Berriak
Eu

Idoia Mendia: «Errioxak Euskadirekin zituen zubiak dinamitatu ditu»

2011.eko azaroak 15

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Osakidetzak gertutasun geografikoagatik euskal osasun zerbitzua erabiltzen duten beste erkidegotako 15.000 pertsonak artatzen jarraituko duela aurreratu du

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Arabako Errioxan ospitale bat eraikitzeko aukera baztertu du. «Balizko erabiltzaile kopurua kontuan izanik ez luke zentzua izango Arabako Errioxan ospitale bat eraikitzeak. Egin behar dena ditugun baliabideak zentzuz erabiltzea da», nabarmendu du. Eusko Jaurlaritza hitz egin eta akordioetara heltzeko prest dagoela gogoratu du Mendiak, eta, nabarmendu duenez, Pedro Sanz Errioxako presidentearen jarrera azaltzen duen «arrazoi bakarra» politikoa da, «Euskadiren aurkako jarrerak onuragarriak baitzaizkio». Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak orain artean osasun laguntza Osakidetzan jasotzen duten errioxarrek aurrerantzean ere jasoko dutela nabarmendu nahi izan du; izan ere, «errioxarrek ez dute duten presidentea izatearen errua».

Jesús María Fernández Osasuneko sailburuordea euskal herritarren alde egin duen Osasun Ministerioarekin bildu zen atzokoan. Osasun Ministerioak orain arteko osasun laguntza ematen jarrai dezan eskatu dio Errioxako Gobernuari, baita bi erkidegoen arteko akordio bat lortzeko lan egin dezan ere. 
«Ez dago oztoporik jartzerik»

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan aztertu du Idoia Mendiak osasun arloan EAEren eta Errioxaren artean sortutako gatazka. Agerraldia Gasteizen egin da, Lehendakaritzaren egoitzan, eta, Mendiak nabarmendu duenez, «Errioxak Euskadirekin zituen zubiak dinamitatu ditu» bertako presidenteak egindako adierazpenekin.

Ildo horretan, Mendiak gogoratu duenez, osasun zerbitzua guztiontzat berdina izatea lortu nahi bada, «ez dago oztoporik jartzerik». Hori bai, Idoia Mendia ez dago harrituta Pedro Sanz Errioxako Gobernuko buruak euskal herritarrek osasun zerbitzuak gehiegi erabiltzen zituztela esanez egindako adierazpenekin. Izan ere, adierazpenok «hauteskunde onurak lortzeko» egindakoak direla uste du. Ez hori bakarrik, aurretik ere Sanzek kontzertu ekonomikoarekin lotuta antzeko adierazpenak egin izan dituela gogoratu du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Sanzek «bide beretik ez jarraitzea» espero du.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.11.15)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-11-15n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)