Norbera Programak arrisku- edo babesgabezia-egoeran dauden 2.532 neraberi lagundu die, abian daramatzan 25 urteotan
- Urteurrena ospatzeko jardunaldian, Beatriz Artolazabalek Izan fundazioak egiten duen lana nabarmendu du: “elkarrizketa jasankorretik abiatuta lan egiten du, eta denborak eta prozesuak errespetatzen ditu; konpromisoz eta erantzukizunez dihardu, pertsona bakoitzaren autonomiarekiko eta gaitasunekiko afektuaz, enpatiaz eta konfiantzaz”
- Sailburuak nabarmendu du haren Sailak “konpromiso irmoa” duela “umeen, nerabeen edo haien familien segurtasuna, integritatea eta eskubideak arriskuan jartzen dituen edozein egoera identifikatzen eta hartan esku hartzen lagunduko diguten estrategia, ekintza edo programen” garapenarekin
Hernani, 2022/10/21
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Hernanin, Norbera programaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du. Programa Izan fundazioak sustatzen du. Nerabea izatearen abentura izenburupean, topaketan, era berean, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru-diputatua izan dira.
1997ko urtarrilean ofizialki abiarazi zenetik, Norbera programak arrisku- eta/edo babesgabezia-egoeran dauden 13 eta 17 urte bitarteko 2.532 neraberi lagundu die. Aldi berean, 3.192 senitartekok baliatu dute programa, eta, haietatik, % 40k azken 5 urteotan.
Artolazabalek nabarmendu duenez, haren Sailak “konpromiso irmoa” du “umeen, nerabeen edo haien familien segurtasuna, integritatea eta eskubideak arriskuan jartzen dituen edozein egoera identifikatzen eta hartan esku hartzen lagunduko diguten estrategia, ekintza edo programen” garapenarekin. Eta, bestalde, esparru horretan, honako hauek aipatu ditu: haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako EAEko Estrategia; eskolaz kanpoko hezkuntza-indargarrirako Aukerak Suspertzen programa; nerabeei eta haien inguruneko helduei zuzendutako doako arreta profesionalerako Zeuk Esan telefono-zerbitzua (116 111), eta sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta emateko Barnahus ereduaren proiektu pilotuaren abiaraztea.
Sailburuak zorionak eta eskerrak eman dizkio Izan fundazioko taldeari, “elkarrizketa jasankorrean oinarrituta lan egiten duelako, eta denborak eta prozesuak errespetatzen dituelako; konpromisoz eta erantzukizunez diharduelako, pertsona bakoitzaren autonomiarekiko eta gaitasunekiko afektuaz, enpatiaz eta konfiantzaz”. “Horrek, bizitzako zenbait une erabakigarritan, zailtasunei aurre egiteko modua aurkitzen ez duten hainbat familia eta neraberentzako funtsezko laguntza bilakatzeaz gainera, bidaide oso baliotsu ere egiten zaituzte arazo horiei erantzun eraginkorra emateko erantzukizuna dugun erakundeotzat”.
Norbera programak, besteak beste, honako arazo hauei erantzuteko misioa du: eskola-absentismoa edo eskola-esparrura egokitzeko zailtasunak; drogen kontsumoa; familia-gatazken egoerak; portaera bortitzak eta/edo delituzkoak, eta arazo psikologikoak eta/edo psikiatrikoak. Artolazabalek esan duenez, “egoera horiek errebeldiatik, autonomiarako nahitik, norberaren identitatearen bilaketatik edo nerabezaroan esperimentatzeko ohiko gogoetatik harago doaz”, eta “mina, beldurra, ezintasuna eta desorientazio-sentsazioa” eragiten dituzte aita-amen artean.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradun nagusiak honako dei hau egin du: “lan koordinaturako eta elkarlanerako deia, pertsonen ongizatea bermatzeko haien bizitzako lehen egunetatik azken egunetara, bizitzako etapa guztietan”, bai eta “arrisku-faktoreak identifikatu eta haietan esku hartzeko ere, hala nola pobrezia, babesgabezia, diskriminazio-egoerak, integratzeko zailtasunak, eredu negatiboen eraginpean egotea edo arau eta mugarik ez izatea”.
Topaketa profesionala
Ospakizun-jardunaldian psikologia, pedagogia eta medikuntza arloetako profesionalak, irakasleak, familia-terapeutak, gizarte-laneko profesionalak eta boluntarioak batuko dira, eta arratsaldera arte iraungo du. Programan zenbait hitzaldi jasotzen dira, eta, haietan, honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: garunaren garapena nerabezaroan, eskola-motibazioaren hobekuntza nerabezaroan eta nerabeekin esku hartzeko gakoak.