu nahi izan zuten betiko. Gainera, diktaduraren eta faxismoaren zentzugabekeria, bidegabekeria, izugarrikeria eta basakeria sinbolizatzen ditu.
Sailburuaren hitzetan, Bastidako hobia duintzeko ekitaldia askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren defentsaren sinboloa da. “Ezin diegu bizitza itzuli, bai, ordea, beren duintasuna itzuli, egia aldarrikatu eta oroimen-eskubide eta -betebeharrarekin eta inoiz gehiago ez! esanez, beraiei zor diegu. Belaunaldi berriei zor diegu”.
Familien, gizarte zibilaren eta elkarteen lanari esker (zehazki Errioxan, La Barranca elkarteak egindakoa), 1980ko ekainean gorpuzkiak berreskuratzeaz gain, haien oroitzapena bizirik mantentzea ahalbidetu zuten. Horiek guztiak aipatu ditu Artolazabal sailburuak: Blanca Ramirez, biktimetako baten alaba eta 1980ko desobiratzearen bultzatzaile nagusia; La Barrancako kideak, ikerketa-lanengatik eta argitalpenengatik; eta Paco Lekuona, hilobiaren kokapena seinaleztatzen saiatzeagatik eta 44 urtez lurperatuta egon ziren lekua ahaztu ez dadin egindako lanagatik.
Gaur egun, memoria historikoari eta demokratikoari buruzko legeek eta memoriaren politika publikoek memoriarako eskubidea eta, aldi berean, betebeharra gauzatzeko aukera ematen dute. Horrela, Artolazabalek esan duenez, “familiaren memoria herri honen memoria kolektibo eta instituzionalaren parte izatera igaro da: hobia duinduz, haren duintasuna eta guztion duintasuna itzultzen jarraitzen dugu”.
Beatriz Artolazabalek gogoan izan ditu, halaber, emakume guztiak, gerrako alargunak, familia ugariak aurrera atera behar izan zituztenak, ia baliabiderik gabe eta seinalatuak izateak suposatzen duen zigor bikoitzarekin, mota guztietako irainak jasanda. “Emakume horiek gure errekonozimendua eta esker ona merezi dute, haien ahaleginik gabe gaur ere ez ginateke hemen egongo; merezi dute gure memoria kolektiboan ere leku nabarmena izatea”.
Gaurko ekitaldian Euskadiko eta Errioxako sentsibilitate politiko desberdinetako ordezkariak bildu dira, besteak beste: Miren Gallastegi, PSE-EEko legebiltzarkidea; Henar Moreno, Izquierda Unidako Errioxako diputatu autonomikoa; Ainhoa Campo, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria; Arabako Batzar Nagusietako Ezker Anitzako eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak; EAJ-PNV, EHBildu eta Alderdi Popularreko Bastidako udalbatzako kideak eta biktimen jatorriko herrietako udal ordezkariak.

Ekitaldiaren garapena
Ekitaldia Bastidako Udalean hasi da, bideo baten emanaldiarekin. Bideo horretan, biktimen gorpuzkiak berreskuratzeko sustatzaile eta senide batzuek gertatutakoa kontatzen dute, baita 1980an egindako desobiratzeak beraientzat eta haien familientzat zer eragin zuen ere.
Laura Pérez alkateak ongietorria eman die bertaratutakoei, eta pertsona horiek biktima gisa aitortzearen eta haien memoria berreskuratzearen garrantziaz mintzatu da, gertatutakoak bezalakoak berriro gerta ez daitezen. Honako hauek ere hartu dute hitza: Jesús Ángel Cámara, Errioxan Memoria Historikoa zaintzeko La Barranca elkarteko kidea, erakunde antolatzaileekin elkarlanean aritu dena biktimen senideekin harremanetan jartzeko; eta Nicolás Sojo Gómez, 1936an fusilatutako Nicolás Martínez de Sojoren biloba.
Beatriz Artolazabal sailburuak, bere hitzaldiaren ondoren, Duintasuna eskulturaren erreplika bana eman die 12 biktimen senideei; eskultura hau Elgoibarko eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioetarako Iñigo Arregi eskultoreak diseinatutakoa da. Handik, hobia zegoen lekura joan dira, Bastidatik Rivas del Teresoraino doan errepidearen bazter batera.
Hobia duintzea
Alejandro Bayonak eta Jose Luis Antonek, Martin Ramirez Apilanez eta Braulio Antonen bilobak, hurrenez hurren, 12 biktimen izenak jasotzen dituen plaka erakutsi dute, duela 86 urte, 1936ko azaroaren 6an, lurperatu zituzten hobitik gertu. Plakak QR kode bat du, hobi horri buruzko informazioa eskuratzea errazten duena: hilketen inguruabarrak, gorpuzkiak berreskuratzeko prozesua eta ondorengo lurperatzea.
Ohorezko aurreskuaren ostean, agintariek, erakundeetako ordezkariek, senideek eta inguruko herritarrek loreak jarri dituzte biktimen omenez.
Eusko Legebiltzarrak egindako agindua betez egin da ekitaldia: hobia Memoria Historikoaren leku gisa, biktimak oroitzeko eta aitortzeko, eta memoria demokratiko kolektiboari ekarpena egiteko egin zuena.
Biktimak
• Nicolás Martínez de Sojo Bastida. 55 urte, Angucianako bizilaguna. Ezkondua, 4 seme-alabaren aita. Nekazaria, Izquierda Republicanako alkate izandakoa.
• Félix Urrecho Ruiz. 26 urte, ezkongabea, Haroko bizilaguna. Espartingilea lanbidez, afiliatua eta CNTko kide aktiboa.
• Leopoldo González Izarra. 42 urte, Haroko bizilaguna, ezkondua eta 3 alabaren aita. Industrialaria eta merkataria, Izquierda Republicanako presidentea zen.
• Ismenio Moneo Tordomar. 58 urte, Herviasekoa, Haroko bizilaguna, ezkondua eta 3 seme-alabaren aita. Maisua zen, haurren eskola graduatuko zuzendaria, Izquierda Republicanan afiliatuta zegoen.
• Francisco Sanjuan Melchán. 58 urte, Haroko bizilaguna, ezkondua, 2 seme-alabaren aita, txatartegia ofizioz.
• Braulio Antón García. 49 urte, Rodeznoko bizilaguna, bi aldiz ezkondua, bi semeren aita zen. Postaria zen lanbidez, Izquierda Republicanan afiliatuta zegoen eta alderdi horretako zinegotzia izan zen.
• Vicente Rojas Carboneras. 46 urte, San Asensioko bizilaguna, alarguna eta 5 seme-alabaren aita. Nekazaria eta musikaria zen, bere herriko musika bandan jotzen zuen eta CNTn afiliatuta zegoen.
• Felices del Campo Ábalos. 29 urte, San Asensioko bizilaguna, ezkongabea, nekazaria eta Gazteria Sozialistetako afiliatua.
• Juan Martínez Ábalos – Juanito –. 33 urte, San Vicente de la Sonsierrako bizilaguna, ezkondua eta alaba baten aita. Udaleko langilea eta Izquierda Republicanako idazkaria zen
• Martín Ramírez Apilánez. 28 urte, San Vicente de la Sonsierrakoa, ezkondua eta hiru seme-alabaren aita. Nekazaria zen eta CNTn afiliatuta zegoen.
• Ceferino Sagredo Hermosilla. 29 urte, Trevianako bizilaguna, ezkongabea eta nekazaria.
• Cipriano Sagredo Hermosilla. 32 urte, Trevianako bizilaguna, ezkondua eta hiru seme-alabaren aita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak