
Eusko Jaurlaritzak Basoko Suteetarako Plan Bereziaren Larrialdi Fasearen “0” egoera aktibatu du Enkarterri eskualderako
Eusko Jaurlaritzak Basoko Suteetarako Plan Bereziaren Larrialdi Fasearen “0” egoera aktibatu du Enkarterri eskualderako. Neurria hartu da eskualdean piztu diren suen ondorioz, eta udal edo foru mailako erantzunaren bidez kontrolatutako udal-esparruko larrialdietara bideratutako hasierako fasea da.
Fase honetan jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiten dira, eta, hala badagokio, udalen eta foru aldundien planen zuzendaritzei bermatzen zaie dagokien laguntza emango zaiela.
Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak alerta laranja duela aktibatuta gaurko 00:06etatik 15:00etara basoko sute-arriskuagatik isurialde kantauriarrerako eta abisu horia haizeagatik.
Egoera horren ondorioz, basoko sute-arriskuaren indizeak oso altuak dira, bereziki su hartzeko arriskuari eta sua itzaltzeko zailtasunari dagokienez.
Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du surik ez egitea landa-inguruneetan eta hiri-periferiako eremuetan, ez eta sua sor dezakeen jarduerarik ere.